Urtero bezala, ekintza egitarau anitz eta oparoa antolatu da datozen hilabeteetarako eta ohikoa den bezala, haurrek protagonismo berezia izango dute.
Berrikuntza gisa, aurten, estatu mailako artisten emanaldiak txertatu dira lehen aldiz egitarauan: Katalunia, Madrid, Valentzia, Errioxa…
Egitaraua ostiralean banatuko da etxeetan eta horrez gain, hainbat kartel jarriko dira herriko puntu esanguratsuetan: eskolak, komertzioak, kultura aretoa, Musika Eskola eta liburutegia.
Udalak kulturaren alde egiten duen apustu sendoaren baitan kokatu behar dugu Udazken Kulturala. Laugarren urtez, Musika Eskolak, Kultur sailak eta Udal Liburutegiak antolatutako ekitaldi eta jarduera guztiak biltzen ditu egitarauak, kultur programazioari indarra eta entitate berezia emateko helburuarekin. Horiek horrela, aurten, egitaraua osatzeko bideratutako aurrekontua bikoiztu egin da, 45.000€tatik 90.000€tara. Gauzak horrela, benetan egitarau anitz eta oparoa osatu dute guztiek elkarlanean eta datozen hilabeteak kultur ekintzez josiak egongo dira Lezon.
Egitarauaren berri emateko gaur eskainitako prentsaurrekoan, udal ordezkariek kultur agendak jasotzen dituen ekintza eta ekitaldiak azaldu dituzte eta horrez gain, esker berezia eman diote Ager Arrietari kultur agendaren antolakuntzan izandako dedikazioagatik.
Agenda kulturaleko egitarauak haur gazte zein helduei zuzenduriko emanaldiak jasotzen ditu baina, ohikoa den bezala, haurrek protagonismo berezia dute, ekintza eta emanaldi ugari antolatu baitira etxeko txikienentzat. Edonola ere, herritar guztien gozamenerako egitarau zabal bezain anitza antolatu da eta aurten, gainera, berrikuntza gisa, estatu mailako artista ezberdinek emanaldiak ere txertatu dira lehen aldiz, udazken kulturaleko programazioa indartze aldera. Horrela, Katalunia, Madril, Valentzia edota Errioxako artisten ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute lezoarrek.
Horiez gain, noski, ipuin kontaketa saioak, antzerkiak, dantza saioak, kontzertuak, literatur solasaldiak, Kantujirak, eta Musika Eskolako ikasleen kontzertuak eskainiko dira, besteak beste.
Udazkenean Lezon badago zer egin!
Irailetik hasi eta abendura bitartean, beraz, kultur ekintza andana izango dira aukeran Lezon. Guztira, 50 jarduera baino gehiago antolatu dira eta esan bezala, etxeko txikienek protagonismo berezia dute egitarauan eta aurreko urteetan bezala, haurrei zuzendutako jardueren kopurua esanguratsua izango da. Helburua da haurren ohituretan kultur jarduera ikuskizunak txertatzea eta herriko haurrei kultur aukera berriak eskaintzea, txiki-txikitatik kulturaz gozatzen eta kultura kontsumitzen has daitezen.
Horiek horrela, aurten ere, haur emanaldietan haurren parte hartzea areagotu eta bermatu nahi da. Hortaz, sarrera ordaindu beharko da. Edozein kasutan, sarrera horien prezioa sinbolikoa izango da: 2 euro eta iaz bezala, bonoak ere sortu dira: 6 euroren truke 6 sarrera eskuratu ahal izango dira. Horiek, astelehenetik ostiralera Kultur Aretoan lortu ahal izango dira, 9:00etatik 13:00ak bitartean.
Haur jarduerak:
Haurrentzako jardueren artean urriaren 2tik azaroaren 27ra bitartean, asteazkenero, arratsaldeko 18:15ean ipuin kontaketa saioak eskainiko dira 4-7 urte bitarteko haurrentzat.
