"Udazken kulturala" abendura bitarteko kultur egitaraua

Al, 2016-10-17 14:52

25 jarduera baino gehiago burutuko dira eta kultur egitarau berriak, liburutegiak, Musika Eskolak eta Kultur sailak antolatutako ekitaldi eta jarduera guztiak biltzen ditu. Aurrerantzean kultur egitaraua 3 hilean behin eta urtaroei lotuta aurkeztuko da, kultur programazioari entitate berezia emate aldera.

Udalak kultur egitarauari indarra eman nahi izan dio, horregatik, kultur ekintzetara aurrekontu partida handiagoa bideratzeaz gain, kultur programazioari entitate berezia eman nahi izan dio.

Aurrerantzean, liburutegiak, Musika Eskolak eta kultur sailak antolatutako ekitaldi guztiak programa berean kokatuko dira. Kultur egutegiak 3 hilean behin aurkeztu dira eta izen propioa izango dute, garaian garaiko urtaroei lotuta.

Gaurkoan, beraz, abendura bitarteko kultur egitaraua aurkeztu dute, zeinak UDAZKEN KULTURALA du izen.

Ekitaldiz beteriko udazken kulturalaz gozatu ahal izango dute lezoarrek abendura bitartean. Haur, gazte eta helduen gustuko egitaraua osatu da. Guztira, 25 ekitaldi eta jarduera inguru antolatu dira datozen asteetarako, beraz, saski bete ekitaldi non nahi ikusi eta gozatzeko.

Udazken kulturaleko jarduerarik esanguratsuenak:

Abendura bitarteko egitarau honen baitan haur jardunaldiak, literatur solasaldiak, antzerkiak, kontzertuak, erakusketak, OrriBakaR literatur lehiaketa edota ipuin-kontaketak aurki daitezke.

Ekitaldi guztien artean nabarmentzekoak dira, adibidez, urriaren 30ean Eñaut Elorrietak eskainiko duen kontzertua; abenduaren 20an Ibai Iztuetak emango duen “Cultura Vasca versus Euskal Kultura” hitzaldia edota antzerki saio ezberdinak ere: azaroaren 6ko “Bi izarren kalenturak”, azaroaren 19ko “Arizona” edota abenduaren 18ko “Amodioaren ziega”.

Azaroan, III. OrriBakaR literatur lehiaketa ere ospatuko da eta haurrentzako jardueren artean ditugu:Pello Añorga ipuin konkatalari ezagunaren "Munstroek ere pixa egiten dute ohean" saioa(urriak 26); Ixabel Agirresaroberen “Joxe moxe kitarraren bordan elkartu ginenekoa” ipuin-kontaketa (azaroak 2); Maider Galarzaren “Beldurrezko ipuinak” saioa (azaroak 9); Eneritz Artetxeren “Zenbat gurari” ipuin-kontaketa (azaroak 16); Ines Bengoaren “Karabi karaba” saioa (azaroak 23); “Peru eta otsoa” antzerkia azaroaren 25ean; Xalto pailazoaren “Arre, arre zabarre” ikuskizuna (azaroak 30) eta “A zer nolako heroiak” eta “Tom txiki eta ispilu magikoa” ikus-entzunezko emanaldiak, lehena abenduaren 20an eta bigarrena abenduaren 27an.

Ekintza kopuru esanguratsua beraz haurrei zuzendua. Duela urte batzuk hasi eta krisi garaian galdutako jarduerei ekin nahi izan zaie berriz ere. Garai batean, bi astez behin, ostiraletan haur jarduerak antolatzen ziren Gezalan, besteak beste, musika emanaldiak, txontxongiloak, antzerkiak… Martxan jarritako hura berreskuratu nahi izan da haurren ohituretan kultur jarduera ikuskizunak txertatu eta aukera berriak eskaintzeko.

Amaitzeko, azaroaren 22an gaztelerazko literatur solasaldia-Sakiren “Alpiste para las codornices”- eta abenduaren 14an euskarazkoa -Joseba Sarraonandiaren “Narrazioak”-ospatuko dira. Eta noski, Santa Zeziliako kontzertuaren ondotik gabonetako ekintza bereziak eta kontzertu ezberdinak iritsiko dira Lezora. Guztiak sakontasunean ezagutu eta ekintza bakoitzaren informazio osoa eskuratzeko lezoarrek lezo.eus webgunera, APP berrira edota KulturKlik webgunera jo dezakete.

 


 

Arloa edo saila