2008.eko Uztailaren 17ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2008ko uztailaren 17an, osteguna, 19:10etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Irati Aranburu Salaberria, Jon Legorburu Arrastua, Silbia Folgueira Fernández, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Kepa Garbizu Azkue, Jesús María Martiarena Jaca, Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín eta Roberto Sánchez Sánchez.

Ez da bilerara etorri Jaione Lekuona Irazusta zinegotzia.

Enrique Figueroa Laboa, aretoan dago, bilerako lehen puntuan zinegotzi kargua hartu ondoren zinegotzi eginkizunetan aritzeko.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Zinegotzi kargu hartzea (2008ID280002).

Alkateak dio gaurkoan beste zinegotzi bati ongi etorria eman eta kargua hartzea dagokiola.

Udalbatzak, joan den ekainaren lauan egindako osoko bilkuran, Aroia Goienetxearen ordez zinegotzi izateko aukerari bi pertsonek uko egin izanaren berri jaso zuen, eta EAJ/PNVk alderdiak berak, hautagai zerrendako hurrengoa zen Enrique Figueroa Laboa zinegotzi izendatzea proposatu zuen.

Hautesle batzorde zentralaren aurrean tramitatu zen eskaera, hari dagokiolako zinegotzi kredentziala ematea. Kredentziala 2008ko ekainaren 27an jaso da udalean eta Enrique Fiqueroak egin ditu, Udaletxeko Idazkaritzan, legez beharturik dagoen bateraezintasun arrazoiei buruzko eta ondasunen inguruko aitorpenak .

Hori guztia egiaztaturik, eta Enrique Fiqueroa bilkura honetara agertu delarik, alkateak zinegotzi kargua hartzeko 707/1979 Errege Dekretuko 1. artikuluak agintzen duen galdera egin dio. Enrique Fiqueroak zin egin du, zinegotzi karguaren betebeharrak zintzo beteko dituela.

2.- Lezoko Udalerriko "Pildain" Gizarte zentro integratua eraiki, ustiatu eta mantentzeko lanaren kontratazio prozeduraren eta esleipenaren aurka aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa onartzeko diktamena (2006H0120003).

Alkateak Ogasun Batzordeko diktamena aurkeztu eta onartzeko eskatu dio osoko bilkurari:

"Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2008ko Uztailaren 11n egindako bilkuran, Silbia Folgueira, Haritz Salaberria eta Irati Aranburu zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

"2007ko ekainaren 16an, Aitor Sarasola Salaberriak eta Iñigo Esnaola Arbizak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuten, prozedura irekian eta lehiaketa sistemaren bidez Lezoko udalerrian "Pildain" Gizarte Zentro Integratua eraiki, ustiatu eta mantentzeko lanaren kontratazioa hasteko, Lezoko Udalbatzaren Osoko Bilkurak 2007ko maiatzaren 4an hartutako erabakiaren aurka (maiatzaren 16ko 95 zenbakidun GAOn argitaratu zen iragarkia). Aurkeztutako idatzian, errekurrituriko ekintza hori baliogabetzeko eskatzen zuten, eta baita erabaki horretatik etorritako gainerako ekintza guztiak ere. Idatzian espresuki adierazten da Biharko Gipuzkoa, SL eta Urbelan Empresa Constructora, SA enpresei esleitu zaiela kontratu hori. Era berean, errekurrituriko ekintza bertan behera uzteko eskatzen zuten.

Halako alegazio batzuetan oinarritzen da errekurtsoa. Hona hemen horiek laburbilduta:

1.- 2/2000 LEDaren 227 eta 228. artikuluak ez betetzea, bideragarritasun azterketa eta eraikuntza proiektua ez zirelako betiko onartu. Gainera, Bideragarritasun Azterketak ez zuen Legeak xedaturiko gutxieneko edukia.

2.- Aurrekontu izendapenik ez izatea

3.- 2/2000 LEDaren 231. artikulua ez betetzea, kontzesioaren aurreko prestatze tramiteak bete ez zirelako.

4.- Hirigintza Plangintza urratzen du proiektuak.

Hirigintza Teknikariaren txosten juridikoa kontuan izanik honako erabaki hau proposatzen da:

BAT: Aitor Sarasola Salaberriak eta Iñigo Esnaola Arbizak aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa onartzea, eta zuzenbidean deusez adieraztea Lezoko Udalbatzaren Osoko Bilkurak 2007ko maiatzaren 4an hartutako erabakia, prozedura irekian eta lehiaketa sistemaren bidez Lezoko udalerrian "Pildain" Gizarte Zentro Integratua eraiki, ustiatu eta mantentzeko lanaren kontratazio prozesua hasten zuena, eta Lezoko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2007ko ekainaren 13an hartutako erabakia, arestian aipaturiko kontratu hori "Biharko Gipuzkoa, SL" eta "Urbelan Empresa Constructora, SA" enpresei esleitzen ziena, txosten honetan aipaturiko arrazoiengatik.

BI: Erabaki honen berri ematea Aitor Sarasola Salaberria, Iñigo Esnaola Arbizari, eta "Biharko Gipuzkoa, SL" eta "Urbelan Empresa Constructora, SA" enpresei."

Iñigo Esnaolak gaiaren aurrekariak errepasatu ditu. 1999-2003 legealdian Lezoko plan gerontologikoa landu eta onartu zela, bertan eguneko zentroaren azpiegitura Auñamendi auzoan kokatuz. Inbertsio horretarako aldundiak onartua omen zuen 600.000 €tako dirulaguntza eta aurreikusitako plaza guztiak kontzertatuak omen ziren.

Aldiz, jarraitzen du Esnaolak, 2003-2007 legealdiko udal antidemokratikoak atzera egin zuen asmo horietan eta azpiegitura Pildainen kokatzen du 4.800.000 inbertsioko obra proposatuz, 50 urteko kontzesioarekin, inongo dirulaguntzarik gabe eta plaza guztiak kontzertatu gabe.

Udal teknikarien parte hartzerik gabe, kontu-hartzaileak kontratazio mahaietan emandako kontrako txostenekin, kontzesioari buruzko txosten ekonomikorik gabe, prozeduran akatsak eginez, lehiaketa urgentziaz burutuz eta nahiz eta udal hauteskundeen ondoren hautetsi garaile berriek adjudikazioa ez egiteko eskatu, 2007/06/13ko Tokiko gobernu batzarrean kontzesioa eman egin zen.

Gobernu berriak, jarraitzen du Esnaolak, prozedura aztertzen du: idazkariak egindako oharpenak errepasatu, Z&B Consultores enpresari txostena eskatu, Oarsoaldea S.A. Garapen Agentziari txosten berria eskatu, Aldundiko teknikariekin hitz egin, adjudikazioa duen enpresarekin lauzpabost aldiz bildu, zeinek aitortu baitzuten lehiaketa urgentziak zirela-eta egindako eskaintza, azterketa ziurtasun gabezia osokoa eta zalantza finantzario handikoa zela. Eta kontsulta hauen guztien ondoren erabaki du Pildaineko proiektua baztertzea, dituen hutsune, kostu eta zalantzengatik, eta eguneko zentroa Auñamendin kokattzea. Obrak udazkenean adjudikatzeko intentzioa omen dago eta 2009an martxan jarri, 2005az gero martxan behar zuen zerbitzua.

