2006.eko Abenduaren 7ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2006ko abenduaren 7an, 8:35etan eratu da OSOKO UDALBATZA OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antton Arrizabalaga Brusín (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea), Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea), Noemí Arberas Osés (EAJ taldea), Isabel López Aulestia (IU-EB taldea), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE taldea) eta Maria Luz Anglada González (PP taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.

1.- Egoki irudituz gero, 2006ko urriaren 4 eta 31ko osoko bilkuretako aktak onartzea.

 

Aktak aho-batez onartu dira inolako zuzenketarik gabe.

2.- PSE-EE alderdiaren kandidaturako errenuntziak eta Mayra del Carmen Cruz Robelo zinegotzi kargurako izendatzea (2006ID280001).

Nicanor Barradas Pirisek eta PSE-EE hautetsien zerrendan zeuden guztiek uko egin diote alderdiari dagokion zinegotzi kargua hartzeari. Horrela diote azaroaren 7an erregistratutako idatzietan. Alderdiko hirugarren zinegotzia izateko kredentziala bazuen Nicanor Barradas Pirisek baina, karguaren jabetza hartu gabe zegoen oraindik.

 

Indarrean dagoen legeriaren arabera (konkretuki, Hauteskunde Lege Organiko Orokorraren 182. artikulua eta 2568/1986 Araudiaren 9.4. artikulua) udalbatzak uko egitearen berri jaso behar du eta ordezkoa izendatzeko izapideak hasi behar ditu.

 

Uko egite hauekin PSE-EE hautetsien zerrenda agortu da, eta alderdiak berak ,Hauteskunde Legeko 182.2 artikuluan oinarrituz, Mayra del Carmen Cruz Robelo zinegotzi izendatzea proposatu du, azaroaren 7an erregistratutako idatzian.

Hautesle-Batzorde Zentralari dagokio haren kredentziala egitea.

 

Horregatik guztiarengatik, alkateak proposaturik, Osoko Bilkurak hemen heldu diren ERABAKI hauek hartu ditu:

BAT: PSE-EE hautetsi zerrendako hamaika uko egiteen berri izatea.

 

BI: Hutsik geratzen den kargua betetzeko beharrezkoak diren izapideak egiten hasteko agindu.

Jendartetik Iker Salaberriak, Lezoren Alde herri plataformaren izenean, bere harridura azaldu du PSEren proposamen honekin, ez datorrelako bat aurreko astean Lezon egin zen bakearen aldeko mahai inguruan Mikel Antton Arrizabalagak, PSeko zinegotzi eta zerrenda buruak, esandakoarekin. Orduan esan omen zuen ezen, bakeari laguntzeko, ezker abertzalea erakundeetan parte hartzeko ahalbidetu behar dela eta, gaur, legez kanpo utzitako ezker abertzaleko hautetsiei dagokien aulkia alderdi berak betetzea proposatzen du. Mahai inguru hartan aipatu ziren negoziazioa eta parekoa errespetatzetik nahikoa urruti gelditzen den jarrera, Iker Salaberriaren iritziz. EAJ, PSE, EB-IU eta PP alderdiei eskatu die bueltatzeko legez kanporatutako hautetsiei dagozkien zinegotzi aulkiak eta horretarako dimisio eskutitz eredu bana eman die alderdiei.

Mikel Antton Arrizabalagak dio legealdi hau bukatzear dagoela eta etorkizunera begiratu behar dela.

3.- Kale Garbiketa publikoa eta hiri hondakin solidoen bilketa zerbitzuaren kontratazio espedienterari hasera emateko eta plegu teknikoak eta Administratiboak onartzeko diktamena (2006H00180001).

 

Alkateak irakurri du diktamena. Honela dio diktamenak:

"Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2006ko azaroaren 29an egindako batzarraldian Jesús Mª Martiarena eta Kepa Garbizu (EAJ), Iñake Urrestarazuren (EA), Isabel López Aulestia (I.U) eta Maria Luz Anglada (P.P) aldeko botoarekin

Diktamen proposamena ikusirik, honela baitio:

Lezoko Udalak egun kontratatua duen kale garbiketa zerbitzua 2006ko urtarrilaren 14an amaitzen da. Bestalde hiri hondakin solidoen bilketa zerbitzua gauzatzeko kontraturik ez dago indarrean.

