2006.eko Irailaren 18ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2006ko irailaren 18an, astelehena, 8:35etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antton Arrizabalaga Brusín (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea), Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea), Noemí Arberas Osés (EAJ taldea), Isabel López Aulestia (IU-EB taldea), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE taldea) eta Maria Luz Anglada González (PP taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.

Aztergaiarekin hasi aurretik Mikel Antton Arrizabalagak gaien eztabaida eta bozketa-ordena aldatzea proposatu du, 3. gaia lehenbizi tratatzea: hitzarmen urbanistikoaren edukiak eragina duelako onartu nahi den Arau Subsidiarioen errebisio dokumentuan. Zinegotziek ez dute inongo eragozpenik eta alkateak eskaera onartu egin du. Ondorioz lehenbizi gai zerrendako 3. gaia tratatuko da, gainontzekoen ordena mantenduz.

3.- Diktamena, Herriondo bailarako lursailen zenbait jabekiderekin hirigintza-hitzarmena onartzeko.

Alkateak 2006ko irailaren 1ean Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak onartutako diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

?Lezoko Udalak 2005ko uztailaren 1eko 306 Alkatetza Dekretuaren bitartez Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren Aurrerapen dokumentua onartu zuen, bere irizpide, helburu eta konponbideekin.

Aurrerapen dokumentu hori jendaurrean bi hilabetez egon zen, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hain zuzen ere 2005eko uztailaren 11tik aurrera. Iragarkia prentsa idatzian ere argitaratu zen. Jendaurrean egon zen tarte horretan hainbat iradokizun aurkeztu zen

2005eko irailaren 12ko 400 zenbakidun Alkatetza Dekretuaren bidez Lezoko Udalak aipatu jendaurreko epea 2006ko irailaren 30a arte luzatu zuen. Erabaki horren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratu zen irailaren 20an. Halaber prentsa idatzian ere argitaratu zen

2006ko martxoaren 28an Lezoko Udalera Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak igorritako Lurralde Antolaketa Batzordearen txostenean hainbat oharpen egiten ziren Lezok onarturiko aurrerapen dokumentuaren inguruan.

2006ko apirilaren 26an Lezoko Udaleko Osoko Bilkurak Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren Aurrerapen dokumentuko irizpide, helburu eta konponbideak berretsi zituen eta arau aldaketa horri dagokion dokumentuaren idazteka agindu zuen.

Erabaki horren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2006ko uztailaren lauan.

Horrela, Talde idazleak Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren haserako onarpenerako dokumentua aurkeztu du, Lezoko udalak onar dezan.

Testuinguru honetan udalak egoki deritzo haserako onarpena jasotzera doan Arau Subsidiarioen dokumentuan jasotzen den ?A.I.U. 23 Herriondo? eremuko lurzoruaren jabekideekin hirigintza hitzarmen bat adosteari.

Hitzarmen horren arabera, egun lur ez hiritargarria den eremu bat, hain zuzen ere arestian esan bezala haserako onarpena jasotzera doan Arau Subsidiarioen dokumentuan ?A.I.U. 23 Herriondo? izenarekin zehazten dena, udalak lur hiritargarri bezala sailkatuko du eta 750 etxebizitza egiteko aukera jasoko du. Trukean, aipatu eremuko lurjabeek ontzat emango dute 750 etxebizitza horietatik 300 udalarekin kontzertaturiko prezioan izatea, eremu horretatik kanpo hiritartze lan batzuk egitea, legeak arautzen dituen baino lurzoru lagapen handiagoak gauzatzea eta udalari hitzarmenak zehazten dituen epeetan 9.000.000 euro ordaintzea. Halaber, udalarekin kontzertaturiko prezioa izango duten 300 etxebizitza horien hurrengo eskualdaketetan Lezoko udalak eta beste erakunde publiko batzuek izango dituzten ahalmenak zehazten dira.

2006ko irailaren 1ean buruturiko Hirigintza Batzordeak Kepa Garbizu (EAJ), Jesus Mari Martiarena (EAJ), Iñake Urrestarazu (EA) eta Maria Luz Angladaren (PP) aldeko botoarekin eta Mikel Antton Arrizabalaga (PSE-EE) eta Isabel Lopez Aulestiaren (IU) abstentzioarekin zera Diktaminatzen du:

BAT: Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuan jasotzen den ?A.I.U 23 Herriondo? eremuko lurzoruaren jabeekin izenpetzeko Hirigintza Hitzarmen eredua onartzea .

BI: Lezoko Alkateari hitzarmen hau, eta bera garatzeko derrigorrezko diren dokumentu guztiak, izenpetzeko ahalmena ematea.?

Aitor Mimendiak hitzarmenaren edukia azaltzen du. Bere esanetan bi hirigintza arau posible daude Lezon, bata gazteen beharrei begira egina eta bestea gazteen eta gainontzekoen beharrak kontutan hartuko dituena. Korporazioa bigarren helburu horri lotu omen zaio: kiroldegi berria, zaharren egoitza, hirugarren sektoreko jarduerak erakartzea e.a. hauek denak ere beste planteamendukoak bezain helburu sozialekoak direlako. Familien espazio premiak arrazoi omen dira etxebizitza kontzertatuak proposatzeko.

