Martxan da Lezoko auzo konpostaren jarraipen kanpaina berria

Og, 2020-03-05 13:08

Iazko arazoei irtenbidea eman eta konspostagailuen erabilera egokia bermatzeko jarraipen bisitak areagotuko dira.

Era berean Udalak eskerrak ematen dizkie erabiltzaileei 2019an egindako lanagatik eta lezoar oro animatzen du auzo-konposta egitera.

Gaur egun Lezon bost auzo-konposta gune daude: Arretxenekoa, Lopenekoa, Aralarkoa, Andreonekoa eta Altamirakoa eta guztiek dute helburu bera: hondakin organikoak herrian bertan eta modu jasangarrian kudeatzea.

Ildo horretan, konposta gune horien erabilera eta martxa ona bermatze aldera, jarraipen bisitak egiten dira, auzo-konpostaren inguruko zalantzak argitu eta iradokizunak aurkezteko.

Joan den otsailaren 27an 2020ko lehen jarraipen bilera egin zen eta horrekin batera, hasiera eman zitzaion urteko jarraipen kanpainari. Lehen saioan, jada, aurtengo helburu zein erronka nagusiari heldu zitzaion: Lezoko konpostajeari guztion artean bultzada ematea.

Izan ere, 2019an etxebizitza erabiltzaileen kopurua jaitsi egin da, (70tik 67ra), baina, datuei erreferentzia eginez gero, lortutako markak benetan aipagarriak dira: orokorrean, herritar bakoitzak eguneko 0,25 kilo hondakin organiko sortzen dituela kontuan hartuta,  2019an auzokonposta bidez Lezon 16.881 kilo inguru kudeatu direla esan dezakegu. Horregatik, Udalak erabiltzaile oro zoriontzen du egindako lanagatik.

Jarraipen bisita gehiago konposta guneen martxa ona bermatzeko

2020ko jarraipen bisitei begira, konpostagailuen erabilera ona bermatzea edota identifikatutako arazoei irtenbidea ematea da helburua. 2019an martxan zeuden konpostagailuen %55a egoera onean ala oso onean,  %44a nahikoan eta soilik %1a egoera ezegokian zeudela ondorioztatu zen eta horien artean arazo errepikatuenak tenperaturarekin edo hezetasun mailarekin zer ikusia izan zuten (tenperatura baxuegia edota hezetasun maila altuegia).

Gauzak horrela, arazo horiei irtenbidea emateko eta konpostagailuen erabilera hobetzeko, aurten, bi jarraipen bisita gehiago egingo dira  Bisita horiek hileko azken ostegunean burutuko dira, abuztukoa eta abendukoa izan ezik; edozein kasutan, egutegian ala ordutegian edozein aldaketa aldez aurretik jakinaraziko da.

Bisitak, orain arte bezala goizeko 9etan hasiko dira eta ondorengo ordena jarraituko da: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene. Jarraipen saioek 45 minutu inguru iraungo dute eta erabiltzaileentzat ez ezik, herritar ororentzat irekiak izango dira.

Informazio gehigarria jaso edota zalantzak argitzeko, hauek dira komunikazio bide zuzenak: auzokonpostalezo@gmail.com eta WhatsApp zenbakia 647 057 402.

Arloa edo saila