Horrela kale garbiketa zerbitzua eta hiri hondakin solidoen bilketa zerbitzua kontratatzea ezinbestekoa da, udalak derrigor eskaini behar dituen zerbitzuak baitira eta modu zuzenean aurrera eramateko nahikoa baliabide ez baitu.

Kontratu hau HAKLTBaren 154 artikuluan aurreikusitako Zerbitzu Publikoen Kudeaketa Kontratu bat da, beraz HAKLTBaren lehen liburuan aurreikusitakoa kontuan izateaz gain, bigarren liburuaren II tituluan xedaturikoari ere jarraitu behar diogu.

Espediente motari dagokionez, ohikoa bezala tramitatzeari egoki irizten diot presazkoa bezala tramitatzeko arrazoirik ez dudalako printzipioz. Emergentziazkoa berriz are gutxiago.

HKLTBaren 73., artikuluan ezarrita dagoenez, kontratuen esleipena egiteko jardunbide irekia, mugatua edo negoziatua erabili daiteke. Jardunbide irekian interesdun enpresari orok aurkez dezake proposamena, jardunbide mugatuan berriz Administrazioak espresuki hautaturiko enpresariak soilik aurkez dezake proposamena, aurretik eskaera egin ondoren eta jardunbide negoziatuan enpresari desberdinekin negoziazio eta kontsulta egin ondoren Administrazioak hautaturiko enpresariari esleituko zaio.

HKLTBaren 74. artikuluaren arabera, Jardunbide irekia edo mugatua erabiltzen bada enkante edo lehiaketa bidez egin daiteke esleipena. Enkante bidez egiten bada, dirutan adierazitako tipo bati buruz izango da eta esleipena prezio baxuena eskaintzen duenaren alde egingo da beti ere aipatu tipoaren azpitik jotzen badu, lehiaketa berriz orokorrean eskaintza hoberena aurkezten duen lizitatzailearen alde egingo da esleipena, plegutan zehazturiko irizpidean kontuan izanda eta prezioari soilik begiratu gabe.

Bestalde 75. artikuluaren arabera, kontratazio organoek enkante edo lehiaketa bidez egingo ohi dute esleipena. Jardunbide negoziatu, aitzitik, aipatutako legean zehaztutako kasuetan baino ez da erabiliko ; obra kontratuei dagokionez, alegia 140 eta 141 artikuluetan jasotako kasuetan. Bi artikulu hauetan jasotako kasuak betetzen ez direnez, jardunbide negoziatua baztertu egin behar dugu hasieratik. HAKLTBaren 56 artikuluan eta 121 artikuluan aurreikusitako kontratu txikia ere ezin da aplikatu kasu honetan aipatu artikuluen kopuruetan sartzen ez delako obra hau.

Kontratu mota hau batere konplexua ez denez aipatu legearen 73.2 artikuluan aurreikusitako jardunbide irekia erabiltzea aukeratu dut osatu dudan administrazio-baldintza zehatzen agirian. Dena den jardunbide mugatua ere posible da eta aukerazkoa da.

Bestaldetik, kontratuaren ezaugarriak kontuan izanik, bidezkoa da lehiaketa bidez egitea kontratua prezioaz gain beste hainbat faktoreei (kalitatea, baliabideak e.a) balio emateak ere garrantzi handia duelako, administrazio-baldintza zehatzen agirian zehazturiko irizpide objektiboak erabiliz, HAKLTBaren 74.3, 75, 85, 86 artikuluek xedatutakoarekin bat etorriz.

Hona hemen akordio proposamena:

BAT: Lezoko Udalerrian kale garbiketa zerbitzua eta hiri hondakin solidoen bilketa zerbitzua kontratatzeko espedienteari hasera ematea lehiaketa ireki jardunbidearen bitartez.

BI: Lezoko Udalerrian kale garbiketa zerbitzua eta hiri hondakin solidoen bilketa zerbitzua kontratua arautuko duten Baldintza plegu administratiboa eta teknikoa onartzea

HIRU: Kontratu honetarako gastua onartzea."