Mikel Antton Arrizabalagak dio ados daudela Herriondoko lurrei eman nahi zaien erabilerarekin, ez ordea proposatzen diren etxebizitza-prezioekin. Proposatutako etxebizitzen mota eta kopuruak beste modu honetan banatzea proposatu du: %40a prezio librekoak, %25a babes ofizialekoak, %15a tasatuak eta prezioa babes ofizialekoaren 1,5a dutenak, eta %20a tasatuak eta prezioa babes ofizialekoaren 1,8a dutenak.

Isabel Lopez Aulestiak dio bai hitzarmenaren eta bai errebisio dokumentuaren aurka botatuko duela gaurko bileran. Hitzarmena hain arraroa den presarekin aurkeztu izanak ez omen du lege berria saihestearena beste helbururik. Kontraesankorra omen da Legebiltzarrean lege berria onartzea eta gero haren eragina saihestea. Etxebizitza sailari eskatu omen dio proposatutako hitzarmena eta lege berriaren araberako estandarren konparazioa egitea, eta alde ikaragarria omen dago udalaren interesen kaltetan: babes ofizialeko etxebizitza kopurua %55tik %20ra jaisteaz gain, hasiera batean hain onuragarri dirudien 9.000.000 ?tako konpentsazioak berdintzen ez duen aldea, horren inguruko inongo esplikazio edo zehaztasunik egin gabe espedientean. Proposatzen diren etxebizitza kontzertatuak edozein kontroletatik kanpo geratzen omen dira, alokatzea posible delarik. Galdetu du ere zer egingo den hartuko den diruarekin, ea babes ofizialeko etxebizitzak egiteko erabiliko den, nahiz eta planaren arabera haien beharrak aseta egon, ala gastu arrunteko zuloak estaltzeko erabiliko den. Horregatik guztiagatik aurkako botoa emango omen dio proposamenari.

Jendartetik Lezoren Alde plataformaren izenean Aitor Sarasolak hartu du hitza eta, oposizioko zinegotziek gaizki ulerturik izan ez dezaten, erdaraz arituko omen da. Proposatutako hitzarmena jabe eta promotore batzuen mesederako omen da eta Lezoren historian izan den pelotazo urbanistikorik handiena. Udalak datu ekonomikorik ez izatea salatu du, ?zenbaitek kalkuluak ondo eginak izango dituen arren?. Gardentasun eza salatu eta udal zinegotzien aholkularitzarekin azken aldian eremu horretan egindako salmentak salatu ditu. Horrek guztiak garbi uzten omen du helburu bakarra jabe eta promotoreen aprobetxamendua dela. Ez du bestela esplikaziorik bi egun barru legez ezarriko den %55 babes ofizialeko etxebizitza kopurua baino dezente txikiagoa aurreikustea eta onartu nahi izatea, ezta 1985 urteaz geroztik, kolore ezberdinetako Lezoko korporazioek, lur eremu hori babesteko egindako ahaleginak hankaz gora botatzea edo etxebizitza tasatuek bi egun barru izango duten babes legala saihestea.

Jendartetik Lezo Bizirik plataformaren izenean Miren Alkortak hartu du hitza eta esan du mila sinadura baino gehiagok eskatutako hirigintza planaren inguruko galdeketa eskaeraren inongo erantzunik ez duela jaso eta haren bila etorri dela. Udalak horrelako gai inportantean inongo informaziorik herrian ez zabaldu izana salatu du. Salatu du ere lege berriak hainbeste azpimarratzen duen partehartzea alegazioak egiteko egongo den hilabeteko epe eskasera mugatzea. Beraien iritzia eskatu die korporazioa osatzen duten taldeei.

Alkateak dio oraindik lantzen ari den proposamena dela errebisio dokumentuarena. Galdeketarena bere momentuan erabakiko dela eta hilabeteko jendaurreko epea nahikoa dela. Gainontzeko taldeek ez diote erantzun.

Idazkariak irakurri du hirigintza teknikariak egindako txosten juridikoa. Bat egin du bertan dioenarekin, eta azpimarratu egin ditu hitzarmenari buruz aipatzen den hutsune legala, egokitze beharra eta kopuru ekonomikoen oinarri behar lukeen txosten ekonomikoaren falta.

Jendartetik Patxi Riezuk hartu du hitza. Hitzarmenak ahalbidetzen duen garapena jasan ezina omen da Lezoko herriarentzat, etxebizitza kopurua bikoiztu egiten duelako. Pena handia ematen omen dio korporazioak Lezo ez babesteak eta, interes pertsonalengatik soilik, Herriondo bezalako parajeak diren aberastasuna poltsiko pribatuetara pasatzeak. Tristea omen da horrelako garapen jasanezinak udaletik bertatik proposatu izatea, goragoko erakundeen (Eusko Jaurlaritza, Aldundi, ?) eskaeren presiorik gabe.

Jendartetik Altzate Auzo Elkarteko lehendakaria den Mikel Mitxelenak hartu du hitza. Eta dio, Euskal Herrian ematen ari den bake prozesuarentzat eta eratu nahi diren negoziazio mahaientzat talde politikoek hiritargoaren parte hartzea eta babesa eskatzen badute ere, Lezoko hirigintza erabakietarako ez omen dela berdin gertatzen, baizik guztiz kontrakoa: ez dituztelako herritarrak eta elkarteak bileretan hartzen, informazioa ezkutatzen zaielako, herri galdeketaren eskaerari ez zaiolako erantzun ere egiten, e.a.. Altamiran egin diren astakeriak gogoratu ditu eta egin nahi dena salatu. EAJ eta EAri gogoratu die Altamirako babes ofizialeko etxebizitzen eta igerilekuen kontra bozkatu zutela. Herriaren eskaerak entzuteko eskatu die zinegotziei. Eta batzuei gogoratu die, ez dutela kargu hori legitimoki hartu eta, beraz, horretaz ez baliatzeko.

