Urtarrila-ekaina bitarteko kultur egitaraua aurkeztu da.
Urte berriarekin, kultur agenda berria aurkeztu du Lezoko Udalak. Jon Legorburu Kultura zinegotziak, egitaraua eskuan zuela, ondorengoa azaldu du: “egitarau interesgarria antolatu da eta denetarik izango dugu herrian neguan eta udaberrian: musika, antzerkia, zinema, hitzaldiak, kultur solasaldiak… Ekitaldi gehienak Gezalan izango dira, beste batzuk liburutegian, kalean edota Musika Eskolan. Lehendabizikoa ostiralean izango da, izan ere, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bisita izango dugu berriro Lezon, berri pozgarria benetan”.
Aurkezpenean Xanti Val Kultur teknikaria ere egon da: “guztira 48 ekitaldi antolatu ditugu urtarriletik ekainera bitartean, gehienak euskaraz. Herritarrek ekitaldi hauekin gozatzea espero dugu”.
Ekitaldien artean asko azpimarratu daitezke:
-Arte eszenikoen barruan sei antzerki emanaldi antolatu dira helduentzat (horietako bi Orratx herriko antzerki taldearenak).
-Goi mailako bi dantza emanaldi.
-Jaizkibel mendi lasterketaren inguruan hitzaldi bat: Oihana Cortazar kirolaria gonbidatua izanik.
-5 literatur solasaldi Udal liburutegian.
Eta musikari dagokionez, aurten Lesoinu hiru txandatan garatuko da: otsailean, martxoan eta maiatzean izango dira era askotariko emanaldiak.
Egitarau honen antolaketan Tomas Garbizu Musika Eskolak, Udal Liburutegiak eta Kultura sailak parte hartu dute. Horrez gain, Udalak eskerrak eman nahi dizkie agenda hau osatzen lagundu duten Lezoko Zinema Ttikiari, Orratxa! Antzerki Taldeari eta Lezo Jaizkibel Mendi Lasterketa Taldeari.
Egitaraua etxez etxe banatuko da urtarrilaren 4tik aurrera, eta Lezoko Udaleko webgunean eta APP-an eskuragarri dago. Sarrerak udaleko webgunean erosteko aukera izango dute herritarrek HEMEN.