Idazkariak zenbait oharpen egin dizkio bilkurari erabaki honen inguruan. Dio, pleguak ez dituztela udal teknikariek egin, Tokiko Gobernu Batzarrak 2003ko azaroaren 24ean kontratazio prozeduren akordioan erabakitakoa urratuz. Dio, plegu juridiko administratiboa aztertzerik ez duela izan, aukerarik izan ez duelako, nahiz eta urtarrilean, martxoan eta maiatzean gai berari buruzko plegu zirriborroen txostenak egin izan. Dio, plegu teknikoaren egilerik ez dela zehazten eta ez dagoela, egilea beste norbait den kasurako, zerbitzuetako udal arduradun teknikoaren txostenik, ez prezioaren inguruan, ez baldintza teknikoen eta baliabideen inguruan, .... Plegu teknikoaren I eranskina falta dela dio, aurkibidearen arabera gai garrantzitsua zehaztean duena, guneak eta maiztasunak, hain zuzen. Ohartu du, prozedura akats horiei gehitu behar zaiela udal kontu-hartzaileak egindako oharpena: kontratua burutzeko ez dagoela nahikoa krediturik udal aurrekontuetan eta hura konpondu arte hartzen diren akordioak baliogabeak direla.

Alkateak dio, udal zerbitzu buruarekin prestatu direla plegu teknikoak eta firmatu gabe daudela oporretan dagoelako.

Mikel Antton Arrizabalagak dio, akats teknikoak medio, gaur egun ematen den zerbitzua hobetu behar delako beharrezkoa dela esleipen berri bat egitea.

Mari Luz Angladak dio, datorren urteko aurrekontuetan izango dela kreditu nahikoa lehiaketan aurreikusitako gasturako.

Jendartetik Aitor Sarasolak hitz egin du, Lezoren Alde herri plataformaren izenean. Bere iritziz, idazkariak aipatutako espedientearen gabezia horiek nahikoa dira proposamena atzera botatzeko; eta gaur egungo zerbitzuan gabeziak daudela esatea, haiek inongo txosten edo azterlanetan jaso gabe, ezer ez esatea bezala dela iruditzen zaio eta, gainera, hori arrazoi gisa erabiltzen dela idazkariak aipatutako gabeziak ez aintzat hartzeko. Bere ustez, horiek nahikoa dira proposamena atzera botatzeko.

Kritikatu du azken urtebetean zabor bilketa inongo esleipenik eta kontraturik gabe egiten aritu izana, inork ezer esan gabe, nahiz eta 3.000 €tako ordainketak egin hilero, guztiz zalantzazkoa eta deskonfiatzeko modukoa.

Eskandalosoa omen da iaz urteko 250.000 € kostatzen ziren zerbitzuak orain urteko 530.000 €tan lehiaketara jartzea, alegia, bikoitza baino gehiago. Eta horren inongo azalpenik, justifikaziorik edo azterketarik ez da ageri espedientean. Izugarria deritzo oinarririk gabe, hitzez emandako iritziekin bakarrik, bi urteren buruan kostea bikoiztuta onartzea.

Beste parte hartzerik gabe diktamena bozketara jarri da eta aho batez onartu da.

4.- S-1 Sektoreko Hiritartze Proiektuaren 1, Fasearen obra kontratazioa espedienteari hasera emateko proposamena eta proiektua eta baldintza plegu administratiboa onartzeko diktamena (2006H0120004).

Alkateak irakurri du diktamena. Honela dio diktamenak:

Lezoko Udalak 2006ko maiatzaren 22ko Tokiko Gobernu Batzordearen akordioaren bitartez S-1 Sektoreko Hiritartze Proiektuari behin betiko onarpena eman zion.

S-1 Sektorean etxebizitzak eraikiko direnez hiritartze proiektua faseetan gauzatzea dela zentzuzkoena erabaki da. Horrela obren kontratazio espedientea hastea posible da Hiritartze Proiektu honi behin betiko onarpena eman ondoren.

Obra hauek INJELAN SLko ingeniaria den Antton Jaime Ugartek idatziriko Hiritartze Proiektuaren arabera egingo dira. Lehen faseari dagokion proiektua ere Antton Jaime berak idatzia da.

Kontratu hau HAKLTBaren 120 artikuluan aurreikusitako obra kontratu bat da, beraz HAKLTBaren lehen liburuan aurreikusitakoa kontuan izateaz gain, bigarren liburuaren I tituluan xedaturikoari ere jarraitu behar diogu.

Espediente motari dagokionez, ohikoa bezala tramitatzea egoki irizten diot presazkoa bezala tramitatzeko arrazoirik ez dudalako printzipioz. Emergentziazkoa berriz are gutxiago.