Jendartetik Miren Alkortak, Lezo Bizirik taldearen izenean, dio udal arau subsidiarioek herriez gaineko beste plan bati erantzuten diotela, Eusko hiriaren planei hain zuzen. Salatu du, herrian eragin larria edo kritikoa duten azpiegituren erasoa neurtzeko edo zuzentzeko ingurugiro ikerketarik ez dela egin. Zentzu honetan gogoratu ditu abiadura handiko trena, kanpoko superportua, erraustegia, kutsadura, ? . Gogoratu du herriko 30 talde prest daudela hiri plangintzaren lan gogor horri ekiteko eta, bitartean, planaren tramitazioa gelditu eta herri galdeketa egiteko eskatu du.

Alkateak hamar minututako etena erabaki du, PSEk egindako proposamena eztabaidatu eta adostu asmoz.

Etenaren ondoren berriro ekin zaio gaiari eta PSEk proposatutakoari egokitutako hitzarmena onartzea proposatu du alkateak. PSEren proposamena etxebizitza kopuruari dagokiona da: %40a prezio librekoak, %25a babes ofizialekoak, %15a tasatuak eta prezioa babes ofizialekoaren 1,5a dutenak, eta %20a tasatuak eta prezioa babes ofizialekoaren 1,8a dutenak.

Bozketa aurretik idazkariak galdetu du ea etxebizitza mota eta kopuruak aldatu izanak ez al duen ondoriorik hitzarmenean, adibidez, konpentsazio ekonomikoaren kopuruan. Ezetz erantzun dute, bai alkateak bai PSEko bozeramaileak, eta beste aldaketarik gabe, PSEren emendakina bakarrik, hitzarmena bozkatzea proposatu da.

Alde hamar boto eman dira, alkatearena eta EAJ, EA , PSE eta PPko zinegotzienak eta aurka bat, IU-EB zinegotziarena. Beraz, diktamena onartu da ondorengo erabaki hauek hartuz:

BAT: Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuan jasotzen den ?A.I.U 23 Herriondo? eremuko lurzoruaren jabeekin izenpetzeko Hirigintza Hitzarmen eredua onartzea aipatutako aldaketarekin.

BI: Lezoko Alkateari hitzarmen hau eta bera garatzeko derrigorrezkoak diren dokumentu guztiak izenpetzeko ahalmena ematea.?

1.- Diktamena, Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioen Errebisio dokumentuari haserako onarpena (2006H0310001).

Alkateak 2006ko irailaren 1ean Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak onartutako diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

?Lezoko Udalak 2005ko uztailaren 1ko 306 Alkatetza Dekretuaren bitartez Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren Aurrerapen dokumentua onartu zuen, bere irizpide, helburu eta konponbideekin.

Aurrerapen dokumentu hau jendaurrean bi hilabete egon zen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hain zuzen ere 2005ko uztailaren 11etik aurrera. Iragarkia prentsa idatzian ere argitaratu zen. Jendaurrean egon zen tarte honetan hainbat iradokizun aurkeztu zen

2005ko irailaren 12ko 400 zenbakidun Alkatetza Dekretuaren bidez Lezoko Udalak aipatu jendaurreko epea 2006ko irailaren 30a arte luzatu zuen. Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratu zen irailaren 20an. Halaber prentsa idatzian ere argitaratu zen

2006ko martxoaren 28an Lezoko Udalean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak igorritako Lurralde Antolaketa Batzordearen txostenean hainbat oharpen egiten ziren Lezok onarturiko aurrerapen dokumentuaren inguruan.

2006ko apirilaren 26an Lezoko Udaleko Osoko Bilkurak Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren Aurrerapen dokumentuko irizpide, helburu eta konponbideak berretsi zituen eta arau aldaketa honi dagokion dokumentuaren idazteka agindu zuen.

Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2006ko uztailaren lauan.

Horrela Talde idazleak Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren haserako onarpenerako dokumentua aurkeztu du, Lezoko udalak onar dezan.

2006ko irailaren 1an buruturiko Hirigintza Batzordeak Kepa Garbizu (EAJ), Jesus Mari Martiarena (EAJ) Iñake Urrestarazu (EA) eta Maria Luz Angladaren (PP) aldeko botoekin eta Mikel Antton Arrizabalaga (PSE-EE) eta Isabel Lopez Aulestiaren (IU) abstentzioekin zera Diktaminatzen du:

BAT: Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako Errebisio Dokumentuari haserako onarpena ematea.

BI: Aipatu dokumentua hilabetez jendaurreko informazioan ezartzea interesdun orok alegazioak aurkezteko modua izan dezan.

HIRU: Akordio hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta prentsa idatzian argitaratzea, jendaurreko informazio epea iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

LAU: Planeamendu Arautegiko 120. artikuluan xedatutakoaren arabera, plan, Arau, Programa, Zehazpen Azterlan edo horien berrikuntzaren hasierako onarpenak berak soilik determinatuko du lizentziak ematearen etetea planeamenduaren gaia den lurraldeko eremuetarako, haien erabaki berriek indarrean dagoen erregimen urbanistikoa aldatzea suposatzen badute.

