Bihar, hilak 23, 20.45ean, elkarretaratzea antolatu da udaletxe aurrean
Lezoko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak, aho betez, ondorengo adierazpen instituzionala adostu du:
- Lezoko Udalak erabateko gaitzespena erakutsi nahi du emakumeei egindako edozein indarkeria motaren aurka, eta, zero tolerantzia adierazten du edozein eraso sexistaren aurka. Jakin baitakigu, isilpean geratzen diren erasoak egon badaudela.
- Era berean, Udalak bere kezka erakutsi nahi du jarrera matxista horiek gertatzen jarraitzen dutelako, eta, bere borondatea agertzen du indarkeria sexista mota guztiak errotik ateratzeko, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunaren eta patriarkatu menperatzaile baten emaitza baitira.
- Helburu horretan, instituzio eta herritarrok bat egin behar dugu, guztion ardura baita indarkeria sexisten aurrean erantzun egokia ematea eta indarkeria sexistak ekiditeko baliabideak jartzea.
- Lezoko Udalak beharrezko eta premiazko jotzen du mekanismo guztiak artikulatzea berdintasunezko gizartea eraikitzeko eta bide horretan hasitako bidearekin jarraituko du berdintasun-politikak hauspotuz edota indarkeriaren aurkako ekintzak antolatuz. Bertan gizonek eta emakumeek dituzten ezaugarri guztiak askatasunez eta berdintasunez bizi ahal izango dituzte, eta, menperatze jarrerarik eta gizarte zati batek bestea edukitzeak lekurik ez dute izango.
- Lezoko Udalak beharrezko baliabide guztiak jartzen ditu edozein eraso sexistaren biktima izan den pertsonaren eskura. Eta bide batez gogorarazi nahi du Gizarte Zerbitzuen departamentuak (943 521094) laguntza ematen duela indarkeria sexista ematen den kasu guztietan.
- Udalak bat egiten du ostegunerako, hilak 23, 20:45ean udaletxe aurrean herriko elkarteek indarkeria sexista oro deitoratzeko, eta bereziki Gasteizko eta Angeluko hilketak salatzeko, antolatu duten elkarretaratzearekin eta herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatzen die.
Arloa edo saila