Udalak eta Oroitzene euskaltegiak akordioa lortu dute haurren gurasoen matrikulazioa sustatzeko
Euskara praktikoa, horixe da AEKren matrikulazio kanpainaren leloa. Lezoko Oroitzene euskaltegiak bere egin du leloa, eta zabalik du 2013-2014 ikasturteko matrikulazio kanpaina.
Lezoko Udalak eta euskaltegiak akordioa itxi dute 12 urte edo gutxiago dituzten haurren gurasoen matrikulazioa sustatzeko. Transmisio kanpainaren helburua guraso horiek astean hirutan euskaltegira hurbiltzea da. Eta horretarako ordutegi eskaintza zabala prestatu dute: goizez, 9:00etatik 11:00etara; eguerdian, 14:00etatik 16:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara. Gurasoen euskara mailaren arabera, taldeak honela banatuko dituzte: A1 (0 urratsa), A2 (ulermenetik mintzamenera) eta B1 (mintzamenetik 1go hizkuntza eskakizunera).
Gainera, gurasoek horrela nahi izanez gero beste ordutegietara moldatzeko erraztasunak emango dituztela iragarri dute. Baldintza bakarra, kasu guztietan, zazpi laguneko taldea osatzea da. Matrikularen prezioa 150 €koa da, baina aprobetxamendu egokia eginez gero, eta eskoletara joanez gero, ikasleei dirua itzuliko zaie.
Eskaintza oparoa
Gurasoei zuzendutako ikastaroaz gain, Oroitzene euskaltegiak bestelakoak eskaintzen ditu. Euskara ikasi nahi duen orok astelehenetik ostegunera egin dezake, egunean bi orduz, komeni zaion ordutegian –beti ere taldea ateratzen bada, noski–. Era berean, Hizkuntza Eskakizunak lortzeko edota EGA ateratzeko ikastaroak astean bitan edo hirutan ematen dituzte. Azkenik, euskaltegiak auto-ikaskuntza zerbitzua baduela gogorarazi du. Bertan, ikasleek astero-astero etxean egiteko lanak –lau bat ordu–, bi orduko mintza praktika saioak eta ordubeteko tutoretza uztartzen ditu.
Euskaltegiko arduradunek Lezon erroldatuta dauden ikasleentzat diru-laguntzak daudela iragarri dute.
Informazio gehiago 943 519144 telefono zenbakian.