Era berean, artikulu horrek xedatzen du ezen, hasieran onarturiko plana informazio publikorako jartzea bideratzen duen akordioak, nahitaez azaldu beharko dituela aipaturiko lizentzia-etete horren eraginpean geratzen diren eta planeamenduaren xedeko lurraldekoak diren eremuak.?

Aitor Mimendiak esan du diktamena osatu beharra dagoela arkitekto aholkulariak Alde Zaharrari buruz egindako aldaketekin. Baldintzaren funtsa da Alde Zaharreko Plan Bereziarekin aurrera egin ahal izatea eta horretarako zenbait zehaztasun erabaki behar dira, etxebizitza kopuruari dagokionez eta beharrezko diren eremu libreko sistema orokorren handitzea. e.a. .

Mikel Antxon Arrizabalagari ez zaio zuzena iruditzen larritasun hauekin ibiltzea eta galdetu du ea behin behineko onarpenera bitarte ez al dagoen lagatzerik.

Alkateak dio orain onartzea komeni dela PERCH-arekin ez atzeratzeko.

Idazkariak ohartu du aipatzen den arkitekto aholkulariaren txostena bere horretan onartzea ez dela nahikoa han aipatzen diren zenbait gai erabaki behar direlako. Alkateak dio PERCHa ez atzeratzeko hartu nahi dela erabakiaren baldintza hau.

Arauen dokumentuari dagokionez udal idazkariak bere txostena irakurri egin du. Bertan, dokumentua ez onartzearen gomendio egiten du, harik eta zenbait gai osatu edota zuzendu arte. Besteak beste jasotzen ditu bere txostenean Hirigintza Teknikariak bere txostenean jasotako zenbait: nahikoa eperik ez dela izan txostena egiteko, dokumentuak erdara hutsean daudela, dokumentuak hutsuneak dituela (LAA delakoen etxebizitza kopuru mugak ez betetzea, Jaizkibelerako babes neurririk ez aipatzea, itsaso-lurzoru babesgunearen zor-eremuaren mugatzea ez jasotzea, Herriondori buruzko irizpide aldaketa arrazoitu gabea, Ingurumenaren Gaineko Eraginaren baterako Ebaluazio-azterketa dokumentu berria ez aurkeztu izana, banaketa eremu eta aprobetxamendu tipo ezberdinen zergatiaren motibazio falta, alde zaharraren mugaketa berria,?); erabaki behar dela lizentziak ematea zein eremutan etenik geratuko den zehaztu behar den ala ez; 2/2006 Lege berriari egokitu beharra dagoela.

Jendartetik Aitor Sarasolak hartu du hitza. Proposatutako arauek garapen jasan ezina proposatzen omen dute: datozen hamabost urteetan 1.000.000 m² urbanizatuko omen dira Lezon, lur guztia eraikinez betez inongo beharren ikerketarik gabe. Gaur onartzen omen dira bi egun barru indarrean sartuko den lur zoru lege berria ekidin nahi delako, horrela, besteak beste, 430 babes ofizialeko etxebizitza gutxiago eta 320 salmenta libreko etxebizitza gehiago eraiki ahal direlako. Lotsagarria dela legea babestu duten alderdiek arau hauek babestea, lege berriaren arabera babes ofizialeko etxebizitza kopurua %55ekoa behar duenean eta arauetan %16ko kopurua proposatzen denean. Legeari iruzur egitea dela proposamen hau eta baita Lezoko azken urteetako ihardunari ere. Zentzu horretan gogoratu du, Etxebizitza Arloko Planean jasotzen denez Lezon 1986-1999 bitarteko urteetan eraikitakoaren %51 babes ofizialeko etxebizitza izan dela.

Salatu du Lezoko udalak 1985az geroztik, kolore ezberdinetako gobernu taldeekin, Herriondo bailara babesteko emandako pausoak hankaz gora botatzea, Aldundi eta Jaurlaritzaren txostenen aurka.

Parte hartzea legeak exijitzen duenera mugatzea kritikatu du: edozein arau aldaketa puntualek duen epe bera nahiz eta bateko eta besteko dokumentu kopuruak eta garrantziak elkarrekin zer ikusirik ez eduki. Gogoratu du Oiartzunek tramite berdinerako bi hilabeteko epea emana duela. Herritarrak bere lan orduetatik denbora atera beharra, udaleko jendaurreko ordutegira moldatu beharra eta azalpenak emateko udal teknikorik gabeko jendaurreko epea ez dela nahikoa esan du Aitor Sarasolak.

Jendartetik Patxi Riezuk galdetu dio idazkariari ea bere txostenean aipatu dituen akatsak direla medio onarpenaren aldeko botoa emango duen zinegotzia ez ote den ariko prebarikatzen. Baita ere galdetu du zer gertatuko litzatekeen baldin eta Herriondo bailarako garapena zati batean bakarrik burutuko balitz, laurden batean adibidez.

Alkateak baimenduta idazkariak dio zinegotzia prebarikatzen baino, zeren horretarako ilegalitateak garbia izan behar baitu, erabaki baliogabea hartzen ariko litzatekeela.

Besterik gabe alkateak bozketa proposatu du, gogoratuz arkitekto aholkulariak bere txostenean alde zaharrari buruz jasotako baldintzak gehitu behar zaizkiola diktamenari.