Era berean, haur zinemak eta haur jarduerek ere protagonismo handia izango dute. Zinemanen kasuan, 5 film emango dira: “Leo Da Vinci” irailaren 22an, “Asterix, edabe magikoaren sekretua” urriaren 12an, “Horman erlojua duen etxea” azaroaren 9an, “Oin handiren semea” abenduaren 7an eta “Maya erlea, ezti jokoak” abenduaren 28an. , eta “Olentzero eta Amilaren sekretua” abenduaren 20an.
Horrez gain, beste hainbat haur jarduera eskainiko dira, hain zuzen, guztira, 6: “Zutuberrak”, “Xokolat”, “Loops”, “Hai la pescadora de sueños”, “Hubo” eta “Etxe txikiena”. Azken hiru horiek, gainera, lan sarituak dira jaialdi ezberdinetan.
Eta hori gutxi balitz, zinema familiarreko 5 emanaldi ere egongo dira aukeran: “Margolaria” irailaren 22an, “Basque Selfie” urriaren 12an, “Gazako zerria” azaroaren 9an, “Soinujolearen semea” abenduaren 7an eta, Ingurumen sailarekin elkarlanean, “Nazioarteko itsaspeko zinema” emanaldiak, urriaren 18an eta 25ean haurrentzat eta 19an eta 26an helduentzat.
Beste hainbat jarduera publiko guztientzat:
Haurrei zein familiei zuzenduriko ekitaldiez gain, dantza, antzerkia, literatur solasaldiak, kontzertuak edota kantujirak izango dira Lezon datozen hilabeteotan.
Dantza emanaldiei dagokienean, Santakrutz jaien baitan, hilaren 15ean, Kukai eta Brodas Brros talde katalanak “Topa” deituriko ekitaldia eskainiko dute eta Manduixa talde valentziarrak “Mülier” izenekoa. Azken kasu honetan, bai taldeak zein obrak sari ugari jaso ditu, gainera. Horrez gain, ondorengo dantza emanaldiez gozatu ahal izango dute udazken honetan lezoarrek: “Las peladas” irailaren 21ean, “Txarriboda” irailaren 29an eta “Lur” urriaren 6an.
Antzezlanak ere ugariak izango dira aurtengo agenda kulturalean. Izan ere, Lezoko Udala Eusko Jaurlaritzaren “kale antzerkia programa”ra atxiki da eta horrela, 15.000€ gehiago lortu ditu kaleko antzerki eta dantza saioak sustatzeko. Guztira 5 antzerki emanaldi egongo dira: “La lista de mis deseos” urriaren 20an, Llum Barrera antzezle ospetsuaren eskutik, “Quitamiedos” azaroaren 17an, “Bernarda Albaren alabak”, azaroaren 23an eta 24an, Lezoko Orratx taldeak eskainia, “Ele! Lorca-Lauaxeta” abenduaren 1ean eta “Dracula” abenduaren 15ean.
Bestalde, literatur solasaldiak 3 izango dira: Xabier Etxaniz Rojoren “Waterloo-n galdutakoak” urriaren 30ean, D.E.Stevensonen “El libro de la señorita Buncle” azaroaren 19an eta Antonio Tabucchiren “Pereirak dioenez” abenduaren 11n.
Gainera, egitarauan txertatu ez den arren, 6. OrriBakaR literatur lehiaketa ere egingo da.
Musika ere nagusi agenda kulturalean
Musika jarduerei dagokienez, azaroaren 10ean Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du. Eta, Musika Eskolatik antolatutako jarduerei dagokienez, alde batetik, Kantujirak irailaren 21ean, urriaren 19an, azaroaren 16an eta abenduaren 21ean egingo dira. Bestetik, hainbat kontzertu eta emanaldi eskainiko dira, horien artean: Santa Zezilia kontzertua azaroaren 16an eta kalejira 17an; akordeoi audizioa azaroaren 22an; euskararen eguna ospatuko da abenduaren 3an; eta Gabonetako ekitaldiei dagokienean, kontzertuak izango dira abenduaren 14an (banda eta talde korala) 20an (soka taldeak) eta 23an (Sutargi eta Aiton Borda abesbatza) eta audizioak 18an (talde guztiekin) eta 19an (tresna guztiekin). Azkenik, abenduaren 24an, ohiko Gabonetako kalejira egingo da eta urte amaierako kopla zaharrak kantatuko dira abenduaren 31n.