Ekainaren 3tik 5era ospatuko dira eta 27 ekitaldi antolatu dira guztira.
Lezoko Udalak Mendekosteen egitaraua aurkeztu du gaur goizean. Agerraldian Jesus Mari Martiarena (Lezoko Alkatea), Ion Pombar (Kultura zinegotzia) eta Xanti Val (Kultura teknikaria) egon dira.
"Pandemiaren eraginez, 2 urteko etenaldiaren ostean, festak ospatzeko aukera izango dugu berriro eta oso albiste ona da" adierazi du alkateak.
Ion Pombarrek, Jai Batzordeak eta herriko eragileek eginiko lana txalotu nahi izan du, festak antolatzeko erakutsi duten konpromezuagatik. "Herritarrak eta bisitariak gonbidatu nahi ditugu antolatu diren ekitaldietan parte hartu dezaten" gaineratu du zinegotziak.
Xanti Valek egitarauaren xehetasun handiagoak eman ditu. Hasteko, ekainaren 3an egingo den Zabarre pirata eta Maria Labainen etorrera nabarmendu du, jarduerarik erakargarriena askorentzat.
Ostiralean ere, "Herri afari autogestionatua" egingo dela aipatu du, Gurutze Santuaren Plazan. Horretarako, udalak mahaiak, aulkiak eta sagardoa jarriko ditu eta "giro ederra sortuko dela argi daukagu" adierazi du.
Haurrentzako emanaldiak, dantza, kirolak... denetarik egongo da aurtengo Mendekosteetan.
Lezoko Udalak hiru ardatz garrantzitsu aipatu ditu festa giroa egokia izan dadin: eraso sexistarik gabeko jaiak izan daitezela, ingurumenarekiko errespetuz joka dezatela herritarrek eta euskara kalean nagusi izan dadila.
Euskal Jaiak, hurrengo asteburuan
Mendekosteen ospatu eta hurrengo asteburuan Euskal jaien txanda izango da. Ekainaren 10etik 12ra bitartean ospatuko dira eta 9 ekitaldi antolatu dira. Horien artean, Sagardo eguna. Herriko 12 ekoizleen sagardoaz gozatzeko aukera izango dute lezoarrek. Ekitaldi berezi bezala, ekainaren 12an egingo den pentatloia aipatu du teknikariak (emakumeek hartuko dute parte: Karmele Gisasola Zenikazelaia eta Uxue Dorronsoro).