HKLTBaren 73., artikuluan ezarrita dagoenez, kontratuen esleipena egiteko jardunbide irekia, mugatua edo negoziatua erabili daiteke. Jardunbide irekian interesdun enpresari orok aurkez dezake proposamena, jardunbide mugatuan berriz Administrazioak espresuki hautaturiko enpresariak soilik aurkez dezakete proposamena, aurretik eskaera egin ondoren eta jardunbide negoziatuan enpresari desberdinekin negoziazio eta kontsulta egin ondoren Administrazioak hautaturiko enpresariari esleituko zaio.

HKLTBaren 74. artikuluaren arabera, Jardunbide irekia edo mugatua erabiltzen bada enkante edo lehiaketa bidez egin daiteke esleipena. Enkante bidez egiten bada, dirutan adierazitako tipo bati buruz izango da eta esleipena prezio baxuena eskaintzen duenaren alde egingo da beti ere aipatu tipoaren azpitik jotzen badu, lehiaketa berriz orokorrean eskaintza hoberena aurkezten duen lizitatzailearen alde egingo da esleipena, plegutan zehazturiko irizpidean kontuan izanda eta prezioari soilik begiratu gabe.

Bestalde 75. artikuluaren arabera, kontratazio organoek enkante edo lehiaketa bidez egingo ohi dute esleipena. Jardunbide negoziatu, aitzitik, aipatutako legean zehaztutako kasuetan baino ez da erabiliko ; obra kontratuei dagokionez, alegia 140 eta 141 artikuluetan jasotako kasuetan. Bi artikulu hauetan jasotako kasuak betetzen ez direnez, jardunbide negoziatua baztertu egin behar dugu hasieratik. HAKLTBaren 56 artikuluan eta 121 artikuluan aurreikusitako kontratu txikia ere ezin da aplikatu kasu honetan aipatu artikuluen kopuruetan sartzen ez delako obra hau.

Kontratu mota hau batere konplexua ez denez aipatu legearen 73.2 artikuluan aurreikusitako jardunbide irekia erabiltzea aukeratu dut osatu dudan administrazio-baldintza zehatzen agirian. Dena den jardunbide mugatua ere posible da eta aukerazkoa da.

Bestaldetik, kontratuaren ezaugarriak kontuan izanik, bidezkoa da lehiaketa bidez egitea kontratua exekutatzeko epeak ere garrantzi handia duelako, administrazio-baldintza zehatzen agirian zehazturiko irizpide objektiboak erabiliz, HAKLTBaren 74.3, 75, 85, 86 artikuluek xedatutakoarekin bat etorriz.

Hona hemen akordio proposamena:

BAT: S-1 Sektoreko Hiritartze proiektuaren lehen fasearen proiektua onartzea.

BI: S-1 Sektoreko Hiritartze proiektuaren lehen faseari dagozkion obren kontratazio espedientea hastea, lehiaketa ireki jardunbidearen bitartez.

HIRU: S-1 Sektoreko Hiritartze proiektuaren lehen faseari dagozkion obren kontratua arautuko duten Baldintza pleguak onartzea

LAU: Kontratu honetarako gastua onartzea.

Mikel Antton Arrizabalagak dio, obra horren onuradunak pribatuak izanik, abstenitu egingo dela bozketan. Galdetu dio idazkariari ea oharpenik baduen erabaki honek. Idazkariak dio ezetz, baldintza plegua udal teknikariek egina dela, proiektua sinatua eta bisatua dagoela eta kontu-hartzailetzatik diru kontsignazio nahikoa dagoela esan dutela.

 

Bozketa egin da eta diktamena onartu egin da; alde zortzi boto izan dira (alkatea eta EAJ, EA eta PP taldeetako zinegotzienak) eta hiru abstentzio (PSE eta EB-IU taldeetako zinegotzienak).

 

5.- Lezoko Udaleko langileen lan baldintzen inguruko akordioa eta hitzarmena onartzeko diktamena (2006PE29003).

 

Alkateak irakurri du diktamena. Honela dio diktamenak:

"2006ko martxoaren 9an EUDELek eta administrazioan gehiengo ordezkaritza duten sindikatuek Euskadiko Tokiko Erakundeetako Funtzionarioen Lan Baldintzak Arautzeko Hitzarmen Eredua eta Euskadiko Tokiko Erakundeen Lan Harremanen Protokolo Markoa izenpetu zuten.

Eredu horretan finkatzen da UDALHITZ deritzan testua erakundeen aldetik onartzeko jarraitu beharreko protokoloa.

