MARKOS GOIKOLEAK IRABAZI DU III. IRAKURKETA DRAMATIZATUEN PARTIDA

Al, 2025-10-06 16:28

Markos Goikolea Unzalu izan da Lezoko III. Antzerki Testu Laburren Lehiaketako garailea, ‘Destiny Driver’ lanarekin. 

Larunbatean izan zen Lezoko III. Antzerki Testu Laburren Lehiaketako finala, antzerki jaialdi bikaina ospatu zuten. Dozenaka pertsona elkartu ziren Lezo Herri Eskolako patioan, antzerkiaz, musikaz eta giroaz gozatzeko. 

Ekitaldian izan ziren Lezoko Udaleko ordezkariak, Eneritz Arruti Osanbela alkateordea eta Aitzol Saizar Viaña kultur zinegotzia; Ana Lopez Asensio, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaria; eta Agurtzane Intxaurraga, Hika Teatroa konpainiako zuzendaria.

Hirugarren urtez, antzerkia erdigunean izan da Lezon. Mikele Urrozek eta Mireia Gabilondok osatutako epaimahaiak aukeratutako sei testu finalisten irakurketa dramatizatuekin gozatu zuten bertaratutakoek. 

Lehiaketa berezi egiten duen ezaugarri nagusia inprobisazioak duen garrantzia da. Zuzendari zein aktoreek partida baino ordu batzuk lehenago jaso zituzten testuak, zozketa bidez. Testu bakoitza zuzendari baten gidaritzapean eta aktore amateur edo hasiberri baten eta profesional baten eskutik aurkeztu zuten publikoaren aurrean. Aktoreek, zuzendariek, epaimahaiak edota publikoak ez du ezagutzen testu bakoitzaren egilea zein den finala amaitu arte. 

Sei antzezlanak ikusi ondoren, publikoak erabaki zuen testu garailea zein izango zen, bozka bidez. ‘Destiny Driver’ antzezlanak jaso zituen bozka gehien, eta Markos Goikolea Unzaluk sortua zela iragarri zuten jarraian aurkezleek. 

Lezoko herria erdigunean izan zen partida osoan zehar, izan ere, testu guztietan Lezo presente egoteaz gain, aurten Jurgi Sarasola lezoar gaztearen testua finalera iritsi zen eta Sarasola berak aktore lanak egin zituen partidan. Edurne Agirrezabala Lezoko Orratx! Antzerki Taldeko kidea ere aktore lanetan aritu zen. 

Jurgi Sarasola eta Edurne Agirrezabalarekin batera Ane Sarasua aktore amateurra eta Hodei Arrastoa, Miren Gojenola eta Xanti Agirrezabala aktore profesionalak aritu ziren sei testuen irakurketa dramatizatua egiten. 

Iñaki Rikarte, Olatz Gorrotxategi eta Pako Revueltas izan ziren partidako irakurketen zuzendariak. 

Testuen egileak Eneritz Artetxe Aranaz, Goiz Eder Iturain Aramendi, Jurgi Sarasola Artola, Markos Goikolea Unzalu eta Xabin Fernandez Zubeldia dira. 

Jaixkipe Txarangak herriko kaleak girotu zituen arratsaldean, eta 19:30ean dozenaka pertsona bildu ziren Herri Eskolako patioan, irakurketa dramatizatuen PARTIDA handiaz gozatzeko. Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesga aurkezleek hasiera bikaina eman zioten jaialdiari, umorea, musika eta aldarrikapena izan ziren euren haria, eta Iñar Sastre musikari eta konpositorearen laguntzaz, ikuskizuna alaitu zuten. 

Lehenengo hiru testuen interpretazioen ondoren deskantsua egin zuten, afaldu eta lehenengo zatiaren inguruan hausnarketak egiteko. Jaixkipe Txarangak deskantsua girotu zuen eta Perurena Burger food truck-eko hanburgesak jateko aukera izan zuten bertaratutakoek. 

Zozketa bidez aukeratu zuten partidan zehar antzezlanen ordena. Aktore eta zuzendariek lan bikaina egin zuten, testu bakoitzaren esentzia eta istorioa modu profesionalean taularatu zuten. Aurkezleek ekitaldi osoan zehar aritu ziren publikoa dinamizatzen eta publikoari hitza ematen, hainbatek deskribatu zuten finala hitz batean eta “zirraragarria”, “polita” eta “berezia” bezalako adjektiboak erabili zituzten.

1.200€-ko saria Markos Goikolea dramaturgoak eraman zuen ‘Destiny Driver’ lanagatik. Egileak ezin izan zuen bertan egon, baina bere amak jaso zuen bere partez saria, Ana Lopez Asensio, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendariaren eskutik. Eskerrak eman zituen semearen izenean “sorpresa ikaragarria da hau, oraintxe deituko diot Markosi berri ona emateko, ilusio handia egingo dio! Eskerrik asko guztioi!”.

Ekitaldi borobila izan zen, antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute. Urtero moduan, testu finalista guztiak Lezoko Udaleko eta Hika Teatroa konpainiako webgunean argitaratuko dituzte. Irabazlea lehenengoa eta hurrengoak ordena alfabetikoan, astero bat. Gogorarazi dute Martin Antxia Abasolo dramaturgoak aurkeztutako testua ere argitaratuko dutela, epaimahaiaren aipamen berezia irabazi baitzuen 'Lezo Operazioa' lanarekin.

Egileak eta antzerki testuen izenburuak:

  • "Destiny Driver” – Markos Goikolea Unzalu  (irabazlea)
  • “Itzalpean XXL” – Eneritz Artetxe Aranaz
  • “Epaimahaikide” - Goiz Eder Iturain Aramendi
  • “Karakola eta Barea” – Idoia Garzes Aldazabal
  • “Zure laguna hil” – Jurgi Sarasola Artola
  • “Begietara ez begiratzea” – Xabin Fernandez Zubeldia

Argazki guztien egilea: Aura Erro

 

Arloa edo saila