ZERGA ORDENANTZA EGUNERATZEA ETA KALE GARBIKETA ZERBITZUA KONTRATATZEKO BALDINTZAK ONARTU ZIREN ATZOKO UDALBATZARREAN

Or, 2024-09-27 18:07

Udalbatzarrak ohiko osoko bilkura egin zuen atzo. Gai nagusiak zergen ordenantza eta kale garbiketa zerbitzuaren kontratazioa izan ziren.

Azken horri dagokionez, kale garbiketa zerbitzuen kontratazio bideratzeko baldintzak zehaztu ziren. Horrela, zerbitzua kontratatzeko 670.000 euro inguruko gastua aurreikusi da eta gaur egungo zerbitzua hobetzeko kontratazio baldintzetan zenbait moldaketa egin dira (eremuak moldatu, maiztasunak handitu…).

Zerga ordenantzari dagokionez, Iker Salaberria zinegotziak adierazi zuenez: “tresna honen helburu behinenak aberastasunaren birbanaketa justua egitea izan behar du. Birbanaketa hori garatzeko, bi printzipio gidari ditugu: batetik, gehiago dutenei gehiago kobratzea. Eta bestetik, herritar guztiei oinarrizko ondasun eta zerbitzu publikoak eskaintzeko beharrezko diru-sarrerak eskuratzea”. Horren baitan udalbatzarrak bost erabaki nagusi hartu zituen. 

Zerga eta tasen %1,5eko igoera orokorra. Horretarako ondorengo alderdiak hartu ziren kontuan: EAEko abuztuko KPIa %2,6koa izan zen. Aitzitik, oinarrizko elikagaien prezio igoerak handi izaten jarraitzen du. Soldata eta pentsio gehienak %2a baino gehiago igo dira. Horiek guztiak, eta esan bezala Udal zerbitzu egokiak bermatu ahal izatea, balantzan jartzearen emaitza izan da aipatutako igoera.

Zerga igoerek guztiei berdin ez eragiteko, eta egoera zaurgarrienean egon daitezkeenak laguntzeko, iaz martxan jarritako errenta mailaren araberako hobari sistema sakondu eta zabaldu da. Modu horretan, gizarte larrialdietako laguntzen osagarriak izango dira hobariak, lehen horiek jasotzen ez dituzten baina Lezoko batez besteko errentaren azpitik dauden herritar guztiek eskuragarri izango dituzte hobariak. Horrela, 50-55 mila euro hobarietara bideratzea aurreikusi da. Oinarrizko zerbitzuetan (OHZ, ura, estolderia, hondakinak) %90 eta %20 arteko hobariak eskainiz, eta gainerakoetan (udalekuak, ludoteka) %70 eta %10 artekoak. Beti ere, progresibitateari erantzunez, errentak jaitsi ahala hobariak proportzio handiagoan areagotuz.

Gizarte desoreken beste iturburu bati erantzun nahi izan zaio, etxebizitzaren arazoari, hain zuzen. Kasu horretan, etxe hutsek OHZn %100eko errekargua jasoko dute. Horrela, etxe horiek eskuragarri jartzea bultzatzeko.

Kiroldegiak Udalari eragiten dion zama ekonomikoa arintzeko, tasak igotzea erabaki zen. Kontuan hartu behar da azken hamar urteotan KPIa %26,3 igo den bitartean, kiroldegiko tasak %7,6 soilik igo direla, eta besteak beste horrek eraginda, azken urteotan 600 mila euro inguruko zuloa sortu diola kiroldegiak Udalari. 2018tik kontratua iraungita duenez, lehiaketa berri bat antolatu behar da epe motzean, eta lehiaketa horretarako baldintzak zehazteko, orain da tasak egokitu eta Udalaren zama arintzeko unea. Antzeko zerbitzua eskaintzen duten inguruko herrietako tasen azpitik dago Lezo, eta igoera hauekin haien pare jarriko da. Horrela, urteko abonua erreferentzia gisa hartuta, hileroko kuotetan ondorengo igoerak aurreikusi dira: familia abonuan 6,62 €, banakako heldutan 4,12 €, gazte, jubilatu eta langabetuetan 2,95 € eta bikote jubilatuetan 4,88 €. Igoera horiekin, Udalak estali beharreko zuloa 400 mila euro ingurura murriztu daitekeela estimatu da.

Estatuko hondakin eta lur kutsatuen 7/2022 legeak ezartzen du hondakinen kudeaketa ezin dela defizitarioa izan. Beraz, Iker Salaberriak azpimarratu zuenez, “Lezoko Udala legez behartua dago tasa horiek igotzera”. Lezoko kasuan defizit hori 180 mila eurokoa da (pertsonal gastuak eta zeharkako gastuak aintzat hartu gabe), eta proposatzen den %50eko igoerarekin 145 mila euro gehiago eskuratzea aurreikusi da. Beraz, dezente gerturatu arren, oraindik ez litzateke gastu guztiak estaltzera iritsiko. Kontuan hartu behar da, gainera, lehen aipatutako hobariei esker zailtasunak dituzten familiek laguntza ekonomikoa jasotzeko aukera izango dutela. Zabor bilketaren kasuan, 22 mila euro arteko hobariak banatzea aurreikusi da.

Arloa edo saila