Bozketan aldeko hamar boto izan dira, alkatearena eta EAJ, EA, PSE eta PPko zinegotzienak, eta aurkako bat IU-EBko zinegotziarena, hau da, legeak gehiengo osorako behartzen duen kopururako nahikoak. Beraz, diktamena onartu da arkitekto aholkulariak aldez aurretik alde zaharrari buruz jasotako zehaztapenak gehituta.

Mikel Antton Arrizabalagak esan du, Hirigintza Batzordean abstenitu bazen ere, Herriondoko hitzarmenean lortu den akordioaren ondoren arauen alde dagoela eta ondoren ere testua hobetu daitekeela.

2.- Diktamena, Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurralde Arloko Planari Alegazioak.

Alkateak 2006ko irailaren 1ean Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak onartutako diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari.

Honela dio diktamenak::

?Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Arloko Planak haserako onarpena 2005ko urtarrilaren 10ean jaso zuen.

2006ko martxoaren 28an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak Lezoko Udalari igorritako Lurralde Antolaketa Batzordearen txostenean besteak beste aipatu Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Arloko Plana behin betiko onarpenaren zain dagoela adierazten da.

Lezoko udalak egoki deritzo Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Arloko Planari alegazioak aurkeztea, aipatu planean etorkizunera begira Lezoko Udala izapidetzen ari den Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuan udalerriaren hazkundea ematea aurreikusten diren zenbait gunetan (esaterako Altamiran), aipatu hazkundea aurrera eramatea ezinezko egiten duen lurzoru tipologi bat jasotzen delako. Beraz alegazioen helburua Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Arloko Planak Lezoko udalerrian egiten duen lurzoruaren nekazal sailkapena aldatzea litzateke.

2006ko irailaren 1ean buruturiko Hirigintza Batzordeak Kepa Garbizu (EAJ), Jesus Mari Martiarena (EAJ) Iñake Urrestarazu (EA), Maria Luz Angladaren (PP), Mikel Antton Arrizabalaga (PSE-EE) eta Isabel Lopez Aulestiaren (IU) aldeko botoarekin zera Diktaminatzen du:

BAT: Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Arloko Planari alegazioak aurkeztea.?

Idazkariak gogoratu du Hirigintza Batzordean hirigintza teknikariak esandakoa: alegazio epea iraganik dagoela eta epez kanpo egindako alegazioa dela hau. Bestalde esan du alegazioaren oinarri behar lukeen txostena, sinatu eta identifikatu gabe dagoela.

Jendartetik Aitor Sarasolak dio erabaki honek ez duela beste helbururik Herriondon etxebizitzak egitearena baino. Lezoko historian etena egitea dela dio, 1985ean, berriz ere lur ez urbanizagarri gisa sailkatzerakoan eremu hori, 1994ko Oarsoaldeako Plan Estrategikoan babes eremua izendatzerakoan, 1999an Jose Luis Poloren txostenean aholkatzen den babes eremua, Donostialdeko PTPan era berean jasotzen denean eta baita Nekazaritza Arloko Plan Sektorialean. Horiek guztiak berdin zaizkio oraingo korporazioari zeren helburu bakarra dute: etxebizitzak eraikitzea Herriondon.

Beste parte hartzerik gabe, diktamena bozkatu da eta korporazio kide guztien adostasunarekin onartu da.

4.- Diktamena, Altzateko Arau aldaketak behin-behinekoz onartzeko.

Alkateak 2006ko abuztuaren 2an Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak onartutako diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

?Lezoko Udalak 2006ko otsailaren 1eko batzarrean Planeamenduko Arau Subsidiarioetako 12 eta 28 poligonoetako (Altzate eremua) aldaketa puntualari haserako onarpena eman zion.

Akordio horren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2006ko otsailaren 16ko 32 zenbakidun alean. Haserako onarpenerako dokumentua jendaurrean hilabetez egon ondoren 17 alegazio aurkeztu dira.

Enrike Ponte, Errenteriako Udaleko Arkitektoak idatziriko alegazioen txostenean aurkezturiko alegazioetatik 3 onartzea proposatzen denez, alegazio hauen onarpenak Planeamenduko Arau Subsidiarioen aldaketa puntualean suposatzen duten aldaketak jasoaz, proiektuaren bigarren gehigarri bat aurkeztu du Errenteriako Udalak.

Bigarren gehigarri horretan haserako onarpena jaso zuen dokumentuaren memorian eta hirigintza araudian zenbait aldaketa jasotzen dira. Aldaketa hauek bat datoz onartzea proposatzen den alegazioekin eta ikuspegi juridikotik ez dago inongo eragozpenik ontzat emateko.

Haatik bada zuzendu beharreko akats bat, hain zuzen ere hirigintza araudia jasotzen duen ?C? dokumentuaren lehen orrialdean, aurkezturiko alegazio baten onarpenaren ondorioz Lezoko udalerriari dagokion Altzate eremuan onartzen den eraikin-profila erdi-soto, solairuarteko eta 6 oin altukoa dela adierazten da ?SS/E/6PA?. Bosgarren orrialdean berriz eraikuntza araubideari dagokion III.2 atalean gehiengo profila ?SS/E/5PA? edo ?S/PB/5PA? dela xedatzen da, hau da, ez da 6 oin altu egiteko aukera jasotzen, bost oin altu baizik. Kontraesan horrek etorkizunean sor litzakeen gaizki ulertuak saihesteko akats hau zuzentzea komeni da.

