Kultura bultzatu eta kultur eragileen lana babesteko apustu eta konpromisoa berretsiz, Lezoko Udalak jarraipena eman die udazkeneko kultur agendako ekitaldi guztiei eta horrez gain, musika eta dantza emanaldiak uztartzen dituen ziklo gehigarri eta oparoa antolatu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Ziklo gehigarri honek Hezur Beltzak edo Liher musika taldeen kontzertuak eta Amaia Elizaranen dantza emanaldia jasotzen ditu, besteak beste.
Kultura Lezoko nortasunaren ikur nagusietako bat da gaur egun, Lezoko Udalak apustu irmoa egin baitu beti kulturaren alde. Covid-19ak baina, gogor kolpatu du aipatu sektorea, horregatik, kulturgintzarentzat garai gogor hauetan, Udalak bere apustua berretsi eta, kultura eta kultur eragileen lana oro har babestu eta bultzatzen jarraitze aldera, Lezon kultura bizi-bizirik mantentzeko konpromisoa hartu du.
Apustu eta konpromiso horri jarraiki, udazkenerako kultur agenda osatu eta bertan jasotako ekitaldi eta emanaldi guztiak ari da aurrera eramaten, hori bai, segurtasun eta osasun protokolo zorrotz baten baitan. Ekitaldi horiek gainera, harrera ezin hobea jasotzen ari dira herritarren aldetik eta arrakasta handia izaten ari dira, guztietan aforoa bete edo ia bete arte. Orain arte egindakoen artean daude, adibidez, La Celestina edo Fadoak antzezlanak, Olatz Salvadorren kontzertua edota Burbuja haur antzerkia. Etorkizunean eskainiko diren ekitaldien artean, halaber, Juana la loca antzezlana asteburu honetan, hilak 22, Oilar bat dago haur antzerkia edota White Trans edo Mutu dantza emanaldiak.
Eta kultur agendaren osagarri gisa, udazken negu honetan, kultur sektoreari bultzada txiki bat gehiago emateko asmoz, “Zuzeneko arteen zirkuitu berezi” zikloa antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Ziklo horren baitan, musika eta dantza emanaldiak jasotzen dira, eta horiek otsaila bitartean ospatuko dira, lanegunetan -Lezoko kasuan, ostegunetan-, ohiko kultur agendako gainerako ekitaldiak ez ordezteko.
Ziklo honetako artistak lotzeko, halaber, Lezoko Udala herriko gazteekin jarri zen harremanetan, haien iritzi eta proposamenak entzun eta kontuan hartzeko. Horrela, ekimen honen baitan jasoak daude, esate baterako, Hezur Beltzak, Rafa Rueda edo Liher-en kontzertuak eta La Sala eta Amaia Elizaranen dantza emanaldiak.
Eta hori guztia gutxi balitz, berriki Zea Mays taldearen kontzertuaz ere gozatu ahal izan dute lezoarrek eta datorren azaroaren 28an, Anari musikari ospetsua ere izango da Gezalan, azaroaren 25aren harira antolatutako programaren baitan.
Guzti horrekin, beraz, Lezon kulturak bizi-bizirik jarraitzen duela esan genezake eta Udaletik horrela jarraitzeko ahalegin eta esfortzu guztiak egiten jarraituko dute, sektorea babestu, bultzatu eta kulturak Lezoko nortasunaren ikur izaten jarrai dezan.
Juana la loca igandean, 19:30ean Gezalan:
Aurrez aipatu bezala, igande honetan, Juana la loca antzezlana eskainiko da Gezalan eta sarrerak aurrez hartu beharko dira udal webgunearen bitartez (8€). Antzerki obra honek 200 emanaldi baino gehiagoko ibilbidea du jada eta 2015eko Arte Eszenikoen Max Sarietan 3 izendapen jaso zituen (Ikuskizun Onena, Aktore Onena Gema Matarranz eta Antzerki Egile Onena Jesús Carazo).
Juana, emakume, ama eta erregina bezala bere patuaren preso da. Gutiziarik gabeko emakume baten patu tristea, arbuiatu zutenen artean biziraun zuena, poliki-poliki hiltzen utziz.