Zentzu horretan, Udaleko ordezkaritza sindikalak zenbait akordio proposamen aurkeztu ditu pertsonal funtzionarioarentzat eta laboralarentzat, eta horietan, UDALHITZ testuaz gain, Lezoko Udalak eta ordezkaritza sindikalak azken urteetan zehar hitzartutako hobekuntzak jasotzen dira. Era berean proposamen horretan, beste zenbait hobekuntza jasotzen dira, udal ordezkaritzarekin negoziazio gai izan direnak eta 2007tik aurrera aplikagarri liratekeenak.

Aurkeztutako proposamenak aztertu, eztabaidatu eta adostu ondoren, Barne Batzordeak, 2006/11/29an egindako bileran, Kepa Garbizu Azkue, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Mari Luz Anglada Gonzalez eta Isabel López Aulestiaren aldeko botoekin, behean heldu den akordioa diktaminatu du Osoko Bilkurak onar dezan:

BAT: Lezoko Udaleko Langile Funtzionarioen Lan Baldintzak Arautzen dituen Hitzarmenaren Akordioa onartzea.

 

BI: Lezoko Udaleko Langile Laboralen Lan Baldintzak Arautzen dituen Hitzarmen Kolektiboa onartzea.

HIRU: Akordio hauek Osoko Bilkurak onartu eta hurrengo hilaren lehenengo egunean sartuko dira indarrean. Diru igoeren gaineko xedapenak 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

LAU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Idazkariak ohartarazi du baliogabetasun akatsak daudela espedientean: funtzionarioentzat 9/1987 legean eta lan-legepeko langileentzat 1/1995 Erret Dekretu Legegilean zehaztutako prozedura ez delako jarraitu bi kasuetan, horretarako legitimitatea duten sindikatuekin negoziazio mahairik osatu ez delako eta, ondorioz, mahai horrekin negoziatu ez delako, ez lan akordioa funtzionarioen kasuan, ezta hitzarmen kolektiboa ere lan-legepekoen kasuan. Zentzu horretan gogoratu du Eudelek berak Udalhitzen onarpenerako aholkatutako prozedura eta, baita ere, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkariak horrela adierazi duela udalera abenduaren 5ean bidalitako idatzian.

Mikel Antton Arrizabalagak galdetu du ea zergatik ez den osatu mahairik, ez dela izango denbora faltagatik behintzat. Bost minututako etenaldia eskatu du diktamenaren I eranskina aztertu ahal izateko.

Alkateak onartu du etenaldia.

Bost minutu pasa ostean berriro bilkura hasi denean, Mikel Antton Arrizabalagak esan du bere taldea ados dagoela Udalhitz-ekin baina abstenitu egingo dela, Lezon egin den prozedurarekin ez dagoelako ados, astakeria iruditzen baitzaio mahaia ez eratu izana, eta ez dago ados eranskinean 32 orduko lan asteko baldintza mantendu izanarekin ere.

Isabel Lopez Aulestiak dio bera ere abstenitu egingo dela jarraitu beharreko prozedura egin ez delako.

Bozketan diktamena onartu da aldeko zortzi botorekin (alkatea, EAJ, EA eta PP taldeetako zinegotziak) eta hiru abstentziorekin (PSE eta EB-IU taldeetako zinegotziak).

 

6.- Patxi Apalategi Mendizabalek 2005eko plantila eta lanpostuen zerrendaren aldaketaren behin-betiko onarpenari jarritako errekurtsoa erantzuteko diktamena (2006PE290001).

 

Alkateak irakurri du diktamena. Honela dio diktamenak:

"Patxi Apalategi Mendizabal jaunak, 2006ko irailaren 18ko data duen Lezoko Udalaren osoko bilkuraren ebazpenaren aurka aurkeztutako Aukerako Berraztertzeko Errekurtsoa aztertuta, non Lezoko Udaleko 2005erako plantila organikoa eta lanpostu-zerrendaren aldaketaren hasierako onespenaren aurka Patxi Apalategi Mendizabal jaunak egindako alegazioak ez ziren aintzat hartu. Horiek horrela, eta ikusirik aholkulari juridikoak egindako txostena, honen bidez hurrengo erabakia hartzea proposatzen diot Barne Batzordeari:

ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT: Aintzat hartzea Birjartze-errekurtsoko lehenengo alegazioaren zati bat, "Enpresa Maila" izendapena ezabatzeari dagokionean, 2006rako plantila organikoa eta lanpostu-zerrendarekin egin den bezala.