Hori dela eta 1976ko Lurzoru Legearen Testu Bateratuko 40, 41 eta 49 artikuluek eta Planeamendu Erregelamenduaren 130 artikuluak arautzen dutenarekin bat etorriaz.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2006ko abuztuaren 2an egindako batzarraldian Jesus Mari Martiarena (EAJ), Kepa Garbizu (EAJ), Iñake Urrestarazuren (EA), Maria Luz Anglada (PP) eta Mikel Antton Arrizabalaga (PSE-EE) batzordekideen aldeko botoarekin

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Enrike Ponte, Errenteriako Udaleko Arkitektoak idatziriko alegazioen txostena onartzea eta, bere edukiarekin bat, proposatzen diren alegazioen onarpena eta atzera botatzea egitea.

BI: Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako 12 eta 28 poligonoetako (Altzate eremua) aldaketa puntualari behin behineko onarpena ematea, onarturiko alegazioaren ondorioz aurkezturiko bigarren gehigarria erantsiz. Dokumentu horrek ez du funtsezko aldaketarik suposatzen eta, beraz, ez da berriro jendaurrean jarri behar.

HIRU: Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako 12 eta 28 poligonoetako (Altzate eremua) aldaketa puntualaren espedientea eta dokumentazio guztia Gipuzkoako Foru Aldundira igortzea behin betiko onarpena eman diezaion.?

Diktamena bileran diren hamaika zinegotzien aldeko botoarekin onartu da, hau da, legeak behartzen duen gehiengo osoaren aldeko botoarekin.

5.- Diktamena, Atzekoate hitzarmenaren aldaketa onartzeko (2006H0110001).

Alkateak 2006ko abuztuaren 2an Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak onartutako diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

?Lezoko Udalak 2006ko otsailaren 1ean egindako osoko bilkuran S.G.6 (Atzekoate) eremuan zenbait partzelaren jabe diren Klaudio José Arregi Garmendiarekin eta beste batzuekin izenpetu bide den Hitzarmen Urbanistikoa onartu zuen.

Onarturiko hirigintza hitzarmenaren arabera Lezoko udalak aurrera daraman Planeamenduko Arau Subsidiarioen berrikuntzan, Gurutze Santuaren Plazako 6 zenbakian kokatzen den eraikinari eta atzean duen lursailari eragiten dieten hirigintza xedapen batzuk jasotzeko konpromisoa hartu zuen, hain zuzen ere ondorengo hauek:

1.- Egun Gurutze Santuaren Plazako 6 zenbakian kokatzen den eraikinean 3 etxebizitza dauden tokian 6 egiteko aukera ematea aipatu 3ak bakoitza bitan banandu ondoren. Aukera hau egun izapidetzen ari den Lezoko Arau Subsidiarioen berrikuntzan jasoko litzateke.

2.- Gurutze Santuaren Plazako 6 zenbakian dagoen eraikinaren atzeko aldea 5 zenbakia duen eraikinaren lerrokaduraraino handitzeko aukera (1,40 metro gutxi gora behera).

3.- Teilatuko atzealdeko isurialdearen malda aldatzeko aukera izatea fatxada nagusiko garaiera izateko.

4.- Atzealdeko eskailerak ezabatzeko aukera, haien ordez eraikinaren barruan igogailu bat jartzeko aukera, horretarako behar izanez gero 2 metroko zabaltzea ahalbideratuz.

Lursailen jabetzaren partetik eskatu da hirigintza araudian sartu nahi diren aldaketa hauek egun udalak daraman Planeamenduko Arau Subsidiarioen berrikuntza prozesuan sartzeko aukera ez ezik, aipatu aldaketak Planeamenduko Arau Subsidiarioen aldaketa puntual baten bidez gauzatzeko aukera aurreikustea hirigintza hitzarmenean, hori dela eta puntu hauei eragiten dieten xedapenetan hirigintza hitzarmena aldatzea proposatzen da, zehazki hitzarmeneko hamaika eta hamabigarren xedapenen testua.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2006ko abuztuaren 2an egindako batzarraldian Jesus Mari Martiarena (EAJ), Kepa Garbizu (EAJ), Iñake Urrestarazu (EA), Maria Luz Anglada (PP) eta Mikel Antton Arrizabalaga (PSE-EE) korporazio-kideen aldeko botoarekin

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Arestian aipatu aldaketak onartzea Lezoko udalak 2006ko otsailaren 1eko osoko bilkuran onarturiko hirigintza hitzarmenean.?

Diktamena bileran diren hamaika zinegotzien aldeko botoarekin onartu da, hau da, legeak behartzen duen gehiengo osoaren aldeko botoarekin.

6.- Diktamena, Euskal Herria plazako lurpeko aparkalekuen proiektua onartzeko (2006H0120001).

Alkateak 2006ko irailaren 1ean Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak onartutako diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

?Lezoko Udalak Euskal Herria plazan lurpeko parking bat eraikitzeko asmoa du herrian dagoen aparkaleku gabeziari irtenbide bat eman nahirik. Halaber, Euskal Herria plazako urbanizazioa berritzeko aukera ere sortzen denez, obra hau burutzeari ere egoki irizten dio.

Aipatu parkinga eraikitzeko proiektuak idatzi eta obrak exekutatzeko kontratazio espedientea izapidetu ondoren MOYUA, S.A. entitatea izan zen esleipenduna. Kontratuaren arabera MOYUA, S.A.k idatziko zuen, besteak beste, lurpeko aparkalekuen proiektua eta udalak onarpena eman eta horren jakinarazpena egin ondoren hasiko zen MOYUA S.A.rentzat obrak gauzatzeko epearen zenbaketa.

