Lezo, Europako Gazteen Jaialdiko Mikroegoitza

Al, 2014-12-01 11:05

Ostiral goizean hitzarmena sinatu zuten Mikel Arruti Kultura zinegotziak eta Mikel Mate Donostiako Musika eta Dantza Eskolako kudeatzaileak

Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburutza proiektuaren baitan, Europako Gazteen Musika Jaialdia ospatuko da 2016ko maiatzean Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean. Jaialdian, Europa osoko 10.000 musikarik parte hartuko dute.

Lezoko Udalak bat egin du egitasmoarekin, eta mikroegoitza izango da. Horrela jasotzen da ostiral goizean Mikel Arruti Kultura zinegotziak eta Mikel Mate Donostiako Musika eta Dantza Eskolako kudeatzaileak sinatu zuten hitzarmenean.

Mikroegoitza izateak, funtsean, bi betebehar dakartza berarekin. Batetik, beste lurralde batzuetako ikasle eta irakasleekiko harremanak partekatzea eta ahalbidetzea. Eta bestetik, udalerrian bi kontzertu antolatzea. Emanaldi horietan Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleek joko dute, harrera egingo dieten beste herrialde bateko musikariekin batera.

Europako Gazteen Jaialdiaren baitan, besteak beste, Europako Musika Eskolen Elkarteko zuzendari eta irakasleentzako hitzaldiak antolatuko dira, Anoetako Estadioan inaugurazio ekitaldi jendetsua egingo da musikariekin, kontzertuak antolatuko dira egitasmoarekin bat egingo duten mikroegoitzetan edo-eta amaierako kontzertu erraldoia egingo da Zurriola hondartzan.

Xanti Espina Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendariaren hitzetan, “oso esperientzia aberasgarria izango da Musika Eskolarentzat, bertako irakasle eta ikasleentzat eta herriarentzat. Europako bizpahiru talde ekartzeko aukera ez da egunero suertatzen, eta beste herrialdeetako musikak eta kulturak gertutik ezagutzeko aukera izango dugu. Musika Eskolak badu esperientzia antzeko ekimenekin eta anfitrioi onak izatea espero dugu”.
 

Arloa edo saila