2026ko egutegiko argazkien lehiaketa Dori Ruizek irabazi du, 1968 urteko Lezoko desfileko argazkia aurkeztu zuen eta horixe izango da egutegiaren azala. Abenduaren 19tik aurrera egongo da eskuragarri egutegia udaletxeko HAZ bulegoan eta Kulturan.
Urtero moduan, Lezoko Udalak 2026 urteko egutegia herritarren oroitzapenekin osatzeko argazki-lehiaketa egin zuen. Azaroan zehar dozenaka argazki jaso ditu antolakuntzak, gaur jakinarazi dute irabazlea. Dori Ruiz lezoarrak irabazi du lehiaketa, hortaz, berak aurkeztutako argazkia izango da egutegiaren azala eta, gainera, 200 €-ko saria jaso du.
Aurtengo gaia “Lezoko jaiak irudietan: 1979ra arteko oroitzapenak” zen, Mikel Arruti Lezoko alkateak adierazi duenez “beste batzuetan baina itxiagoa izan da, baina atzera begira jarri eta herriak betidanik izan duen jai-giroa eta Lezon euskal kultura beti oinarri izan dela adierazi nahi genuen”, pozik adierazi du 50 argazki inguru jaso dituztela eta gaia kontuan hartuta kopuru esanguratsua dela.
Egutegian Ruizen argazkiaz gain, beste 12 argazki agertuko dira, bakoitzak hilabete bat ilustratuz. Guztiak ikusgai egongo dira Udalaren webgunean abenduaren 15etik aurrera. Lezoko jaiak urte eta une ezberdinetan jasoko ditu egutegiak, argazki zaharrak dira denak, eta Lezoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten herritar guztiei, “argazki zaharren artean bilatu eta oroitzapen horiek lezoar guztiei eskaintzea oso keinu polita da”, adierazi du Aitzol Saizar Kultur Zinegotziak.
Egutegia bi formatu ezberdinetan argitaratuko eta banatuko da, 1.500 aleko pareta-egutegia eta 400 aleko mahai-egutegia. Herritarrek abenduaren 19tik aurrera eskuratu ahal izango dituzte udal bulegoetan, astelehenetik ostiralera 8:30tik 13:30era bitarte.