Kilometro Lezo 2025 iristear da

Or, 2025-08-01 15:35

Kilometro Lezo jaialdiaren 2025eko edizioa aurkeztu dute Jon Legorburu Lezoko Udaleko Kultura zinegotziak eta Ainhoa Salaberria Kultur teknikariak. Abuztuaren 22an hasi eta irailaren 21ean bukatuko da aurtengo jaialdia eta 6 ikuskizunek osatzen dute egitaraua.

Seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta aurreko urteko dinamikari jarraituta, Kilometro Lezo jaialdi ibiltaria izango da aurten ere. Lau gunetan izango dira antolatutako sei ikuskizunak, herrian zehar dauden guneetan egin diete lekua arte eszenikoei.

Aurreko urtean hasitako lanketa da jaialdi ibiltariarena, Legorburuk azaldu duen moduan, “auzo eta espazio gehiagotara zabaltzeko helburua genuen eta herriak ondo erantzun zuen, emanaldi guztietan jende asko izan zen. Espazio berrietara zabaltzeak publiko berria erakartzen du eta hori da Lezoko Udalaren apustua, kultura herritar guztiengana zabaltzea eta gerturatzea”. Hori dela eta, aurten lau agertoki izango ditu Kilometro Lezok: Lezo Herri Eskolako patioa, Gurutze Santuaren plaza, Lopene plaza eta Goiko plaza.

Egitarau oparoa

Kilometro Lezo jaialdiaren beste ezaugarri nabarmena disziplina ugari jasotzen dituen egitaraua da. Salaberriak egitarauari buruz xehetasunak eman ditu, “antzerkia, dantza eta zirkoa izango dugu sei emanalditan, maila handiko artista eta ikuskizunekin gozatuko dugu. Egitarau erakargarria eta oparoa izango da, euskaraz eta edozein adineko pertsonek gozatzekoa”.

Jaialdia abuztuaren 22an hasiko da Markeliñeren Artilusio antzezlanarekin, 20:00etan Gurutze Santuaren plazan. 23an, berriz, Lezo Herri Eskolan D’click taldearen Latas zirku ikuskizunaz gozatuko dugu 20:00etan. Abuztuaren 29an ATX Teatro konpainiaren eskutik Marmarra antzerki-lana jasoko du Lopene plazak, arratsaldeko 20:00etan hasita. Hurrengo egunean, 30ean, 22:00etan lezoarren txanda izango da, Orratx! Antzerki taldeak Bidaia galduak antzerkia eskainiko du Lezo Herri Eskolako patioan. Igandean, abuztuaren 31n, Komorebi Produkzioak taldearen Argilunak dantza-ikuskizuna jasoko du Goiko Plazak iluntzeko 22:00etan. Azkenik, irailaren 21ean 20:30etatik aurrera, Santakrutzak amaitzeko baina Kilometro Lezoren egitarauaren barruan, La Cerda konpainiaren El baile de la zurda dantza ikuskizuna izango da Goiko Plazan.

Open Kale

Seigarren edizio honetan ere Kilometro Lezo Open Kale Euskadiko Arteen Jaialdien Sarearen parte izango da. Euskadiko Kale Arteen Jaialdiak biltzen dituen aterki-marka da, eta, 15 jaialdik osatzen dute.

Lezok duen programazio kulturalaren helburuekin bat egiten duen marka da Salaberriaren hitzetan, “Lezon kultura kalean izaten dugu, agerian, jendearengandik gertu. Kale-arteen maila handia da Euskal Herrian eta Lezoko kaleetan ikusgai jarri nahi dugu”. Hori dela eta, Kilometro Lezo Open Kale markaren parte izaten jarraitzea nahi du Lezoko Udalak, euskal kultura, ikuskizun tradizional edo abangoardista eta artea egiteko modu ezberdinekin duen konpromisoa berretsiz.

Amaitzeko, Legorburuk deialdia egin die herritarrei ikuskizunez goza dezaten, talde eta emanaldi berriak ezagutu eta kulturaz kalean gozatzeko aukera dela aldarrikatuz: “herritarrei eta beste herritatik etorriko diren pertsona guztiei kalitatezko kultur eskaintza egin nahi diegu aurtengo edizioarekin ere. Beraz, jaialdian parte hartzera eta kulturaz gozatzera gonbidatzen ditugu denak”.

Arloa edo saila
Eranskinak