Urtarriletik ekainera bitartean kultur agenda oparoa prestatu du Lezoko Udalak

Or, 2025-12-26 14:14

Urtearekin batera, agenda kultural berria hasiko da Lezon. Aitzol Saizar Kultura zinegotziak eta Ainhoa Salaberria kultur teknikariak gaur aurkeztu dute Lezoko Udalak 2026ko lehen seihilekorako prestatu duten egitaraua. 

Betiko moduan, diziplina anitzeko ekintzak izango ditu urtarriletik ekainera bitarteko egitarau kulturalak. Aitzol Saizar Kulturako zinegotziak haur zein helduentzako hitzorduak izango direla nabarmendu du, “pozgarria da herritar guztiei zuzenduko zaizkien ekintzak antolatzea, udalaren helburua kultura denontzat eta gertukoa izatea da”.   

Izan ere, Gezala Auditoriumean, Andreone Udal Liburutegian, Musika Eskolan eta Lezoko kaleetan zehar antolatutako ekintzak izango dira. 

Ainhoa Salaberria kultur teknikariak zehaztu duenez, “guztira 54 ekitaldi antolatu ditugu urtarriletik ekainera bitartean, gehienak euskaraz”. Herritar guztientzat prestatutako egitaraua da, haur, gazte zein helduentzako proposamenak biltzen ditu. 

Gainera, Lezoko hainbat talderen parte-hartzea ere nabarmendu du, izan ere, Orratx! Antzerki taldeak bere lanak aurkeztuko ditu eta  Zinema Ttikiak ikus-entzunezko proiekzioak antolatu ditu. Horrez gain, Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketako antolatzaileek mahai-inguru bat antolatu dute otsailaren 19an, 19:00etan Gezala Auditoriumean. Usoa Ostolaza, Jokin Lizeaga eta Martxel Bereau goi-mailako kirolariek hartuko dute parte. 

Tomas Garbizu Udal Musika Eskolari dagokionez, hainbat ekintza prestatu ditu 2026ko lehen seihilekorako, musika emanaldiak izango dira Gezala Auditoriumean, Musika Eskolan bai eta herriko kaleetan ere. 

Horiez gain, ohiko arte eszenikoen emanaldiak hartuko ditu Gezala Auditoriumak, eta literatur-solasaldiak antolatu ditu Andreone Udal Liburutegiak.

Egitaraua hurrengo egunetan iritsiko da herriko etxeetara, eta Lezoko Udaleko webgunean eta APP-an eskuragarri dago dagoeneko. Ekitaldietarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko HEMEN.
 

Arloa edo saila