PNV eta EA taldeen arduragabekeria salatu du Iñigo Esnaolak, diruz lagundutako obra bati uko egiteagatik eta lau urte besterik egin gabe pasa dituztelako, zerbitzu horren beharrean daudenei azalpenak zor dizkietela uste du Esnaolak.

Kepa Garbizuk dio Pildain posible dela, bera konbentzituta dagoela, nahi izanez gero bideragarria den azpiegitura dela. Gaurko proposamenari buruz dio, oinarri duen txosten juridikoak akatsak badituela, adibidez aurrekontuetako kontsignazioari buruz aritzen denean, obrak iraun bitarte ez zegoela ezer ordaindu beharrik zundaketa lan txiki batzuk besterik. Txostena bera iruditzen zaio alegazioari itsatsia, eta susmoa du alegazioa bera etxe barrutik egindakoa ez ote den izango.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio gaurkoa erabaki politikoa dela eta horrela tratatzea nahi du: ezin omen dute arrazoi tekniko eta juridikoren atzean ezkutatu erabaki estrategiko hauek atzera botatzeko. Zentzu horretan dio, beharbada errekurtso egileek ez dutela legitimitaterik hura tartekatzeko eta errekurtsoa bera baliogabea izan daitekeela. Dena den, erabaki politikoa da gaurkoa, eta jadanik urteak daramatzan gai hau beste atzerapen bat izateko arriskutan da, lezoar askorentzat hain beharrezkoa den azpiegitura atzeratuz. Bera Pildainen aldekoa da, proiektua ona omen da, kokapena primerakoa eta, orain berriz, Auñamendin kokapen okerragoa eta azpiegitura txikiagoa. Proiektu berriaren finantzaketari buruz, bideragarritasunari buruz eta kudeaketa sistemari buruz inongo azalpenik ez ematea kritikatu du. Adjudikazioa bertan behera uzteak ekar lezakeen kalte ordainen ordainketaz ohartu du. Erabaki politikoa omen dela eta ezin dela Lezoko pertsona nagusiekin jolasean segi.

Roberto Sánchezek dio abstenitu egingo dela. Bera ez omen dago ados Pildainek zuen kudeaketa pribatuarekin, baina ezta proposatzen den kokapen eta egoitza berriarekin ere. Bere ustez Pildainen kokapena pribilegiatua da, eta proiektua eta plaza-kopurua egokiagoa.

Jendartetik Aitor Sarasolak,1999-2003 legealdian alkate izandakoak, dio gaur eztabaidan dagoen gaia bera dela aurreko legealdia bukatzear zela, teknikariek eta auditoreak adierazi duten bezala, akordio irregularrak hartuz eta oharpenei kasurik egin gabe aurrera egitea deliberatu zena. Hori delitua ere izan omen daiteke.

Beste eztabaida omen da kokapenarena, behar bada herrian diren beharren arabera analizatu beharko dena. Dena den, bere iritziz eta txosten teknikoen iritziz, Auñamendikoak funtzionalitate osoa du eta, horren alde, beste herrietan daudenak ikusi besterik ez dagoela. Irisgarritasunaren inguruan gogoratu du erabiltzailea ez dela oinez joaten, garraio bidez baizik.

Era berean jendartetik, Markos Eizagirrek, Aiton Borda Jubilatuen Elkarteko lehendakariak, azpimarratu du elkartea ez dagoela inongo talde politikoren menpean. Elkartea izan dela egoitzen beharra erreklamatu duen bakarra, aspalditik. Zentzu horretan gogoratu du Bikarioeneko Arau Aldaketari egindako erreklamazioa. Udal korporazio guztiekin kolaboratu izan dutela azpiegitura gauzatzeko. Bai berak, bai juntak eta inguruan dituztenek Pildain nahiago omen dute. Orain mila traba omen daude Pildainen aukerarako; herri kontsulta egitea proposatu du eta emaitza onartuko dutela dio.

Kepa Garbizuk memoria egite aldera esan du Lezorako lehenengo eguneko zentroa egiteko aukera, Jauregialden egitekoa, hemen dagoen norbaitek ukatu zuela, alkate zen garaietan.

Aitor Sarasolak dio azken 30 urtetan, paperetan, kokapen ezberdinak izan dituela eguneko zentroak: Bikarioenea, Jauregialde, ... , baina proiektua definitu, lokala egin eta 600.000 €tako Diputazioko dirulaguntza Kepa Garbizu alkate izan den legealdiak galdu omen du. Hori babestu eta isilik egon direnak kritikatu ditu, orduan ez omen zituzten erreferendumak eskatu, mila herritarren firmak Auñamendiren aldeko azaldu zirenean ere hitzik esan gabe geldituz.

Markos Eizagirrek dio ez dagoela ados Sarasolak esandakoarekin, aurreko legealdikoekin bere eztabaidak izandakoa dela Aiton Bordako Junta.

Alkateak beste eztabaidarik gabe diktamenaren bozketa proposatu du. Diktamena onartzearen alde zazpi boto izan dira (alkatea, Irati Aranburu, Jon Legorburu, Silbia Folgueira, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu eta Urko Lopetegi), lau boto kontra (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga) eta abstentzio bat (Roberto Sánchez). Beraz diktamena onartu egin da.

3.- 2008ko aurrekontuaren aldaketa onartzeko diktamena. Kreditu aldakuntzak (2008KO020002).

Silbia Folgueira, Ogasun gaietarako zinegotzi delegatuak, diktamena azaldu eta haren onarpena eskatu du. Honela dio diktamenak:

"Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2008ko uztailaren 11n egindako bilkuran, Silbia Folgueira, Haritz Salaberria eta Irati Aranburu (EAE/ANV) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu (EAJ/PNV) zinegotziaren abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

"Kreditu Aldaketaren espedientea egiten ari denez, 2008ko aurrekontuko gastuen aurrekontuko partiden arteko kreditu transferentziaz, 2008ko ekainaren 26ko D08/000585 dekretuaren bidez hasia, Haziendako delegatu honek Ogasun batzordeari proposatzen dio ondorengo diktamen honen onarpena.

BAT: Kreditu Aldaketarako espedientea onartzea, gastuen aurrekontuko zenbait partida artean kreditu-transferentzia bidez, identifikazio zk. 30004/2008, 2008-06-26koa eta zenbatekoa 550.089,25 €."

PARTIDA

AZALPENA

FUNTZIONALA

GEHITU

GUTXITU

KREDITU RET.

