Hauek bisitatzeko modurik onena ezagutzen duzu? Sarrera-bono bat dago guztiak ikusteko
Eskualdeko museoek museo-bono bat diseinatu dute prezio erdian guztiak bisitatu ahal izateko.
Errenteriako, Oiartzungo eta Pasaiako museoetara sartzeko aukera ematen dizu Oarsoaldeko museoen bonoak. Prezioa, non eskuratu, museo parte-hartzaileak… jakin beharreko guztia kontatzen dizugu jarraian.
Zure herriko eta inguruko museoak ezagutu nahi dituzu? Horretarako modurik onena Oarsoaldeko museoen bonoa eskuratzea da. 12.50€-ren truke, bono honek eskualdeko 8 museoetara sartzeko aukera ematen dizu, urtebeteko epean. Era honetan, ekipamendu hauek erdi prezioan bisitatu ditzakezu.
Oarsoaldea eskualdean gai desberdinetako 8 museo daude: itsaso-kultura, natura, antzinako jantziak, geologia, herri musika, etab. Gure kulturari eta nortasunari balioa emateko lanean dihardute guztiek. Ezinbestekoa da hauek bisitatzea gure historia hobeto ezagutu eta gure txikiei ikasitakoak erakusteko.
Oarsoaldeko museoak beraien dinamismoagatik bereizten dira, eta antolatzen dituzten tailer, erakusketa eta esperientzien eskaintza maiz aldatzen joaten direnez, edozein unetan kontsumitu daitekeen aisialdi aukera paregabea da.
Oarsoaldean bezala, oso leku gutxitan aurki daiteke museo-eskaintza hain zabala. Izan ere, oso kilometro gutxiren barruan, euskal kulturara hurbildu, hau interpretatu eta honekin ikasteko aukera ematen diguten mota anitzeko museoak daude: itsaso-ondarea, herri-musika, janzkera edo eta naturaren inguruan, besteak beste.
Museo parte-hartzaileak:
-Arditurriko Meatze Gunea(Oiartzun): Interpretazio Zentroa eta oinarrizko bisita erromatar garaitik ustiatuak izan diren meategi entzutetsuetan.
-Luberri, Euskal Herriko Geologia Museoa (Oiartzun): Oiartzun bailarako, Oarsoaldeko eta Aiako Harria Parke Naturaleko harri, mineral eta fosilen erakusketa.
-Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa (Oiartzun): Euskal Herriko eta mundu osoko herri musikan erabiltzen diren 400 musika tresnen erakusketa, eta dokumentazio Zentroa.
-San Marko Gotorlekua (Errenteria): Bonoarekin, behatoki paregabe batean kokatzen den XIX. Mendeko gotorleku hau bisitatu daiteke, behe solairua eta lubanarroa barne.
-Jantziaren Zentroa (Errenteria): Euskal Herriko garai desberdinetako 300 jantzi original baino gehiagorekin, euskal jantzien bilduma handiena da.
-Victor Hugo Etxea (Pasai Donibane): Idazle honek ostatu hartu zuen etxean bertan, bere idatzi eta marrazkien bidez, XIX. Mendeko Pasaiaren testigantza.
-Mater ontzi-museoa (Pasai San Pedro): Arrantza tradizionalaren eta itsasoaren kontserbazioaren inguruko ur-gaineko museoa.
-Albaola, Itsas Kultur Faktoria (Pasai San Pedro): Euskal itsaso-ondarearen zentroa. Zuzenean ikusi daitezke XVI. mendeko San Juan baleontziaren eraikuntza-lanak
Prezioa
Museoen bonoa era honetan soilik saltzen da: urte beteko epean erabili daiteke, transferigarria da, eta 12,50€ko prezioa du.
Non eskuratu daiteke?
Oarsoaldeko museoen bonoa Errenteriako eta Pasaiako Turismo Bulegoetan, eta museo parte-hartzaileetan eskura daiteke.