MOYUA S.A.k, ASMATU S.L., ingeniaritzak idatzirik, Euskal Herria plazan lurpeko parking bat eraikitzeko exekuzio proiektua aurkeztu du.

2006ko irailaren 1ean buruturiko Hirigintza Batzordeak Kepa Garbizu (EAJ), Jesus Mari Martiarena (EAJ) Iñake Urrestarazu (EA), Maria Luz Anglada (PP), Mikel Antton Arrizabalaga (PSE-EE) eta Isabel Lopez Aulestiaren (IU) aldeko botoarekin zera diktaminatu du:

BAT: Euskal Herria Plazako lurpeko garajeen proiektua onartzea.

BI: Akordio honen jakinarazpena MOYUA, S.A. enpresari jakinaraztea.?

Proiektua irailaren 4ean bisaturik dago Injineru Elkargoan.

Diktamena bileran diren hamaika zinegotzien aldeko botoarekin onartu da.

7.- Proposamena, 2005eko plantila organikoa eta lanpostu-zerrendaren aldaketa behin-betiko onartzeko (2006PE290001).

Alkateak ondorengo proposamen hau luzatu dio Osoko Bilkurari:

?Patxi Apalategi Mendizabalek, 1996 sarrera zenbakia duen idatzian, 2005eko udal plantilla eta lanpostuen zerrendaren aldaketari zenbait alegazio aurkeztu dizkio.

Idatzian lau alegazio arrazoi aipatzen dira: 1. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia gaizki argitaratu zela eta horrek indefentsioa sortu duela; 2. 2005eko plantilla eta lanpostuen zerrendari hasierako onarpena eman zaiola 2005eko erabakia errebisatu gabe; 3. Erabakia erabat arbitrarioa eta diskrezionala dela; eta 4. 26. maila kontsolidatua duela. Lau arrazoi hauengatik osoko bilkurak ekainaren 7an hartutako erabakia indargabetzeko eskatzen du.

Lau argumentu horiei buruz esan:

- 1.go argumentuari buruz, ez da zuzena, guztiz argia baita ekainaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkiaren edukia eta haren titulua, beti ere 2005eko udal plantilla eta lanpostuen zerrendaren aldaketaren hasierako onarpena dela esanez. Espedientean daude iragarkia jasotzen duten aldizkari ofizialeko orriak.

- 2. argumentuari buruz, ekainaren 7ko osoko bilkuraren erdarazko akta, euskaraz idatzitakoaren itzulpena dena, ez datoz bat, eta itzulpena den erdarazko akta zuzendu egin da osoko bilkurak onartu dezan. Erabakiaren ziurtagiriak eta euskarazko aktan garbi jasotzen da erabakia 2005eko udal plantillaren eta lanpostuen zerrendaren aldaketaren hasierako onarpena dela. Aldaketa izanik 781/1986ko, TRRL delakoaren 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraitu zaio aldaketa bideratzeko. Erdarazko aktaren zirriborroa zentzu horretan zuzendu da eta onespenaren zain dago.

- 3. argumentuari buruz, erabakiak dioen bezala ?Egokitzapena egiteko erabilitako metodoa jasorik geratzen da espediente hau integratzen duen dokumentazioan eta, bere garaian, ordezkaritza sindikalarekin adostua izan zen.? eta espedientean dago txostena non azaltzen diren egokitze teknikoaren nondik norakoak. Beraz erabakia ez da arbitrarioa eta diskrezionala.

- 4. argumentuari buruz, gradu pertsonala kontsolidatzearena, ez da zuzena alegazio egileak egiten duen argumentazioa 26. maila kontsolidatua duela esateko, udalak lehen ere erantzuna du argumentazio hori, eta baita epaitegiek ere, hain zuzen alegazio egileak berak bultzatutako 29/05 prozedura laburtuan emandako 2005eko irailaren 30ean emandako epaian.

Horiek horrela, eta Udal Idazkariak egindako txostena ikusirik, aldi berean, 2006ko irailaren 13an egindako Hazienda Batzordea azterturik, Alkatetza honek Osoko Bilkurara darama ondorengo ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT: Patxi Apalategi Mendizabalek 1996 sarrera zenbakiko idatzian egindako alegazioak ez onartzea goian aipatutako arrazoiengatik.

BI: 2005eko udal plantilla eta lanpostuen zerrendaren aldaketari behin betiko onarpena ematea eta GAOn argitaratzea indarrean sartu dadin.?

Patxi Apalategik hartu du hitza eta esan du proposamenaren azalpenean aktaren itzulpenari buruz iradokitzen dena ez dela zuzena: aktaren testu osoa ez dela originalean euskaraz idatzia; erdaraz idatzitako originalen itzulpenak ere jasotzen direla aktan. Arazoko diktamenari dagokionez, testuen arteko desberdintasuna ez dela izan itzulpen kontua baizik eta diktamena osoko bilkuran aldatu izanak ekarri zuela nahasketa. Argitu nahi du berak ez zuela plenoak onartutako testu hori itzuli jakinarazpena eta buletineko iragarkia egin baino lehen, itzulpenerako aurkeztu ez zitzaiolako.