361

Proiektu Idazketa

432.00

140.000

1.1

341

Aiton Borda Berritzea

449.00

80.000

1.2

340

Haurtxo Haur Eskola

140.000

1.3

331

Igerilekuen aldaparen konponketa

60.000

1.4

329

Zubitxo Errekaren Konponketa

80.000

1.5

331

Igerilekuen aldaparen konponketa

25.000

2

382

Auñamendiko Eguneko Zentroa

313.40

500.000

383

Pic Urban

432.00

25.000

362

Euskararen Plan estrategikoa

455.10

25.098,25

4

384

Aisialdi jardueren kudeaketa

455.10

25.098,25

GUZTIRA

550.089,25

550.089,25

 

 

Kepa Garbizuk proposameneko zenbakien errepasoa egin du eta murrizten diren proiektuetarako aurrekontuetan zenbat geldituko den ere azaldu du. Murrizketa horiez gain, Auñamendi egitea aurreikusita, presupuestatuak eta onartuak zeuden Gazte lokala, Haurtzaindegi berria eta EPA ez egitea suposatzen duela dio. Galdetu du ea egin nahi den egungo zentroaren proiektua nork idatzi duen.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio aurka bozkatuko duela bilkura honetan tratatutako aurreko puntuarekin lotura duelako eta han emandako botoaren koherentziaz.

Roberto Sánchezek ere aurka bozkatuko omen du, inbertsio berri bat orain proposatzeak prebisio falta adierazteaz gain beste proiektu batzuk kaltetzen dituelako.

Alkateak dio proiektua Gizarte Zerbitzuetako batzordean aurkeztu zela eta proiektua onartzen denean haren zehaztasunak ezagutuko direla. Dena den erantzun dio, egilea Auñamendirako aurreko proiektua idatzi zuen arkitekto bera dela.

Garbizuk aipatutako zenbakien ingurukoak, dio alkateak, batzordean tratatu beharko liratekeela.

Proposatutako aldaketei buruz dio Euskararen Plan Estrategikoaren egitasmo berdinak gauzatuko direla Oarsoaldea mailan, ez dagoela kalterik edo murrizketarik asmoetan. Auñamendikoa ez aurreikustea leporatu bazaie ere, gogoratu du, urtea hasi aurretik onartutako aurrekontuak izanik, nahiago izan zutela hala egin nahiz eta jakitun izan aldaketak egon zitezkeela. Auñamendin egingo ez diren azpiegituretako elkarteekin lanean ari omen dira eta haiek ez omen dute inongo kexarik aldaketagatik. Aiton Bordako obrak aurten murriztearen arrazoia da eguneko zentroa egiteko obrak dirua behar dutelako, Aldundiko dirulaguntza berria errekonozitu zain egon nahi ez delako. Horregatik, aurtengorako aurreikusita zeuden Aiton Bordako obrak bi fasetan egingo dira bi urtetako aurrekontuaren gain.

Jendartetik Markos Eizagirrek, Aiton Borda Jubilatuen elkarteko lehendariak, dio ez zaizkiola gustatzen erdizka egiten diren obrak. Bai zerbitzuetako zinegotzi delegatua den Jon Legorburuk bai alkateak esan diote 30 urtez ukitu gabe egon den elkarteko egoitzan obrak egingo direla.

Diktamena bozkatu da eta alde zazpi boto eman dira (alkatea, Irati Aranburu, Jon Legorburu, Silbia Folgueira, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu eta Urko Lopetegi) eta bost boto kontra (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez). Beraz, diktamena onartu egin da.

4.- Trafikoko araudia onartzeko diktamena (2008UD29001).

Jon Legorburuk, zerbitzu gaietarako zinegotzi delegatuak, trafiko eta aparkamentu arazoen egoeraren berri eman du: kotxeak espaloi gainetan aparkaturik, egin diren aparkametu berriak, udal brigadaren eta udaltzaingoaren arteko elkarlana, ... . Horrek guztiak, eta orain arte isunak kudeatu dituen Trafiko Zuzendaritzaren lanak udalak bere gain hartu behar izanak, behartzen gaitu ordenantza onartzera. Gogoratu du 2003an indargabetu behar izan zela udal trafiko ordenantza Trafiko Zuzendaritzak bere gain har zezan isunen kudeaketa. 2008an udalari bueltatu zaionez bere eskumena, ordenantza onartu beharrean gaudela dio.

Kepa Garbizuk dio abstenitu egingo direla eta behar bada jendaurreko epean proposamenak egingo dituztela. Dena den, proposatu du metodo bezala ez hutsetik abiatzea eta 1995ean onartutako ordenantza, gero 2003an indargabetua, abiapuntutzat hartzea. Horrela egin dela dio Jon Legorburuk.

Urko Lopetegik dio arazoa larria dela zenbait gunetan, bakoitza nahi duen bezala dabilelako, inongo lege edo araudirik errespetatu gabe. Nahiz eta arazoa aspaldikoa izan, aurreko legealdiari leporatu dio ez duela gauza handirik egin arazoaren konpoketa bideratzeko, egin zuten bakarra isunak Ertzantzaren bidez kobratzeko agintzea izan zela, haiek egurra ematera behartuz, beraiei eman behar zaienean egurra. Azken hitz hauek aktan jasotzea eskatu du Kepa Garbizuk.

Honela dio onartzea proposatzen den diktamenak:

"Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2008ko Uztailaren 11n egindako bilkuran, Silbia Folgueira, Haritz Salaberria eta Irati Aranburu (EAE/ANV) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu (EAJ/PNV) zinegotziaren abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

Lezoko Buruzagitzak Lezoko herrian hiri izaerako bide publikoetan erabilerak, trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautzeko ordenantzaren zirriborroaren proposamena egin du, eta Ogasun Batzordera eraman nahi du

ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT: Trafikoa arautzen duen araudi berriari hasierako onarpena ematea. Araudia eransten da.

BI: Jendaurrean jartzea GAOn eta udaletxeko iragarki oholeko argitaratze bidez, hilabeteko epean espedientea aztertu eta alegazioak tarteratu ahal izateko.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke.

HIRU: Erabaki hau tramitezkoa denez, ezin da bere aurka errekurtsorik jarri."

Diktamena bozkatu da eta alde zazpi boto eman dira (alkatea, Irati Aranburu, Jon Legorburu, Silbia Folgueira, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu eta Urko Lopetegi) eta bost abstentzio (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez). Beraz, diktamena onartu egin da.

 

5.- Trafiko arloko arau-hauste eta isunen Ordenantza Fiskalaren onartzeko diktamena (2008UD29002).

Mikel Antxon Arrizabalagak esan du isunena ez dela ordenantza fiskalen kontua. Idazkariak dio horrela dela eta beharbada bi proposamenek testu bakar bat osatu behar dutela. Kontu-hartzailearekin komentatuko dela gaia.

