Udalak 2016ko Santrakrutz jaietako egitaraua aurkeztu du

Az, 2016-09-07 15:11

Klikatu JAIEN EGITARAUA eskuratzeko.

 

Herritarrek eta herritarrentzat antolatutako ekintza eta ekitaldi ugari izango dira irailaren 13 eta 18 bitartean ospatuko diren Santakrutz jaietan

Jesus Maria Martiarena alkateak, Kultura saileko arduradun Xanti Valek, Gizarte Ongizateko  arduradun Dami Muñozek eta Noemi Arberas Gizarte Ongizateko zinegotziak prentsaurreko bidez aurkeztu dute gaur 2016ko Santakrutz jaietako egitaraua. Alkateak nabarmendu duenez, herritarrek eta herritarrentzat antolatutako jaiak dira, “esku artean duzuen egitaraua herritar askoren lanaren emaitza da, jai batzordean herritar norbanakoek eta elkarteetako ordezkariek parte hartzen baitute, eta haiei esker,  guztien nahiak asebeteko dituen egitaraua osatu da. Jai batzordeak oso kontutan izan ditu, gainera, herriko haurrak, haiek ere, gazte, heldu eta erretiratuek bezalaxe jaiez goza dezaten. Batzorde kideek egindako lanari esker guztiok gozatu ahal izango ditugu aurtengo Santakrutz jaiak” adierazi du alkateak. 

Tradizioa eta berrikuntza egitarau berean uztartuz:

Festak asteartean hasi eta igandean amaituko dira, eta tartean, herriko jaiez gozatzeko gustu guztietarako eta adin tarte ezberdinei zuzendutako ekintza mordoa izango dira. Horietako asko urtero ospatu ohi diren ekintza eta ekitaldiak izango dira, baina aurtengo egitarauak ere baditu berrikuntzak. Gainera, nabarmentzekoa da iaz baino aurrekontu handiagoa izan dutela aurtengo Santakrutzek, hain justu, 43.440.95 euro, iaz baino 9.000 mila euro inguru gehiago. 

Urtero legez, alkate txikien pregoiarekin emango zaie hasiera jaiei. Herriko egun nagusian, besteak beste, “arrantzaleen”, “tartekoen” eta Lezoko Irrizaleen bazkariak, herri kirolen erakustaldia, pilota txapelketaren federatuen finala eta zezen suzkoa ospatuko dira. Baina nabarmentzekoak dira ere, jaien baitan ospatuko diren baserritarren bazkaria, bertsolari saioa, buruhandi eta erraldoien kalejirak, musika talde ezberdinen emanaldi eta kontzertuak, VII. Muxiko eguna, marmitako txapelketa eta bazkaria, erromeria edota Inude eta artzainen tradiziozko desfilea. 

Berrikuntzei dagokienez, aurten lehen aldiz, nekazarien egunean ganadu feria Goiko Plazako frontoian egingo da goiz osoan zehar. Ostiralean, arratsaldeko 17:00etan Txikien krosa ospatuko da Euskal Herria plazan eta egun berean, lagunarteko eskubaloi femenino eta maskulinoa jokatuko dira. 

Beraz, egitarau anitza, kezkak albo batera utzita, lagunartean eta familia giroan ondo pasatzeko. “Gozatu jaiak arduraz eta errespetuz, Santakrutzak parekideak eta bizikidetzarako jaiak izan daitezen” amaitu du alkateak. 

Eraso sexistarik gabeko jaien alde:

Oarsoaldeako herriek indarrak batu dituzte eraso sexistarik gabeko jai parekideen alde. Horren baitan, eraso sexisten aurkako materiala sortu da “eraso bat ikusi, entzun edo jasaten baduzu: Erantzun” lemapean. Kanpainaren helburua da tabernariek zein herritarrek  informazioa izatea eraso sexista baten aurrean nola jokatu behar den jakiteko.

Kanpaina honen barruan, kartelak ezarriko dira kaleetan eta tabernarien artean eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloa ere zabalduko da inolako eraso sexistarik gabeko eta guztien gozamenerako jaiak izan daitezen. 

Helburu berarekin eta aipatu sentsibilizazio kanpaina indartze aldera, Gizarte Ongizate sailak, Gaxuxa Emakumeen elkartearekin eta Jai Batzordearen laguntzarekin,  autodefentsa ikastaroa antolatu du. Tailerra jaien aurretik egingo da eta bertan, indarkeria egoera eta eraso ezberdinak nola identifikatu eta eraso horiei nola aurre egin landuko da.

Jai egitaraua eta kultur programazioa, klik batean:

Gaurko agerraldian jai egitaraua aurkezteaz gain, Udalak sortu berri duen APP berria ere ezagutzera eman da. Hain zuzen jaien testuinguruaz baliatuta aurkeztu da aplikazioa, jai egitaraua ere bertan kontsulta daitekeelako.

Aplikazio berriaren bitartez, udalak kultura, euskara, kirola edota urte sasoi ezberdinetako jaien inguruko informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko bideak zabaldu eta erraztu nahi izan ditu, informazioa eskuragarriago eginez. Era berean, intereseko hainbat informazio kontsulta daiteke aplikazioan, hala nola, farmaziak, garraioen inguruko informazioa, Lezo inguruko ibilbide ezberdinak, albisteak, udal oharrak, intereseko telefonoak edota kultur ekipamenduei buruzko informazioa.

Aplikazioa edozein smartphonean deskarga daiteke eta jaietako programan bertan txertatua dagoen QR kodearen bitartez doan eskuratu daiteke. 

- Argazki lehiaketa APP berriaren bitartez: 

Jaiei lotuta, aplikazio berriaren erabilera sustatzeko helburuarekin, argazki lehiaketa antolatu du Udalak. Hain zuzen, Santakrutzak ondoen irudikatzen dituen argazkia sarituko da. Parte hartzeko, APPko “Lezo Jaiak” atalera igo beharko da argazkia. Pertsonako argazki bat igo ahal izango da. Argazki guztiak APPan ikusgai izango dira eta 15 argazki finalisten bozka 22tik 25era bitartean gauzatuko da, aplikazioan bertan. Irabazleak, bi pertsonentzako asteburuko egonaldia lortuko du Urdaibaiko ostatu batean. 

 

 

Arloa edo saila