Zelaiak eta larreak protagonistak, Eskolako Agenda 2030 Udal Foroan

Og, 2022-06-30 23:26

Lezoko garapen jasangarrirako erakutsitako konpromisuagatik, udalak ikasleak zoriondu ditu.

Lezoko Institutua, Oarsoaldea eskualdeko beste hainbat ikastetxerekin batera, Eskolako Agenda 21etik Eskolako Agenda 2030era pausoak ematen ibili da ikasturtean zehar. Eskolako Agenda 2030en bidez 2015 urtean mundu mailan onartu ziren Garapen Jasangarrirako Helburuak beraienak egin eta ikastetxeen egoerara moldatu dituzte, hezkuntzaren arlotik ere garapen iraunkorraren alde egin dezaketela uste dutelako. Izan ere, Lezo Institutuak 14 urte daramatza ikastetxe mailan garapen iraunkorraren aldeko hezkuntza-programa honetan murgilduta.

Horrela, ikasturte honetarako ondorengo gaia aukeratu zuten: ZELAIAK ETA LARREAK.

Zelai eta larreen, eta baita bestelako ingurumen-arloei jarraipen bat emateko asmoz, Lezo Institutuan hainbat ekintzak garatu dituzte:

  • Irakasleek ikasturte honetako gaiari buruzko prestakuntza jaso dute.
  • Sentsibilizazio-ekintzak antolatu dituzte.
  • Gipuzkoa osoko beste ikastetxe askorekin batera, "Loratu herria" ekimenean parte hartzeko urratsak eman dituzte, datorren ikasturtean modu egokian garatzeko.
  • Aurtengo gaiari lotutako argazki lehiaketa bat egin dute.
  • Ikastetxe barruko eta inguruko eremuetara irteera ezberdinak antolatu dituzte aurtengo gaiari eta ingurumenari lotutako egoera nolakoa den aztertzeko (herri-ibilbidea, Zurriolako hondartzara, Laboratorium museora, Eureka Zientzia Museora…). Zenbait ondorio ere atera dituzte eskaerak prestatzeko.

ONDORIOAK

IKASTETXEKO EGOERA

  • Ikastetxeko eremu guztiak erabiltzen dituzte, baina batzuk oso gutxitan (adibidez futboleko kantxa).
  • Institutuan porlanezko lurra da nagusi, eremu naturala edo berdegunea % 25a baino gutxiago izanik.
  • Ikastetxean belardi gehiago beharko lituzkete, bertan etzan eta eguzkia hartzeko.
  • Zuhaitz gehiago ere beharko lituzkete itzalaz gain, txoriak bertaratzeko.
  • Jabetu dira eremu ezberdinak aztertu dituztenean hondakinak zeudela lurrean, batez ere plastikoak eta paperak. Gainera, beraiek sortutako hondakinak zirela jabetu dira.

HERRIKO EGOERA

  • Herrian ekoitzitako nekazal produktuak ez dituzte ezagutzen.
  • Lehen sektoreak gure paisaia mantentzeko eta zaintzeko ezinbestekoak direla uste dute.
  • Lezoko zenbait zelai (Altamiran, Pisben, Algeposan, Plazeta goialdean…) eta larre (Bordaberrin, Darietaberrin, Jaizkibelen, Iturritxokon, Lintzaran…) ezagutzen dituzte.
  • 1954ko eta 2020ko ortofotoak alderatuz, Lezon aldaketa sakonak eman direla eta etxe asko eraiki direla ikusi dute.
  • Aldaketa horietako batzuk positiboak iruditzen zaizkie: biztanle gehiago gara, hazkunde ekonomikoa eman da, etxe gehiago daude.
  • Beste batzuk negatiboak: natura-eremuak murriztu dira, errepide gehiago eraiki dira, kutsadura areagotu da, zuhaitza eta animalia gutxiago daude…
  • Jaizkibel mendiko 1997ko eta 2020ko ortofotoak alderatuz orain zuhaitz gehiago daudela iruditu zaie, baina etxe edo eremu okupatu gehiago ere.
  • Herriko landa paisaiak natura baliabideak, aisirako guneak, aire garbia eta oxigenoa eta klima-aldaketara egokitzeko baliabideak eskaintze dizkietela ikusi dute.

KONPROMISOAK

Hauek dira ikastetxeak bere gain hartu dituzten konpromisoak:

  1. Eskola eremuan zein kalean hondakinak lurrera bota ordez, dagokion edukiontzian botako dituzte.
  2. Institutu zein inguruko belardietan jarduera gehiago antolatuko dituzte: natur zientziak, artea, etab.
  3. Ikastetxe inguruan zein herrian dauden parke eta belardien erabilera bultzatuko dute bertako landaredia eta fauna ezagutzera emateko.
  4. Bakoitzaren etxeko lorategi edo lur-eremuan zatitxo bat, gutxienez, moztu gabe utziko dute intsektuentzako babesguneak sortuz.
  5. Datorren ikasturtean "Loratu herria" proiektua garatuko dute Ingurugelako lagunekin batera.
  6. Landa-eremuan edo mendian daudenean ingurunea errespetatu eta zainduko dute: ez dituzte landare eta loreak hartuko, ez zuhaitzen adarrak puskatuko; animaliak ez dituzte garrasiekin edo musikarekin izutuko, etab.
  7. Ikastetxe eta inguruko berdegunean garbiketak egingo dituzte.
  8. Aurreko ikasturtean landatutako zuhaitzen jarraipena egingo dute urtero.
  9. Apurka-apurka, ikastetxe-eremuko landare eta zuhaitzak identifikatzeko karteltxoak jarriko dituzte.

ESKAERAK

Ikasturtean zehar egindako lanketaren ostean, hona hemen Udalari zuzendutako eskaerak:

  1. Herrian belardi gehiago jartzea eta hauen mozketa jarraia mugatzea, intsektu-irla gehiago sortuz.
  2. Herriko parke eta belardietako zaintzarako lorezain gehiago kontratatzea.
  3. Zuhaitzak dauden parkeetan mahaiak eta hamakak jartzea, bertan atsedena hartzeko eta lasai egoteko.
  4. Txakurren jabeek maskotaren kaka jasotzeko neurriak ezartzea, herriko parke, berdegune eta kaleetan hauek zapaldu gabe lasai ibili ahal izateko.
  5. Herriko parke eta berdeguneetako hondakinak maizago jasotzea eta bertan hondakinik ez botatzeko neurriak hartzea.
  6. Kalean plastikoak eta bestelako hondakinak botatzen dituztenari isuna jartzea.
  7. Hiri-eremuan, bertako zuhaitz eta landare espezie gehiago landatzea.

Datorren ikasturtean ENERGIA landuko dute, Garapen Jasangarrirako 7. Helburuarekin harremana duena.

 

Arloa edo saila