Sanmarkok jasoko ditu Lezoko hondakinak edukiontzien sistemaren bidez. Lezoko Udalak, lezoarrek hondakin sistema erosoago, garbiago eta ekonomikoki jasangarriago bat izan dezaten pausoak ematen jarraitzen du.
Gaur goizean sinatu dute Lezoko Udalak eta Sanmarkok hondakinen bilketaren inguruko hitzarmena. Horrela, Lezoko Udalak, hondakin bilketa sistemaren aldaketarako pausoak ematen jarraitzen du, lezoarrek sistema erosoago, garbiago eta ekonomikoki jasangarriago bat izateko helburuarekin. Sistema berria indarrean jartzeko hilabete batzuk beharko diren arren, urtarrilean bertan Altamiran esperientzia pilotu bat jarriko da martxan. Horiek horrela, lezoarrek era eroso eta errazago batean birziklatzea helburu duen sistema, datorren urtean zehar martxan jarriko da Lezon oro har.
Kostuak nabarmen jaitsiko direnez, Sanmarkok aurrera eramango duen sistema berria Udalarentzat ekonomikoki jasangarriagoa izango da. Berriz ere edukiontzien sistema batetara itzultzeak, beharrezkoak izango diren langile kopurua atez atekoaren aurretik zegoenaren antzekoa izatea ekarriko du.
Hitzarmen honen sinaduraren eta edukiontzien sistema ezartzearen ondorioz, lezoarrek hondakinak edukiontzietan asteko edozein egunetan utzi ahal izango dituzte, honek dakarren erosotasunarekin. Lezoko Udalak, etxe bakoitzeko ohituretara egokituko den eta egutegirik ez duen sistema baten bidez, lezoarren egunerokotasuna erraztea du helburu. “Lezoarrei birziklatze lanak errazteak gaikako hondakin bilketa tasetan eragin negatiborik izango ez duela uste dugu, sistema hau etxe bakoitzeko ohituretara egokitzen denez, hondakinak sailkatzea erraztuko duelako. Lanean jarraituko dugu, gaikako bilketa tasak egunetik egunera hobeak izan daitezen, eta informazio eta sentsibilizazio kanpainak egingo ditugu hori helburu hartuta” amaitu du udal gobernuak.