Lehenengo alegazioari dagokion gainontzekoa ez dugu aintzat hartzen, oinarrizkoak eta osagarriak diren ordainketen zenbatekoak egun indarrean dagoen legedia osoki errespetatzen du, beraz.

 

BI: Aintzat ez hartzea Birjartze-errekurtsoko bigarren alegazioa. Egokitzapena egiteko erabiltzen den metodoa espedientean jasoa dago eta bere garaian ordezkaritza sindikalarekin batera erabakia izan zen, eta txostena egokitzapen teknikoaren xehetasunak jasotzen diren espedientean dago. Beraz, erabakia ez da ez arbitrarioa, ez diskrezionala.

HIRU: Aintzat ez hartzea birjartze-errekurtsoko hirugarren alegazioa. Errekurtso-egileak 26. maila kontsolidatua duela esateko egiten duen arrazoiketari, Lezoko Udalak askotan erantzun izan dio eskaera zehatz horri, eta baita Auzitegiek ere, zehazki 2005eko irailaren 30ean emandako epaian, azterketa objektu den Birjartze-errekurtsoa aurkezten duen berak sustatutako 29/05 prozedura laburtuan jasoa.

LAU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake:

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Eztabaidarik gabe bozkatu eta onartu egin da diktamena zinegotzi guztien aldeko botoarekin.

7.- Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ordenantza arautzailea behin betiko onartzeko diktamena (2006KO29001).

 

Alkateak irakurri du diktamena. Honela dio diktamenak:

"Udalaren osoko bilkurak 2006ko ekainaren 7an hasierako onarpena eman zion Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ordenantza arautzaileari.

GAOan, udaletxeko iragarki oholean eta web orrian jarritako iragarki bidez hogeita hamar laneguneko jendaurreko epea iragarri zen erreklamazioak edota iradokizunak aurkezteko.

Epe horretan lau alegazio idatzi aurkeztu dira Lezo Institutua, Lezo Herri Eskola eta Hezikuntzak aurkeztutakoa da lehenengoa; Altzate, Altamirako Auzo Elkarteak aurkeztutakoa bigarrena; Oiartzualdeko Hedabideak E.M. hirugarrena; eta Iker Salaberriak Lezoren Alderen izenean aurkeztutakoa, laugarrena.

Lau alegazio idatzi horietan jasotzen diren proposamenak gaien arabera ordenatu dira eta udal teknikariek aztertu dituzte.

Txostenen arabera komenigarria ikusten da, lehen eta laugarren alegazio idatzietan euskararen gaia dela eta emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunerako gaia dela eta, proposatutakoak onestea. Horrela euskararen udal ordenantza eta berdintasun legea bete beharrekoak direla espresuki jasoko da araudiaren 4. artikuluan bete behar horiek i) eta j) hizki berrietan gehituz.

Beste txosten batean komenigarria ikusten da laugarren alegazio idatziak zuzeneko diru laguntzak gehiago zehazteko egiten duen ekarpena aintzat hartzea. Horrela araudiaren 7. artikuluari 3. lerroaldea gehituko zaio proposatutakoak jasoz.

Egindako gainontzeko alegazioei buruz, ez da ikusten araudi orokorra tresna egokia denik han eskatzen direnak jasotzeko, gehienetan edo legeak berak edo dirulaguntza konkretu bakoitzak zehaztuko dituelako.

Guzti horregatik, Aroia Goienetxea (EAJ-PNV), Kepa Garbizu (EAJ-PNV), Iñake Urrestarazu (EA) eta Mª Luz Angladaren (PP) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkuran onar dadin:

ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT: Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ordenantza arautzaileari egindako alegazioak goian aipatutako eran erantzutea, txostenetan aipatzen diren arrazoiengatik.

BI: Aipatu aldaketekin, Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ordenantza arautzailea behin betikoz onartzea.

HIRU: Araudia GAOn argitaratzea indarrean sartu dadin.

LAU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Jendartetik Imanol Esnaolak, Lezoren Alde herri plataformaren izenean, dio atzerapen handiarekin datorrela araudia badirelako hiru urte legea onartu zela eta, denboraz gain, aukera ere galdu dela Lezoko elkarteekin gaia lantzeko. Horren ordez, beste herrietako ordenantza kopiatu egin omen da, ezkutuan eta adostu gabe, oso prozedura eskasa eramanez, agian hurrengo aginte-aldira arte dena propio atzeratuz. Elkarteak kezkatuak omen daude araudiaren ondorioez. Dena den ongi etorria eman dio araudiari beste aukera bat zabaltzen duelako nahiz eta, gaur, ez jakin zein den aplikatuko den politika, zein dirulaguntza izango diren zuzenekoak, zein lehiatutakoak, e.a..

