Ostiraletik igandera ekitaldi bana eskainiko da, guztiak Herri Eskolako patioan arratsaldeko 20:00etan.
Kultur agendaren helburua da, nagusiki, kultur eragileen lana oro har babestu eta bultzatzen jarraitzea.
Gaurtik hasita igandera arte, musika eta antzerkia nagusi izango dira Lezon, udazkeneko kultur agendari hasiera emango dien ekitaldiekin.
Ostiralean, hain zuzen, Marie de Jongh antzerki taldeak Ikimilikiliklik antzezlana eskainiko du. Obra familiar honek, espazio eszeniko onenaren Feten saria irabazi du 2020an. Proiektu honek neskato/emakume bat du protagonista, haurtzaroan hain zuzen sorginen beldur bazen ere, haietako bat bilakatuko dena.
Larunbatean, aldiz, Olatz Salvador artistaren kontzertua eskainiko da. Artista honek hainbat urte daramatza musikan murgilduta. Skakeitan taldean hasi zuen bere bidea 2010. urtean eta gaur egun, Euskal Herriko, Espainiar estatuko eta nazioarteko hainbat jaialdi eta aretotan jotzeko aukera izan du, besteak beste, Rototom Sunsplash-en, Biorritme Festival-en, Hatortxu Rock-en, Kutxa Kultur Festibal-ean edota Viña Rock jaialdian.
Eta asteburua amaitzeko, igandean beste antzezlan bat eskainiko da Che y Moche konpainiaren eskutik. “El Funeral” izeneko antzezlanaren bitartez, musikari buhame talde batek Dimitri aitonaren hileta ospatzera gonbidatzen ditu ikusleak; trama sinple duen baina egoera sinestezinez beteko den nahaste-borrastea da antzezlan hau. Pertsonaia apartei eta musika birtuosismoari zein ikusleekiko elkarrekintzari esker, festa ahaztezin bihurtzen da hileta hori.
Ekitaldi oro Herri Eskolako patioan eskainiko da, iluntzeko 20:00etan eta sarrera doakoa izango da. Horrela, Lezoko Udalaren helburua da kulturarekiko egiten duen apustua berretsi eta kulturgintzarako garai gogor hauetan, nagusiki kultur eragileen lana babestu eta bultzatzen jarraitzea.