Trapu Zaharra ibilbide luzeko antzerki taldea da, aretoko antzerkia egiten badute ere, kale antzerkiagatik bereziki ezagunak direla esan dezakegu. Santi Ugalde taldeko kidearekin solasean aritu gara antzezlanaren eta bizi dugun testuinguru bereziaren bueltan.
“Turistreatzen” kale antzerki pieza izanik, osasun krisiak bereziki eragingo zion…
“Turistreatzen” antzezlana joan den urtean estreinatu genuen eta covid 19ak eragindako egoera berrira egokitu behar izan dugu. Azken urteotan turismoak izan duen masifikazioa izan genuen abiapuntu antzezlana idazteko, baina antzezlanaren helburua ikusleei barrea eragitea da, ondo pasatzea. Antzezlana Lierni Fresnedo lezoarrak eta Jon Sagarzazuk taularatuko dute bihar Lezon, zuen herrikidea lan bikaina egiten ari da.
Aurtengo uda beste urteen aldean oso desberdina izaten ari al da?
Bai, halabeharrez. Osasun krisiak asko eragin digu. Kale antzerkia izanik, udalak izaten dira gehienetan gure bezeroak eta udaletik udalera desberdin kudeatu da krisia. Batzuk hasieratik izan dute argi ikuskizunak alde batera utzi eta baliabide horiek beste gai batzuetara bideratu nahi zituztela, beste batzuk, ordea, Lezoko Udalak egin duen bezala, udako kultur programazio bat osatu eta horrekin kultura arloa sustatzearen aldeko hautua egin dute.
Alde interesatua izanik, asko eskertzen dugu zenbait erakundek kulturaren alde egiten duten apustua, baina bakoitzaren interesetatik harago, uste dut beharrezkoa dela udan aisia aukerak ematea eta aukera horien artean, noski, kulturak bere tartea izatea.
Covid 19aren krisik negatiboki eragin badigu ere, bere alde ona ere izan du, udalek inoiz baino gehiago zaintzen dituzte gure ikuskizunak. Kaleko ikuskizunak, osasun eta segurtasun neurriak direla eta, egoera berrira moldatzeak, publikoarekin beste harreman mota bat sortu du, gure ikuskizunetan asko interaktuatzen dugu publikoarekin eta momentu honetan hori ezinezkoa da, gainera ikusleak batzuek besteetatik segurtasun distantziak gordeta eserita daude, musukoa jarrita, egoera erabat berria. Baina konturatu gara bere alde ona ere baduela, ikuskizuna taularatu dugun herri guztietan inoiz baino zainduagoa izan delako ikuskizunaren prestakuntza, osasun eta segurtasun neurriak oso ongi bete dira eta erosotasuna eta irisgarritasuna ere hobetu dira. Aurrera begira irakasgai bat atera beharra daukagu hortik.
Bihar, ostirala, 23:00etan herri Eskolako patioan, Trapu Zaharra antzerki taldeak taularatuko duen “Turistreatzen” ikuskizunerako sarrerak nahi badituzue udal webgunean edota Kultura arloko bulegoetan dituzue eskura.