Lezok hondakinen %70a baino gehiago biltzen du gaika

Al, 2019-03-04 14:44
  • 2015. urtetik aurrera, Mankomunitatetik emandako datuetan aldaketa eman zen. Lehen, herri erdiguneko datuak soilik hartzen ziren kontutan eta orain aldiz, hondakin industrialak ere batu zaizkio datu horiei
  • Hondakin bilketaren sistema aldaketarekin datuek ez dute behera egin, baina horiek hobetzeko laguntza eskatzen da Udaletik beste behin

Gauzak horrela, gaikako bilketak behera egingo luke nabarmen orain arte emandako datuetan. 2014. urtean, atez atekoa egonik, gaikako bilketaren datuetan herri erdigunea bakarrik hartzen zen kontutan, eta horrek eragiten zuen gaikako bilketa %84.4koa izatea. Aldiz, 2015 eta 2016 urteetan, atez atekoa egonik ere, hondakin industrialak kontuan hartuta edo datuetara atxikiturik, nabarmen egin zuten behera datuek, izan ere, gaikako bilketa datuak %72.1 eta %74.1-koak dira, hurrenez hurren. 2017an, 5. edukiontzia izanik, bataz beste %71.1 bildu zen gaika.

Azken urtean, 2018an, bataz beste %71.7 bildu da selektiboki herri erdigunea eta hondakin industrialak kontutan izanik, beraz, datuen jaitsiera egon da azken bi urteetan, baina ez da hainbestekoa izan (nahiz eta 2017tik 2018ra gorakada txiki bat eman den). Alkatearen esanetan, “ez da egia atez atekoarekin gaika askoz ere hondakin gehiago biltzen zirenik. Datuak antzekoak dira”.

 

2017an ezarri zen edukiontzien bitartez zaborrak gaika biltzeko sistema Lezon, horrela, herritarrei birziklatze lanak errazagoak eta erosoagoak egiteko helburuarekin. Izan ere, bilketa sistema berriak lezoar guztiei ahalbidetzen die zaborrak asteko edozein egunetan dagokion edukiontzian botatzea, norberarentzat aproposen den orduan.

Horretarako, edukiontzi grisa eta marroia egunero irekitzea ahalbidetzen duten txartelak banatu zituen Udalak. Era horretan, bi edukiontzi horien kontrola egin daiteke bertan utzitako zaborren jarraipena egiteko eta edukiontzi marroiko zabor organikoa gainerako zaborrekin kontaminatzen ez dela ziurtatzeko.

Esfortzu gehiagorekin lortu dezakegu gaikako bilketa datuak hobera egitea eta Lezo garbi eta ingurumenarekiko konprometitu bat lortzea. Ulertu beharra dago aldaketak beti prozesu bat behar duela. Jendea egokitu, ohitu, eta denbora bat behar da horretarako. Hala ere, Udaletik herritarren elkarlana eskatu du bilketa datuak hobetzea lortzeko.

Gobernu taldeak beste behin gogorarazi du sistema honen arrakastak, beste edozein sistemarenak bezala, hein handi batean herritarren borondatean eta elkarlanean duela oinarria. “Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, gaikako bilketarako baliatzen dugun sistema edozein dela ere, birziklapena guztiok kezkatzen gaituen gaia da eta guztion ardura da etxean sortzen ditugun zaborrak modu egokian bereiztea eta bilketa sistemari erabilera aproposa ematea datuak hobetzea lortzeko”, adierazi dute. Halaber, informazio eta sentsibilizazio kanpainak egiten jarraituko dugu herritarrei birziklapen lanetan laguntzeko eta lezoarrak kontzientziatzeko zaborrak murrizteak, berrerabiltzeak eta birziklatzeak duen garrantziaz, izan ere, horrela gure ingurunea babestu eta zainduko dugu”, amaitu dute.

Arloa edo saila