 

Onartu egin da diktamena zinegotzi guztien aldekoa botoarekin.

 

8.- 2006ko aurrekontuan aurreikusitako kreditu eragiketa onartzeko diktamena.

 

Alkateak diktamena irakurri du. Honela dio diktamenak:

Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2006ko azaroaren 29an egindako bilkuran, Aroia Goienetxea (E.A.J.-P.N.V.), Kepa Garbizu (E.A.J.-P.N.V.), Iñake Urrestarazu(E.A.), eta Mª Luz Anglada (P.P.) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

"Bi mailegu eragiketa hitzartzea"

Lehenbizi epe luzerako mailegu hau hartzeko egindako espedientearen berri eman zaio osoko bilkurari. Mailegua, 1.200.000€, 2005 eta 2006ko inbertsioak finantzatzeko da.

Finantza erakundeei egindako kontsulten ondorioz, haiek aurkeztutako eskaintza guztien artean, Kutxa - Caja Gipuzkoa San Sebastianek, guztira 815.000 euro, eta La Caixak, guztira 385.000 euro, egindako eskaintzak hautatu dira, oro har, abantailatsuenak direlako Udalaren interesentzako.

Aztertu da, era berean, kontu-hartzaileak egindako informea.

ERABAKIA:

BAT: Gipuzkoa Donostia Kutxarekin 815.000 € (ZORTZIEHUN ETA HAMABOST MILA EURO) diru-kopurukoa den mailegua kontratatzea; onartu den eta ERANSKIN gisa erabaki honi atxiki zaion Kontratu-Proiektuaren arabera:

BI: La Caixarekin 385.000 € (HIRUEHUN ETA LAUROGEITA BOST MILLA EURO) diru-kopurukoa den mailegua kontratatzea; onartu den eta ERANSKIN gisa erabaki honi atxiki zaion Kontratu-Proiektuaren arabera:

HIRU: Aginpidea ematea alkate-lehendakaria den Kepa Garbizu Azkue jaunari, edo legez hura ordezkatzen duenari, mailegua hartzeko izenpetu behar diren dokumentuak, publikoak nahiz partikularrak, izenpetzeko Udalaren izenean.

LAU: Foru Aldundiari espedientea bidaltzea, hark aldez aurretik eta agindua den bezala baimena eman dezan.

 

Jendartetik Aitor Sarasolak hitz egin du. Bere esanetan, egoera finantzario oso-oso larria ondorioztatzen da akordio proposamenetik, ordaindu ezin diren konpromisoak hartzea proposatuz. Adibide hauek eman ditu horren froga gisa: 2005. urteko likidazioaren arabera udal kontuen aurrerakin garbia 140.000 €takoa zela. Aurrerakin garbi hori omen da udalak erosketa eta obra txikiak egitea ahalbideratzen duena. Halere, likidazio horren ondoren, 2005eko abenduan kreditu berri bat kontratatzea erabaki zela eta haren amortizazio eta interesetan 160.000 € ordaindu beharko dela. Gaur onartu nahi diren beste kreditu hauek 140.000 €tako gastua suposatuko omen dute. Hau da, 2005eko likidazioaz geroztik 300.000 €tako gastua onartu dela, udala aurrerakin garbirik gabe utziz. Kreditu berriak bi urteko gabezia-epearekin negoziatuak direnez, 2008 urtera arte ez da egoera lehertuko, datozen urteetako gestioa erabat baldintzatuz. Gogoratu du, behin baino gehiagotan epe ertain eta luzerako plangintza ekonomikoa eskatu duela, beharrezkoa delako erabakiak hartzeko eta hurrengo legealdietara aurreikuspenekin iristeko. Gestioa oso eskasa dela dio, zuhurtziak agintzen duena baino gehiago gastatzea onartzen ari dela osoko bilkura eta horren adibide jarri du, kreditu hauez gain, pleno honetan bertan gastu arrunta den zabor bilketarako eta kale garbiketarako gaur egungo gastua 280.000 €tan gehitzea proposatzen dela.