Honela dio diktamenak:

Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2008ko Uztailaren 11n egindako bilkuran, Silbia Folgueira, Haritz Salaberria eta Irati Aranburu (EAE/ANV) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu (EAJ/PNV) zinegotziaren abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

Trafikoko Ordenantza Fiskala onartzeko hasitako espedientea aztertu ondoren, Ogasuneko Delegatu honek aurkezten du honako:

ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT: Trafikoko araudi fiskala arautzen duen araudi berriari hasierako onarpena ematea. Araudia eransten da.

BI: Jendaurrean jartzea GAOn eta udaletxeko iragarki oholeko anuntzio bidez, hilabeteko epean espedientea aztertu eta alegazioak tarteratu ahal izateko.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke.

HIRU: Erabaki hau tramitezkoa denez ezin da bere aurka errekurtsorik jarri."

Diktamena bozkatu da eta alde zazpi boto eman dira (alkatea, Irati Aranburu, Jon Legorburu, Silbia Folgueira, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu eta Urko Lopetegi) eta bost abstentzio (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez). Beraz, diktamena onartu egin da.

6.- Epe motzerako mailegua onartzeko diktamena.

Silbia Folgueirak, Ogasun gaietarako zinegotzi delegatuak, azaldu du diktmena. Honela dio:

"Batzordeko lehendakariak aurkeztu du diktamen proposamena altxortegi-eragiketa bat ituntzeko, gehienez urtebeteko eperako, diruzaintzako behar iragankorrak betetzeko, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Toki Entitateen aurrekontuei buruzko, abenduaren 19ko, 21/2003 Foru Arauaren ildotik.

Diktamen proposamenak badu aginduzko bere txostena udal kontu-hartzaileak egina.

- Proposamenaren xedea altxortegi-eragiketa bat ituntzea da, ezaugarri hauekin:

  • Eragiketaren zenbatekoa: 1.000.000 €
  • Entitate finantzaria: La Caixa.
  • Epea: 12 hilabete.
  • Xedea: Altxortegi-behar iragankorrak betetzea.
  • Interesak: hiru hilero.(Hiruhileko naturalak)
  • Amortizazioa: bukaeran.
  • Interes tipoa:
  • - Hiruhileko euribor + % 0,25.
  • Erabili den kopuruaren heinean kobratzen da.
  • Irekidura komisioa: % 0,00.

Silbia Folgueira, Haritz Salaberria eta Irati Aranburu (EAE/ANV) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu (EAJ/PNV) zinegotziaren abstentzioarekin, Ogasun Batzordeak diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Altxortegi eragiketa ituntzeko proposamena onartzea goian seinalaturiko zehazpenen arabera."

Kepa Garbizuk dio ez zaiola gustatzen entitate bakar batekin tratatzea edo eskaintza hari bakarrik eskatzea. La Caixak bere eskaintza aurkezteko izan dituen hogei egun horietan izan omen da nahikoa denbora beste entitateak ere gonbidatzeko. Horregatik kontrako botoa emango dutela.

Diktamena bozkatu da eta alde zazpi boto eman dira (alkatea, Irati Aranburu, Jon Legorburu, Silbia Folgueira, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu eta Urko Lopetegi), kontrako botoak hiru (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa) eta bi abstentzio (Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez). Beraz, diktamena onartu egin da.

7.- 2007ko kontu orokorraren diktamena (2008KO080001).

Silbia Folgueirak, Ogasun gaietarako zinegotzi delegatuak, azaldu du diktamena. Honela dio:

"Ogasuneko delegatuak eman du 2007eko Kontu Orokorraren espedientearen berri.

Espediente hori jendearen ezagutzarako ipinirik egon da araututako epean, eta inolako erreklamaziorik ez da haren aurka aurkeztu.

Beraz, kontu batzordeak espedientearen aldeko informe eman du hura behin-betiko onartzeko."

Diktamena bozkatu da eta alde hamar boto eman dira (alkatea, Irati Aranburu, Jon Legorburu, Silbia Folgueira, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu eta Urko Lopetegi, Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa) eta bi abstentzio (Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez). Beraz, diktamena onartu egin da.

8.- Balio publikoko udal titularitateko Jaizkibel mendiko lurren kudeaketaren helburuei buruzko udal akordioa.

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumen gaietarako zinegotziak, esan du gaur goizean egindako Hirigintza Batzordean diktaminatu dela gaia, erabakiei berri bat gehituz, seigarren bat. Azaldu du proposamenaren helburua dela Aldundiak Jaizkibelekiko duen ardura idatziz jasotzea, landarediaren kontserbazioa azpimarratuz. Honela dio gaur goizean diktaminatutakoak eta onartzea proposatzen denak.

"Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2008ko uztailaren 17an egindako batzarraldian Haritz Salaberria, Irati Aranburu, Jon Legorburu y Roberto Sánchezen aldeko botoekin eta Kepa Garbizuren abstentzioarekin, DIKTAMINATZEN DU:

AURREKINAK

Jaizkibel mendiko 140 Ha. inguruko azalera udal titularitatekoa da, Balio Publikoko Mendia zk. 23A delakoaren barruan integraturik. Lurralde horiek Jaizkibel mendiaren hego aldeko hegian kokaturik daude eta muga, mendebaldetik, GI-3440 errepidea dute, ekialdean eta iparraldean Lezoko udalerriaren muga bera, kasu honetan uren banaketa arte heltzen delarik. Hego aldean lerro irregular bat du muga, maldarik handieneko eskualdeen eta titularitate pribatukoak diren landazabal lurren arteko marrari dagokiona.

Baso eta abeltzaintza erabilpenak dira nagusi, eta lurraldean barrena zenbait pista iragaiten dira aisia erabilpena ere badutenak, Hondarribiatik datorren Donejakue Bidearen tramu bat ere bertan barrena doalarik. Historikoki baso-sute handiak jasan dituen mendia izan da eta gaur egun garbi ageri dira, landaretzaren sarritasunari dagokionez, suteek erretako guneak errekuperatzeko egin izan diren ahaleginen emaitzak. Malda dezentea izaki, eta zorua ezegonkorra, eskualde osoa halaber oso sentibera da erosioari eta luiziei dagokienez.

 

Landaretzari dagokionez, momentu hauetan hostozabalen eta koniferen landaretza mistoen arteko konbinazioa da nagusi lurralde horietan, ekialdeko sektoreko parterik handienean hedaturik. Mendebaldean batik bat itsas pinuaren (Pinus pinaster) landaretzak ageri dira. Zenbait puntu zehatzetan bertako landaretzaren guneak ageri dira, esateko ametza (Quercus pyrenaica) eta haritza (Quercus robur). Zuhaitz-mota horiek era berean ageri dira sakabanaturik eta tarteka esparru horren gainerakoan ere, sarritan ageri direlarik halaber urki ale banakak (Betula sp.). Suebaki gisa ezarrita dauden zuhaitz-landaretzarik gabeko guneak baliatuz, beste gune batzuetan ere sakabanaturik bezala, zaldi eta ardi ganadua ageri da, inguruetako ustiapenetakoak.

Udal titularitateko lurrak oro har 1997ko urteaz gero integraturik daude Garrantzi Komunitarioko Tokiaren barruan, ES2120017 Jaizkibel, Natura 2000 Sarearen parte izateko. Espazio babestu horretarako Gipuzkoako Foru Diputazioak landutako planifikazio-dokumentuetan asignaturiko xedea, zehazturiko lur horiei dagokienez, baso potentzialak berriro sortzea da, horien artean hariztiak eta ameztiak aurkitzen direlarik, konifera baso landatu berriak poliki-poliki ordezkatuz.

Gipuzkoako Foru Diputazioaren Mendi Areak azken urteetan garatu duen kudeaketa bideraturik dago, batik bat, basoetako suteetatik eratorritako ondorioak eragoztera eta konpontzera eta, bigarren hein batean, bertako berezko landaretza berreskuratzera. Berriki Lezoko Udala harremanetan jarri da erakunde harekin, hain zuzen Mendi Zuzendariarekin eta departamentu horietako teknikariekin, lurretara bertara bisita eginez, eta han egiaztatu ahal izan da egiten ari diren lanen emaitza.

AKORDIOA:

 

Lur horien jabea aspaldiko garaietakik Lezoko Udala dela kontutan izanik eta, beraz, horiei ematen zaien destinoaren erantzule herritarren aurrean, ondorengo deklarazio instituzionala egitea adosten du:

1. Jaizkibel mendiari loturiko Lezoko Udalaren herri lurren xede nagusia esparru osoan kontserbazio egoera egokian gauzaturiko Natura 2000 Sarearen barruko eremu honetako habitat naturalen bertako bioaniztasuna eta natur ondarea betiko basoa errekuperatzea eta kontserbatzea da, ametza eta haritza bezalako espezieren garapena bultzatuz, hori baita areako landaretza potentziala.

2.- Modu horretan, udal korporazioak bere egiten ditu Jaizkibel LIC kudeaketa planak (2005eko iraileko zirriborroa) deritzan dokumentuan planteatzen diren helburuak udal titularitateko lurrei dagokienez.

3. Nahitaez epe luzerako den helburu horren barruan, landaretza potentzialarekin bat ez datozen beste espezie batzuen presentzia hedatu daiteke, suteen aurrez aurre mendia babesteko neurri gisa edota bitarteko urrats gisa, baina ez azken helburu gisa lurralde horien erabilpenari dagokionez.

4. Helburu horiek abeltzaintza erabilpenekin bateragarri egin ahal izateko, behar diren neurriak hartu beharko dira bioaniztasunaren kontserbazioaren kalterik gabe garapena bideragarri izan dadin.

5. Akordio hauen bidez Lezoko Udalaren konpromisoa azalduz, horiek Gipuzkoako Foru Diputaziora igorriko dira, espazio horretan egiten duen kudeaketan integra ditzan eta bi aldeen arteko borondate-adostasun baten adierazpenaren bidez formaliza ditzaten, horrela, lurralde horren kontserbaziorako elkarlana eta helburu bateratua bermaturik gera daitezen.

 

6. Erabaki honen berri, Pasaia eta Hondarribiko udalei jakinaraztea eta ahal den neurria animatzea, beraiek ere neurri berak har ditzaten."

 

Diktamena bozkatu da eta onartu da aldeko hamaika botorekin (alkatea, Irati Aranburu, Jon Legorburu, Silbia Folgueira, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu eta Urko Lopetegi, Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa eta Roberto Sánchez) eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga). Beraz, diktamena onartu egin da.

9.- Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Planaren aurrerapen dokumentuari alegazioak egiteko diktamena.

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumen gaietarako zinegotziak, esan du gaur goizean egindako Hirigintza Batzordean diktaminatu dela gaia. Azaldu du proposamenaren helburua dela Aldundiak jendaurrera jarri duen Aurrerapen Dokumentuari alegazioa egitea gaikako bilketaren apustua egiteko eskatuz.

Kepa Garbizuk dio abstenitu egingo direla ez duelako Aurrerapen Dokumentua ezagutzen.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio ez dagoela ados gaia eten eta berriro eztabaida prozesua irekitzearekin.

Roberto Sánchezek dio gaur proposatutako erabakiarekin ados dagoela, hau da, alegazioak egitearena eta beste kontu bat izango dela zabor bilketaren kudeaketa sistema aukeratzean, eredu ezberdinak aztertu beharko baitira: haien egokitasuna, kostuak, zerbitzuen antolaketa, ... .

Honela dio gaur goizean diktaminatu den eta onartzea proposatzen denak.

"Tamalez, ikusi ahal izan dugu GHHKPIren (Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketa Plan Integrala) Aurrerapen Dokumentua (AD), Gipuzkoako hiri-hondakinen kudeaketaren etorkizunari buruz gizarte-eztabaida sustatzetik urrun, GHHKPI berak dituen helburuez osatutako dokumentua dela, baina aurreko planean indarrean dagoen legeriaren kontra zihoazen irregulartasun asko zuzentzeko xedez egina.

Ildo horri jarraiki, kezkagarria da plan berriaren azken helburua GHHKPIren berdina izatea, hau da, errausketa-planta eraikitzea. Hori da abiapuntua.

Horregatik, aurreko GHHKPIn zeuden akats berdinak berriz errepikatzen dira, hala nola:

  • 1. Orokorrean gaikako bilketaren aldeko apustua egin ordez, nahastuta biltzearen aldeko apustu irmoa. Horrekin hurrengo kudeaketa osoa baldintzatzen da.

"Jakina da bilketa-motak, hondakinen sorrera, birziklapen-maila eta hondakinen ondorengo tratamendua baldintzatzen dituela. Laburbilduz, bilketa-motak "ondoren" egin daitekeen kudeaketa erabat baldintzatzen du".

HHS guztietatik, HHen eraikuntza-hondakinak baztertuta (-), zati berria gehitzen da: HUAren (Hondakin-Uren Araztegia) lohiak. Hori sartuta neurri batean nahastuta bildutakoak ezkutatzen dira; guztizko tonak gehitzen dira eta nahastuta bildutakoen kopurua berdina da, beraz, itxuraz, azkenekoa murriztu egiten da. Aurrez ikusitako errealitatea honakoa da: nahastuta bildutako etxeko hondakinen (EH) bilketa-mota gehiengoa izaten jarraituko duela.

EHen gaikako bilketa modu esangarrian gehitzeko, jauzi kualitatiboa eman behar da eta ADk ez du hala aurrez ikusten. Egiaz gehitu nahi bada, erabat beharrezkoa da honako helburua izatea: EHetan ustel daitekeen materia organiko (UMO) gehiena gaika biltzea. Aipatu zatia etxean sortutako hondakinen % 42 dela gogoraraztea komeni da. Zati nagusiari aurre egin gabe gaikako bilketaren mailak gehitu nahi izatea birziklapena maximizatzearen printzipioari iruzur egitea da.

ADk hitzez hitz hala dio:

Nazioartean onartua da birziklapen eraginkorrerako eta kalitatezkorako berme bakarrak lehen mailako hondakinak gaika edo bereizita biltzearekin zerikusia duela.

Bai hondakinen sorrera murrizteagatik, bai bildutako zati organikoaren kalitatearengatik, Estatuko beste tokietan eta Europan emaitza hoberenak egiaztatu ondoren, A-k UMOren bilketa-sistema edo -sistemak jaso ordez, esperientzia pilotuak egin nahi ditu biztanleen oso ehuneko mugatuarekin. Esperientzia horiek bilketa-mota horiek pixkana orokortzen joatetik urrun, itxura egiteko esperientziak besterik ez dira. Ildo horri jarraiki, AD guztian ez dago udalerri batean UMOren gaikako bilketa hedatu nahi duen esperientzia piloturik, nahiz eta udalerri txikia hautatu. Helburu bakarra bilketarekin udalerri desberdinetan hastea da, baina borondatez nahi duen jendearekin bakarrik. Borondatezko bilketa-mota probatu den tokietan, berreskuratzen den hondakin-kopuruari dagokionez, eraginkortasunik eza egiaztatuta dago. Halako neurri-motekin bereziki kezkagarria da, ingurumen-gastuaz eta -zarrastelkeriaz gain, borondatez izena eman duten biztanleen ehuneko txiki horri gogogabetzea, edukiontziak beren edukieraren % 5-10 baino gehiago betetzea ez baitago aurrez ikusia.

ADren egiazko helburua nahastuta biltzea dela azaltzen duen beste adierazgarria honakoa da: dokumentuak gainerako zatia aldez aurretik tratatzeko sistemak aurrez ikusten dituela.

Aurreikuspena gaikako bilketaren ordez nahastuta biltzearen aldeko apustua egitea denez, "gainerako zatiak" zati nagusi izaten jarraituko du, beraz, zati hori aldez aurretik tratatzeko sistemak sartu behar dira.

GAINERAKO ZATIA ALDEZ AURRETIK TRATATZEKO SISTEMAK SARTZEAREN BEHARRA.

Aldez aurretik tratatzeko sistemak (biolehorketa edo lehorketa termikoa) sartzearen helburua bikoitza da:

  • a) Tratamendu horien bidez gainerako zatiari hezetasunaren zatia kentzea lortzen da eta, orduan, itxuraz, zati horren tonak murrizten dira. Hala, aldez aurretik egindako tratamendu horrekin birzikla daitekeen zaborraren sorrera prebenitzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko gehieneko ahaleginik ez da egin nahi (3R izenekoan oinarritutako politika). Guztiz kontrakoa da, nahastuta bildutakoaren emaitzak ezkutatu nahi dira. Nahiz eta asko lehortu, prebentzioaren, berrerabilpenaren eta birziklapenaren mailak ez dira hobetuko.

Lehortzean birzikla daitezkeen materialak berreskura daitezkeela baieztatzen da, baina egiaz errausteko aldez aurretiko tratamendu bezala erabili nahi da.

Planta horien eraginkortasuna balioztatzeko, aldez aurretik tratatzeko plantetan sartzen diren zaborraren tonak neurtu beharko lirateke eta "Materia lehorra" terminoetan neurtu beharko lirateke, hau da, zaborraren edukia ura kendu ostean. Ondoren, gauza bera egin beharko litzateke birziklatzera edo erraustera bideratutako zatiarekin. Aldez aurretiko bestelako neurririk gabe ondorengoa baiezta daiteke: EH-en % 42, hau da, UMO oso-osorik erraustuko dela, birziklapen-zirkuituan sartzeko inolako aukerarik izan gabe.

Planta horietara iristen den hondakina nahastuta bildutakoa denez, birzikla daitezkeen material asko ere iritsiko dira.

EH guztietatik, egun % 80 nahastuta eta % 20 gaika biltzen dela gogoraraztea komeni da. % 20tik maila onargarriak lortzen dira beiraren kasuan (gaikako bilketaren % 60), baina berreskuratutako ontzien kopurua % 11-12 besterik ez da.

Nahastuta bilduta, aldez aurretik tratamendu asko egin arren, ez dira birziklapen-maila onak lortuko.

Tamalgarria da ADk praktikan birziklapena maximizatzeko interesik ez izatea, ondoren errausteko birzikla daitezkeen zatiak (besteak beste, papera, kartoia, egurra, plastikoak, etab.) bereiztea ez baita interesgarria. Errausketa eta birziklapena kontrakoak dira, birzikla daitezkeen material askok erraustu behar den zaborraren bero-ahalmena gehitzen baitute. Material horiek nahitaezkoak dira zuzenean errausketa-plantara doazen lehen mailako zaborraren UMO erre ahal izateko, aipatu zatiak hezetasun handia baitu.

Azken emaitza honakoa da: aldez aurretiko tratamenduak errausketarekin batera 3R izenekoaren kontrakoak direla.

Biolehorketaren teknologia, berriz, oso baliagarria izango litzateke gainerako zatia tratatzeko, betiere hori bereizita ezin bada jaso eta zati organikoaren gaikako bilketa Gipuzkoako lurralde guztira orokortu ondoren.

Tamalez, ADn gaikako bilketa orokortu ordez, nahastuta bildutakoa eta aurretratamenduak lagundu nahi dira azkenean dokumentu honen egiazko helburuan amaitzeko, hau da, GHHKPIk duen helburuan: errausketa justifikatzea.

  • B) Aurretratamenduak lege-aginduz sartu nahi ditu. Europako legeriak birzikla daitezkeen material gehienak berreskuratu behar direla dio. Aurretratamendu-sistema horiek sartzeak bigarren helburu eta helburu nagusi bezala honakoa du: lehen mailako hondakinak bigarren mailako hondakin bihurtzea. Lehen mailako hondakina etxeetatik edo erabiltzaileetatik zuzenean bildutakoa da. Aurretratamenduko plantetatik pasa ostean, hondakina bigarren mailako hondakintzat jotzen da eta, hala, hobe justifika daiteke errausketa. Aurretratamenduaren bidez material birziklagarriaren kopuru txikia berreskuratu arren, errefusa bigarren mailako hondakin bihurtzea eta pisuaren zati bat murriztea ezinbestekoa da errausteko, beraz, aurretratamenduak errausketarako nahitaezko mailak dira.

Materia lehorrean neurtuta, sartzen den gehiena errausteko bada, bigarren mailako hondakinak zatirik txikiena izan beharko luke. Handiena birziklatzen dena eta ez errausteko zati nagusia izan beharko litzateke.

  • 2. Konpostatzearen aldeko konpromiso urria.

Teknikari batzuen iritziz, Gipuzkoan ez da materia organikorik behar. Horretan oinarrituta, kalitatezko konposta egitea alferrikakoa dela fede-sinesgaitzat hartzen da. Halako baieztapenen kontra bestelako teknikarien eta EHUko irakasleen iritziak izan dira.

Gipuzkoan materia organikorik ez dela behar sinistea, gaikako bilketaren kontra nahastuta biltzea justifikatzeko saio zentzugabea besterik ez da.

Iritzi desberdinak alde batera utzita, egiazkoa da urtero gure lurraldean lurzorua galtzen dela, gure mendietatik egurra (bereziki, koniferoak) moztu eta atera ondoren. Baso-soilketak egiteko erabilitako bitarteko mekanikoak, aldapa makurtuekin eta plubiometria garrantzitsuarekin batera, errealitate horren arrazoi nagusiak dira.

Errealitate horri, azken urteetan lurralde osoan abeltzaintzak izandako atzerapena erantsi beharko litzaioke. Horren ondorioz, abereen gorozkiak murriztu dira, bolumen handiagoko ustiategietan kontzentratu arren.

Hori gutxi balitz, kilometro gutxira Nafarroa eta Araba (probintzia bizilagunak) ditugu eta kalitatezko MO asko eskatzen dute. Paradoxa da GHHKPIn eta ADn zaborraren garraioa ikaragarri gehitzearen aldeko apustua egitea, gaur egungo bilketa aurrez ikusita. Horren atzetik beste garraioa dago transferentzia-plantatik errausketa-plantaraino edo aurretratamendu-plantaraino eta beste bat azkenekotik errausketa-plantaraino. Konpost pixka bat beste probintzietara eramatea, berriz, pentsaezina da.

  • 3. AD EEk onartzen dituen printzipio askoren kontra doa
  • 3.1 Hondakinen prebentzioa ez du betetzen

Toki askotan egiaztatu ahal izan da bilketa-mota (ekoizten dena izenik gabe mantenduta, bereizten dena kontrolatu gabe, etab.) aldatzen ez den bitartean, hondakinen kopuruak gorantz egingo duela.

Bestelako neurriek (hala nola hondakinen atez ateko bilketa) sortutako zabor-kopurua murriztea lortu dute, ekoizpena kontrolatuagoa baitago.

Dokumentu honetan helburua ekoizle handiek konpostatzeko planta zentralizatuak eraikitzea da. Establezimendu-mota horiek hondakin asko sortzen dituzte eta, beraz, eurek instalazioak egin ditzakete ekoiztutakoa produkzio-tokian bertan tratatzeko. Neurri honekin "hondakin" izena eman baino lehen, lehen mailako hondar-materia tratatuko litzateke eta konpost bihurtuko litzateke. Hori ez da utopia, duela denbora asko funtzionamenduan baitago Gasteizko El Boulevard merkataritza-zentroan.

  • 3.2 Hondakinen birziklapen-maximizazioa ez da betetzen

Bai dokumentuak, bai GHHKPIk behin eta berriz baieztatzen dute beren helburua birziklapena maximizatzea dela. Horretarako, egun birziklatzen diren materialen zerrenda zabala izendatzen dute. Hala eta guztiz ere, ez da ahaztu behar elementu bakoitzaren pisua EHen guztizkoarekiko.

Arestian aipatu den bezala, zaborraren zati nagusia (UMO) birziklatu nahi bada, erabat beharrezkoa da gaika biltzea. Beraz, zati horren bilketa probintzia guztian orokortzea aurrez ikusia balego, gutxienez ahalegin bat jasoko litzateke, baina iruzur egitea da ADn aurrez ikusten ez denean.

Era berean, ADk ez du onartzen sistema instalatu den tokietan borondatezko ekarpenez bildutako hondakin organikoaren kopuruak emaitza onak ez dituela islatzen, zati horren birziklapena maximizatu nahi bada.

HPIMEei dagokienez, ekoizle handienak konpostatzea aurrez ikusten du.

Zailena ez da ohiturak aldatzeko gutxi batzuk konbentzitzea, nahiz eta asko sortu. Zailena eta neketsuena ohitura-aldaketari dagokionean hiritar asko konbentzitzea da. Hala bakarrik gehituko da birziklapena modu esangarrian.

Ildo horri jarraiki, ADn UMOren gaikako bilketa orokortua Gipuzkoako hiritarren artean ez da aurrez ikusten. Errazena bakarrik dago aurreikusia eta epe ertainean % 60 jaso nahi da. Atez ateko bilketa-sistemekin ekoizle handiengan % 90etik gorako emaitzak lortu dira eta hori urtebetean baino gutxiagoan.

  • 3.3 Hurbiltasunaren printzipioa ez du betetzen

Printzipioak honakoa adierazten du: zirkuitu orokorrera irteten diren hondakinen kopurua murriztu behar da eta, ondoren, sortutako hondakinak udalerri bakoitzean tratatu behar dira, sortu zirenetik ahalik eta hurbilen. Printzipio horren ordez, Gipuzkoako zabor guztia toki batean zentralizatzearen aldeko apustua egiten dute.

Zaborra tratatzeko edozein tratamendu hautatuta ere, hori zenbait puntutan metatzen bada, zaborraren ondorioak zorroztuko dira. Horrez gain, ondorioak arintzeko azpiegiturak handitu beharko dira.

  • 3.4 Isurketaren minimizazio-printzipioa ez du betetzen

Printzipio hori betetzeko modu bakarra honakoa da; gutxiago sortzea eta berrerabilpena eta birziklapena maximizatzea. Hori ezinezkoa da nahastuta bilduz gero.

Errausketa baztertuta, hiri-hondakinak kudeatzeko bestelako bideen aldeko apustua egiten dutenek zaborra ikusarazten saiatzen dira, jendea horretaz jakitun izateko. Errausketaren ereduak, berriz, sorrera gehitzearen aldeko apustua egiten du, industria horren lehengaia zaborra baita. Industria horiek atalaseraino iritsi arte, ez da interesgarria birziklapen-maila gehitzea.

Ez du aurreikusten errausketa-plantak hondakinak sortzen dituenik eta horiek oso arriskutsuak direnik.

  • 3.5 Informazio-gardentasunaren printzipioa ez du betetzen

AD guztian argi eta garbi ikus daiteke egiazko helburua ez dela prebentzioa, ezta hondakinen berrerabilpena eta birziklapena areagotzea ere; helburua errausketa da eta horretan oinarrituta egituratu da plan guztia.

Hiritarrei ingurumenaren ikuspuntutik eta Europako joera modernoarekin bat, bestelako kudeaketa-mota iraunkorrari buruz erabakitzeko aukera ukatzen zaie.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, interesgarria litzateke hiritarrentzat hausnarketa-aldi irekiari ekitea, Gipuzkoan etorkizunean egin daitekeen kudeaketa instalazio batekin baldintzatu baino lehen. Hiritarrei galdetu behar zaie errausketaren arriskuak pairatzeko prest ote dauden edo, bestela, hautazko kudeaketak eskatzen duten ahalegina egiteko prest ote dauden.

Hirigintza eta Ingurumen Zinegotzi Delegatuak Hirigintza Batzarrera darama ondorengo ERABAKI PROPOSAMENA:

GHHKPI-REN AD-ri aurkeztutako alegazioak onartzea. "

Diktamena bozkatu da eta onartu da aldeko zortzi botorekin (alkatea, Irati Aranburu, Jon Legorburu, Silbia Folgueira, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi eta Roberto Sánchez), kontrako boto bat (Mikel Antxon Arrizabalaga) eta hiru abstentziorekin (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena eta Enrique Figueroa). Beraz, diktamena onartu egin da.

10.- Mozioa, etorkin pertsonak kanporatzeko onartu berri den europar zuzentarauaren aurka aurkezten dena (2008AL050009).

 

Alkateak berak aurkeztutako mozioaren nondik norakoak azaldu ditu eta proposatzen diren bost erabakiak irakurri.

EAJ-PNV alderdiak mozio alternatiboa aurkeztu eta erregistratu du gaur goizean. Haren kopia zinegotzi guztiei banatu zaie eta Kepa Garbizuk irakurri egin du.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio bere alderdia Espainiako gobernuan egonik alderdiaren jarrera ikusiko dela gobernuak hartzen dituen erabakietan. Dena den esan du erraza dela guai izatea arazorik ez dagoenean eta haiek azaltzen direnean okerrenak lez azaltzea. Ez dagoela urrutira begiratu beharrik hori gertatzen dela konturatzeko.

Alkateak dio ez duela inongo intentziorik guai bezala azaltzeko, baizik eta errealitateari aurre egiteko beste aukera batzuk badaudela adierazi nahi duela. Nabarmendu du bere mozioaren 3. puntua EAJkoarenean ez dela azaltzen eta, bestez, Elkarte Autonomokoenari egiten zaion aipamenean ez dagoela ados, horregatik dio alternatibaren aurka bozkatuko duela.

Bozketa-modu bezala, lehenik mozio alternatiboa bozkatuko omen da, eta hura onartuko balitz, besterik ez, eta hura onartuko ez balitz, ondoren, alkateak berak aurkeztutako mozioa.

Beraz lehenik EAJ-PNV gaur erregistratutako mozio alternatiboa bozkatu da (erregistro zenbakia 2434). Mozioa ez da onartu, aldeko lau boto izan dituelako (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa eta Roberto Sánchez) eta zortzi kontrako (alkatea, Irati Aranburu, Jon Legorburu, Silbia Folgueira, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu, Urko Lopetegi eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

Ondoren alkateak aurkeztutako mozioa bozkatu eta onartu egin da. Aldeko zazpi boto eman dira (alkatea, Irati Aranburu, Jon Legorburu, Silbia Folgueira, Iñigo Esnaola, María Pilar Legorburu eta Urko Lopetegi) eta kontrako bost (Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez).

Honela dio onartutako mozioak:

"Joan den ekainaren 5ean europar Batasuneko 27 estatuetako barne ministroek, frantsesa eta espainiarra barne, euren estatuetako atzerritartasun, erresidentzia eta naziotasun legedia geroz eta betetzeko zailagoa duten etorkin pertsona eta familien aurkako "Kanporatzeko Zuzentaraua" onartu zuten.

Neurri honekin gure herrietatik, eurek sortutako edo bultzatutako gosetik eta gatazketatik ihes egin eta europara bizitza egokiago baten bila etorri garenon aurkako jazarpen poliziala eta penala adostu eta areagotu egin nahi dute, gure kriminalizazioa, atxiloketa, atxilotze zentroetan sartzea bilatzen dute.

Onartu berri diren neurri basati hauek europar Batasunetik kanpotik gatozen pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen dituzte. Erresidentzia baimena izan ez edo arrazoi ezberdinengatik berritzeko aukerarik gabe gaudenak Europako Indar Inperialaren menpe geratzeko arriskua dugu. Era berean, garai batean Europan ezagutu genuen Zuzenbide Estatuaren oinarrizko printzipioak urratzen dituzte, azken finean Giza Eskubideen Deklarazioan jasota dauden printzipio ahulak indartzera datozen legeak baliogabetu egiten ditu.

Zuzentarau honek, estatu handi polizial eta militarizatuek inposatzen dituzten neurrien aurka egiteko herri honek, Euskal Herriak, beharrezkoa duen burujabetza agerian uzten du. Herri honetako sektore batzuen ametsa den Erregioen Europa ere ez da nahikoa egoera hauei aurre egiteko. Azken finean hemen, gure herriko hiru lurraldetan Gizarte Zerbitzuetako lege berriak ekarriko dituen neurriak, zuzentarau honen osagarri izango dira.

Gaur eta hemen 18 hilabetez zentro berezietan edota kartzeletan atxilotuta edukitzea ahalbideratuko duen zuzentarau honen alde egin eta inolako lotsarik gabe Giza Eskubideen alde aritzen diren horien hipokresi politikoa salatu nahi dugu.

Eta europar parlamentuan, inolako zalantzarik gabe egoera irregular batean utzi dituzten pertsonak inolako babesik eta defentsarik gabe kanporatzea ahalbideratuko duten eta neurri hauek babesik gabe dauden haur eta gazte edota euren herrialdetan torturak eta jazarpenak jasotzeagatik alde egin behar izan dutenen kanporatzeak ahalbideratuko duten ordezkari politikoak, guri etikaz mintzo diren berberak dira.

"europar Kanporatze Zuzentaraua", hemendik aurrera, azken hilabete hauetan Giza Eskubideen elkarteak salatzen duten bezala "Lotsaren Zuzentarau" bezala ezagutuko duguna, Europan 10 milioi eta Euskal Herrian hamarnaka mila pertsonengan eragina izango duena, ekainaren 18an egindako europar Parlamentuko bilkuran onartu dute.

Hau guztia kontutan hartuta Lezoko Unibertsitateko udaleko osoko bilkurari honako MOZIOA onartzea proposatzen zaio:

1.- Lezoko Udalak europar kanporatze zuzentarau honi ezezko borobilena ematen dio.

2.- Lezoko Udala Euskal Herriko lurralde osoan kanporatze zuzentaraua aplikatzearen aurka agertzen da.

3.- Lezoko Udalak Euskal Herriak eta bere herritar guztiek, etorkinak barne, migrazio, atzerritartasun, erresidentzia eta naziotasun politika propioa izateko duen eskubidearen urraketa salatzen du.

4.- Akordio honen berri europar Batasunaren Parlamentuari jakinaraziko zaio.

5.- Akordio hau espainiar eta frantziar gobernuei helaraziko zaie."

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:40etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna