Film bat, dokumental bat eta dantza, kultur eskaintzaren barruan.
Aste Santua amaituta, kirol eta kulturaz gozatzeko eskaintza ederra izango du Lezok asteburuan. “Eskubaloiaren asteari” hasiera emango zaio eta “Easo Koparen” partida batzuk ere herrian jokatuko dira. Gainera, Gezala Auditoriumean hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu udalak.
Hala, apirilaren 23an, larunbatean, “Igelen Erresuma” filma ikusteko aukera izango dute txikienek, 16:30ean.
Igelen Erregeak Igelolinpiar Jokoen garailea bere alabarekin ezkonduko dela iragarri ostean, Printzesak ihes egitea erabakiko du. Plebeioz jantzita, ihesaldian Mecha saltzaile ibiltaria ezagutuko du, eta haren laguntzaz Olinpiar Jokoak prestatzen hasiko da. Bere asmoa Jokoak irabazi eta aitaren plana zapuztea da. Bien bitartean suge gaiztoa, Begibakar Kapitainaren laguntzarekin, Igelolinpiar Jokoak bertan behera uzteko eta erresuma bereganatzeko plana abian jarriko du. Mecha eta Printzesa suge gaiztoaren asmoa ezagutu eta erresuma babesten ahaleginduko dira.
Larunbatean ere, 19:00etan “Urak aske” dokumentala proiektatuko da.
Urtegi batetik bi milioi metro kubiko ur hustea, desagertzeko zorian dagoen animalia txiki bat babesteko. Hori izan da Enobietako urtegia kentzeko lan egin dutenen ahalegina. Eta ametsa beteta, muturluze piriniotarrari babesleku seguru bat eman diote. Artikutzan gertatu da istorio harrigarri hori, duela mende bat Donostiak Nafarroan erositako finkan. Gaur egun, Kantauri kostaldeko baso natural onenetako bat han dago.
Normandian, aldi berean, Vezins-eko presa handia kendu dute. Hura kentzeko arrazoia izokinari Sélune ibaia zabaltzea izan da. Ibaietan utzitako hormatzarrek biodibertsitateari hesia jartzen diote eta haien eraisketek etorkizunean planeta bizigarriago bat imajinatzeko aukera ematen dute. Vezinsekoa eta Enobietakoa bezalako keinu txikien —edo handien— araberakoa izango da etorkizun hori.
Asteburuari amaiera emateko, apirilaren 24ean, igandean, dantzaz gozatzeko aukera bikaina “Hamaika” antzezlanarekin. 20:00etan izango da.
"Hamaika, infinitua zer den, mila aldiz zer gertatzen den definitzeko erabiltzen da."
Begiak itxita dituzten lau dantzari. Nondik doazen ikusi ezinik, gida batzuekin bakarrik lagundu daitezke, soka estu tenteak, paisaia definitzen dutenak, espazioa diseinatzen dutenak, baso moduko bat bezala, espazioaren muturretik muturrera, eta bazter guztiak bakarrik gurutzatzen dituztenak dantzariei eusteko, hauek igotzen eta jaisten diren ibilbideak marraztuz doazelarik.
Kontzertu fisikoa itsu-itsuan egiten du Hamaikak.
Informazio osagarria eta sarreren salmenta, agendako atalean.