Mari Luz Angladak dio, bere ustez ere zorra oso altua dela eta jaitsi egin beharko litzatekeela. Plan finantzarioa ere eskatua omen du. Baina, salbuespen gisa eta aurrekontuaren alde bozkatu zuenez, hura gauzatzeko beharrezko den kreditu honen alde ere bozkatuko duela.

Isabel Lopez Aulestiak dio bera abstenitu egingo dela eta aurrekontuaren alde bozkatu zutenek kreditu honen alde egin behar dutela iruditzen zaiola.

Mikel Antton Arrizabalagak ere dio, aurrekontuaren alde bozkatu zuenez kredituaren alde ere bozkatuko duela.

Aitor Sarasolak dio, aurrekontuak onartzeak ez duela esan nahi gestio txarra onartu behar denik.

Bozketa egin da eta diktamena onartu da alde hamar boto izan direlarik (alkatea, EAJ, EA, PSE eta PP taldeetako zinegotzienak) eta abstentzio bat (EB-IU taldeko zinegotziarena).

9.- 030002 zenbakidun aurrekontu aldaketa onartzeko diktamena, transferentzi bidez (2006KO020001).

 

Alkateak irakurri du diktamena. Honela dio diktamenak:

Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2006ko azaroaren 29an egindako bilkuran, Aroia Goienetxea (E.A.J.-P.N.V.), Kepa Garbizu (E.A.J.-P.N.V.), Iñake Urrestarazu(E.A.), eta Mª Luz Anglada (P.P.) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Kreditu Aldaketarako espedientea onartzea, Gastuen aurrekontu partida batzuen artean kreditu-transferentziarengatik identifikazio zk. 30002/2006, data 2006-11-21, eta zenbatekoa 1.000€.

Onartu egin da diktamena zinegotzi guztien aldeko botoarekin.

10.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

 

Alkateak egin izan diren bileretako gai zerrenden kopiak banatu ditu. Horren inguruan informazio gehiago eskatuz gero emango dela.

 

Aroia Goinetxeak D06/00823 alkatearen dekretuaren berri eman dio osoko bilkurari. Dekretu horren bidez kreditu transferentziaren bidezko kreditu aldaketaren 040001 espedientea onartu zen, guztira 9.601 €takoa.

11.- Galde-eskeak.

1.- Mikel Antton Arrizabalagak galdetu du ea, azkenean, nola gelditu den udalen ordezkaritza Jaizkibiako kontseiluan.

Alkateak dio botoarekin lau udal izango direla: Donostia, Irún, Pasaia eta Lezo.

2.- Jendartetik Imanol Esnaolak galdetu du ea zertan den Hitzaren aurtengo dirulaguntza.

Alkateak dio ez dutela erabaki eta aurrekontuetan ez dagoela partida nominalik

3.- Imanol Esnaolak galdetu du, Gabonetako festak laster izanik, ea asmorik dagoen haien antolaketan aritzen diren elkarteekin dauden liskarrak konpontzeko.

Alkateak dio asmo eta gogorik onenak dituztela.

Imanol Esnaolak galdetu du ea gauza zehatzik pentsatuta duen, eta alkateak dio asmoak dituztela.

4.- Mikel Antton Arrizabalagak galdetu du zertan den Eguneko Zentroaren kontua.

Alkateak dio aurten bertan lehiaketa arautzen duen plegua onartzeko beste pleno bat egiteko asmoa dagoela.

5.- Mikel Antton Arrizabalagak galdetu du datorren urteko aurrekontu dokumentua zertan den.

Alkateak prestatzen ari direla dio.

6.- Mikel Antton Arrizabalagak galdetu du plazako obrak noiz bukatuko diren.

Alkateak dio materialaren zain daudela eta otsail ingururako bukatuko dela.

7.- Mikel Antton Arrizabalagak galdetu du Jauregialdeko obrak zertan diren.

Aitor Mimendiak dio proiektuko aurrekontua bukatzen ari direla.

8.- Aitor Sarasolak galdetu du noiz tratatuko den osoko bilkuran uztailaren 20an herritarren sinadurekin aurkeztutako proposamena.

Alkateak dio ez dakiela noiz baino tratatuko dela.

Aurten egitekoa den beste pleno horretan tratatuko ote den galdetu dio Aitor Sarasolak eta ezetz erantzun dio, aurretik onarpen prozedura bukatu nahi dutela.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 9:50etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 622.873.etik 622.584.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna