Bide onean doaz bidegorriko bigarren zatiko lanak

Az, 2019-02-27 13:42

Lanak martxoaren amaieran bukatzea aurreikusten da, ustekabeko gertakaririk ez bada

Bizikletak konpontzeko eta gurpilak puzteko erreminta postea instalatu da baita ere

Lezoko Udalak pertsonen ongizatea bermatzeko lanekin jarraitzen du, horregatik lezoarren ingurua hobetzea du helburu eta horrela erakutsi izan du hainbat proiekturen bitartez; haurrentzako parkeak, kiroldegiko kantxaren hobekuntzak, Tipi Toparen irteerak eta ibilbideak dituzten oztopo arkitektonikoen ezabapenak, Euskal Herria eta Andreone plazetako parke osasungarriak… Azken honen alboan hasi ziren Lezotik Donibanera doan bidegorriaren eraikitze lanak (hiru zatitan banaturik). Urtarrilean hasi ziren bigarren zatiarekin eta jada esan daiteke, ustekabeko gertakaririk ez bada, lanak martxoa bukaeran amaituko dituztela. Bidegorriko lehenengo zatia eta konplexuena, Donibanetik gertuen dagoena alegia, Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du osotasunean.

Gogoratu nahi da bidegorriaren eraikuntzak pertsonen segurtasuna, mugikortasuna eta ongizatea hobetzea eta herritarrei oinez zein txirrinduz ibiltzeko eremu egokiagoa eskaintzea duela helburu. 

Oraingoz bigarren zatiko lanak bide onean doaz, ia amaiturik baitaude, hala ere eta bukatu bitartean, errepideko errai bat itxia eta semaforo bitartez mantenduko da. Ingurua asfaltatzen dabiltza eta laster batuko dira hirugarren zatia (Lezotik gertuen dagoena) eta bigarrena (eraikitzen dauden hori).

 

Bizikletentzako erreminta postea

Bizikletentzako erreminta poste bat instalatu da Andreone plazako parke osasungarrian, garraio mota honen erabilera sustatzeko helburuarekin. Posteak oinarrizko tresnak ditu bizikletak konpondu eta gurpilak puztu ahal izateko.

Arloa edo saila