Aurtengo osasun egoera kontuan hartuta, internet bidezko izen ematea lehenetsiko da udala.lezo.eus/ludoteka-2020-2021 webgunean.
Ludotekaren irekiera osasun eta segurtasun berme guztiekin egingo dela ziurtatu dute Udaletik.
Urtero bezala, Udalak ludoteka zerbitzua eskainiko du 2020-2021 ikasturterako. Aurtengoa, baina, ikasturte berezia da Covid-19ak eragindako osasun krisialdiagatik eta horrenbestez, ludotekak berezitasunak izango ditu zerbitzuan, betiere erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko.
Gauzak horrela, aurtengoan zerbitzua 6-10 urte bitarteko haurrei eskainiko zaie eta plaza kopurua aurreko urteetan baino mugatuagoa izango da, 30 haurrentzat, hain zuzen. Kopuru hori gaindituz gero, matrikulatutako haur guztien artean ordutegien banaketa bideratzeko zozketa egingo da.
Izen ematea, halaber, urriaren 19an zabalduko da eta aurtengoan, internet bidezko matrikulazioa lehenetsiko da. Horretarako, interesdunek udala.lezo.eus/ludoteka-2020-2021 webgunera jo beharko dute. Posible ez dutenek, kultur saileko bulegoetan egin ahal izango dute izen ematea, 8:30-13:30 ordutegian.
Horrez gain, matrikula egin ahal izateko haurrak Lezon erroldatuta eta Lezoko ikastetxeetan matrikulatuta egon behar du. Matrikulazioaren kostua 50€koa da, nahiz eta bi salbuespen egoera egon: familia ugariko kide izatea edo prestazio ekonomikoen onuraduna izatea.
Aurten azaroaren 2an, astelehena, hasiko da eta zerbitzua eskainiko den azken eguna 2021eko ekainaren 25a izango da. Zerbitzua 16:30etatik 19:30etara eskaintzen da.
Osasun eta segurtasun neurriak bermatuta
Hasieran adierazi bezala, aurtengo ikasturtea berezia izango da guztiontzat Covid19ak eragindako egoera del eta. Ildo horretan, Lezoko Udalak azpimarratu du ludotekaren irekiera osasun eta segurtasun berme guztiekin egingo dela, erabiltzaileen ongizatea lehenestea izanik helburu nagusia.
Horretarako, segurtasun protokolo zorrotza landu du Udalak eta hartutako neurri guztiak ikusgai daude aipatu webgunean.