Gaia diktaminatu gabe dagoenez, lehenik gaurko bilkuran tratatzeko urjentzia bozkatu eta onartu egin behar du osoko bilkurak. Alkateak dio 2006/09/13ko Hazienda Batzordeko kideei eman ziela honen berri eta aurrekontuak eta plantillak onartu aurretik hartu nahi duela erabaki hau. Zinegotzi guztiek onartu dute gaia gaur aztertzea.

Ondoren, gaia bera bozkatu da eta zinegotzi guztien adostasunarekin onartu.

8.- Proposamena, 2006ko plantila organikoa eta lanpostu-zerrenda hastapenez onartzeko.

Alkateak ondorengo proposamen hau luzatu dio Osoko Bilkurari:

?Indarrean dagoen legerian oin harturik, toki korporazioari dagokio Udal Plantilla eta Lanpostuen Zerrenda onartzea, urtero, aurrekontuaren bidez.

2006/09/13ko Hazienda Batzordean diktaminatu denez udal aurrekontua, bilera berean aztertu den plantilla eta lanpostuen zerrenda onartzea dagokio.

Hori ikusirik, Alkatetza honek udal osoko bilkurara darama ondorengo ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT: 2006 urterako udal plantilla organikoa hastapenez onartzea.

BI: 2006 urterako lanpostuen zerrenda hastapenez onartzea.?

Gaia diktaminatu gabe dagoenez, lehenik gaurko bilkuran tratatzeko urjentzia bozkatu eta onartu egin behar du osoko bilkurak. Alkateak dio 2006/09/13ko Hazienda Batzordeko kideei eman ziela honen berri eta zinegotzi batek eskaturik aurrekontuarekin batera aurkeztu ordez beste gai bat moduan aurkeztu duela gaurko bilkurara. Zinegotzi guztiek onartu dute gaia gaur aztertzea.

Ondoren, gaia bera bozkatu da ea zinegotzi guztien adostasunarekin onartu.

9.- Diktamena, 2006ko udal aurrekontuaren onarpena.

Alkateak 2006ko irailaren 13an Ogasun eta Kontu Batzordeak onartutako diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

?2006ko Udal Aurrekontua lantzeko eta onartzeko tramitatzen ari den espedientea ikusirik, Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2006ko irailaren 13an egindako bilkuran, Aroia Goienetxea (EAJ-PNV), Kepa Garbizu (EAJ-PNV), Iñake Urrestarazu (EA) eta Mikel Antton Arrizabalaga (PSE-EE) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Mª Luz Angladaren (PP) abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkuran onar dadin:

BAT: Hasierako onarpena ematea 2006. ekitaldiko Udal Aurrekontuari. Hona hemen aurrekontua atalez atal zehaztuta:

Idazkariak ohartu du espedientea bilkura hau hasteko momentuan jaso dela idazkaritzan eta ez duela izan aukerarik espedientea aztertzeko.

Alkateak dio dokumentuaren memorian aipatzen direla aurrekontuaren ildo nagusiak. Aldaketa tekniko txiki bat ere egin behar zaiola diru sarreretako bi partidei 1 sektoreko urbanizazio lanengatik jaso beharrekoa ordaindu behar denaren berdina izan dadin. Proposatutako aldaketa teknikoa hau da:

AUTOEMENDAKINA

SARRERAK/INGRESOS

Kap

Part

Azalpena / concepto

Lehen/Antes

Orain/Ahora

Dif

6

034

Sector 1: Urbanización

3.540.000

3.543.881

+3.881

2

007

Impuesto de construcciones

294.000

290.119

-3.881

TOTALES

3.834.000

3.834.000

0

Mari Luz Angladak dio ez duela ulertzen urte sasoi hauetan horrelako presekin aritzea: irail arte aurrekonturik ez aurkeztu izana eta orain emendakinak aurkezteko denbora eman gabe tramitatzea. Edukiari buruz dio ez dagoela ados proposatzen diren hiru dirulaguntza partidarekin: presoen senideei ematen zaiena, Udalbide eta Pasaia Lezo Lizeoari ematen zaizkienekin. Jaizkibia elkartearentzako aurreikusten den ekarpenarekin ere ez dago ados, elkarte berarekin ez daudelako ados. Aurreikusten den kredituarekin ere ez dago ados. Horregatik guztiagatik ezezko botoa emango duela dio.

Isabel Lopezek hitz egin du ondoren. Lehenik onarpen prozedurari buruzko desadostasuna azaldu du: ez omen du inongo justifikaziorik irailean aurrekontua aurkezteak. Bi gastu-partidarekin ez dago ados, arbitrarioak iruditzen zaizkiolako: Udalbideri eman nahi zaion dirulaguntzagatik, Eudeli ematen zaiona halako bost, eta Pasaia Lezo Lizeoari ematen zaiona, ikastetxe pribatua delako, jasotzen dituelako beste erakundeetatik legez dagozkion dirulaguntzak. ?Clientelismo? kutsua omen du dirulaguntza horrek.

Mikel Antton Arrizabalagak dio bat datorrela esandakoarekin baina aurrekontuko eduki gehienarekin ados dagoela (Jauregialde ingurua txukunduko delako, eguneko zentroaren obrak hasiko direlako, ?). Horregatik baietza emango diola esan du.

Aldeko bederatzi botorekin (alkatea, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak) eta ezezko bi botorekin (IU-EB eta PPko zinegotzienak) diktamena onartu da aipatu aldaketarekin.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 10:30etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 622.519.etik 622.532.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna