2025eko inauterietako egitaraua aurkeztu dute gaur goizean. Aurten, Piztu Lezo taldea izango da Trapujale taldearen oroigarria jasoko duena.
Ostegunean hasiko dira Inauteriak Lezon eta Lezoko Udalak egitarauaren aurkezpena egin du goizean. Jon Legorburu Kultura zinegotzia, Xanti Val Kultura Teknikaria eta Piztu Lezoko Yuma Biurrarena eta Lide Anuariz kideak egon dira aurkezpenean.
Ostegunzurin Inauteriei hasiera emango zaie Lezoko Herri Eskolan, Trapujale txikiari harrera eta ongi etorria eginez. Ondoren, 19:30ean, Trapujarelen jaitsiera egingo da, Martizkone baserritik abiatuta. Trapujale herriko kaleetan zehar ibiliko da, Tomas Garbizu Musika Eskolako taldeen eta Alde Zaharreko Joaldunen laguntzarekin, plazara iritsi arte. Bertan, Trapujaleren lagunak omenduko dituzte; Legorburuk azaldu duenez, aurten, oroigarri berezia Piztu Lezok jasoko du.
Jon Legorburuk aurkeztu du lehenik eta behin inauterien egitaraua. “37 urte bete ditu Trapujaleren inauteriak, otsailaren 27an hasi eta martxoaren 4ean amaituko dira. Guztira 21 ekitaldi antolatu ditu Jai Batzordeak eta aurten, lehenengoz, herri-mailako gaia aukeratu dute larunbatgorrin herria girotzeko: zirkua”.
Valek azaldu duenez “oso berezia da Lezoko Inauteria, oso pertsonaia berezia da Trapujale eta berezia da ospatzeko modua; egun bakoitzak duen kolorearekin herriko balkoiak eta kaleak jazten dira, kolore horiekin mozorrotzen da Udaletxea. Aurten, gainera, herriko eragileek gai komun bat aukeratu dute eta ekitaldi guztietarako bera izango da, lezoarren artean antolatu eta Lezon eragin handia duen egunean bat egitea ere berezia da”.
Piztu Lezoko ordezkariek azaldu dute “duela urtebete sortu zen ideia izan zen eta elkarlanean egin dugu”. Bide batez, Trapujale taldeari eskerrak eman dizkiote aitortza egiteagatik.
Jon Legorburuk, Udalaren izenean, herritar guztiak gonbidatu ditu inauteriaz gozatu eta ekitaldietan parte hartzera.
Egitaraua etxeetara iritsi da dagoeneko, baina webgunean eta Udaleko app-ean ere ikus daiteke.