Kirol instalazioetan 3 desfibriladore daude jarriak eta orain, udaltzaingoaren autoan suspertze-gailu berria ezarri da. Horri esker, Lezo herri kardiobabestu bilakatu da, beharrezko desfibriladoreak izateaz gain, horiek erabiltzen trebatuta dauden pertsonak ere dituelako erantzun azkarra bermatzeko.
Duela urte batzuk Lezoko kirol instalazioetan- Bekoerrotako kiroldegian, Altzateko igerilekuan eta Plazeta futbol zelaian- desfibriladoreak ezarri ziren. Aurten B+Safe enpresari esleitu zaio desfibriladoreen kontratua eta haren eskutik, suspertze-gailu berria jarri da Lezoko udaltzaingoaren auto batean, horrek larrialdi kasuetan erantzun azkarragoa ematea ahalbidetuko du.
Eusko Jaurlaritzak 2015eko dekretu batean desfibriladoreak ezartzeko minimo batzuk ezarri zituen eta Lezoko Udalak minimo horiek gainditu nahi izan ditu, herritarren osasun, ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea helburu hartuta. Konpromiso horri helduta ezarri da desfibriladore berria udaltzaingoaren autoan, Lezo herri kardiobabestua bilakatuz.
Norbaiti bihotza geratzen zaionean desfibriladoreena da erantzunik eraginkor eta azkarrena. Larrialdi kasuetan, anbulantzien aurretik iritsi ohi dira udaltzainak gunera. Horrelako kasuetan, gainera, garrantzitsua da, lehenbailehen, 4-5 minututan, desfibrilazioa aplikatzea bihotza gelditu zaion pertsonari. Beraz, bihotz gaitzak premiaz artatu behar direnez, udaltzainek suspertze-gailua autoan izateak bizitza asko salba ditzake, udaltzainak erantzun azkarragoa emateko gai izango direlako. Dagoeneko, udaltzainek suspertze gailuak erabiltzen jakiteko trebakuntza saioak jaso dituzte.
Bihotzeko arazoek, gaur egun, bat-bateko heriotzen portzentaje handi bat eragiten dute. Egoera horien aurrean, desfibriladoreak erabiltzen badira, bihotzeko bat-bateko geldialdia izan duen pertsonak bizirik irauteko aukera handiagoak ditu, %90, hain zuzen. Beraz, udaltzaingoaren autoan desfribiladorea izatearekin udaltzainak anbulantziak baino erantzun azkarragoa emateko eta hainbat bizitza salbatzeko gai izango dira.
Suspertze gailuaren ezaugarriak:
Desfibriladorea kalitate handikoa eta erabilerraza da. Gainera, komunikazio prestazioak ere baditu, makinari balio erantsia ematen diotenak. Desfibriladorea erabili behar duenak mediku baten urrutiko laguntza jasotzeko aukera du eta makinak, zuzenean, larrialdi zerbitzuetara deituko du gaixoaren kokapena zehaztuz, horrela denbora aurreztu eta horrek pertsonen bizitza salbatzeko aukerak areagotuko ditu.
Bestalde, B+Safe enpresak kalitatezko prestaketa egokia eskaintzen du. Egun lanean dauden erizain eta larrialdi teknikoek eskaintzen dituzte prestakuntza saioak makinen erabilerarik egokiena ziurtatzeko. Dagoeneko udaltzainek jaso dute aipatu prestakuntza eta laster udal-langileek ere bihotzaren bat-bateko geldialdia atzeman eta deskarga baten bidez bihotz erritmoa berreskuratzen laguntzen duen gailua erabiltzen ikasteko aukera izango dute.