Errenteriako, Lezoko eta Pasaiako alkateek Pasaiako Portuaren inguruan jarraian irakur daitekeen ohar bateratua atera dute:
Pasaiako Portua estrategikoa da, bai Oarsoaldearentzat, bai Gipuzkoarentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere.
Azken egunotan Pasaiako Portuaren balizko transferentziaren inguruan eta interes orokorreko azpiegitura izaten jarraitu behar ote duen publikoki eztabaidatu dute Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko zenbait agintarik eta gobernu kidek. Gure ustetan, horrelako azpiegitura garrantzitsu baten inguruko eztabaida ezin da inprobisatua izan, ezta komunikabideetan egin ere. Horrek, erakundeon, enpresen eta herritarren kezka eta mesfidantza eragin besterik ez du egiten.
Portuaren izaera eta eskumena eztabaidagai garrantzitsua da gure ustez eta, dena delako proposamen edo erabakik, eztabaida serio eta antolatua eskatzen du, eragindako erakunde eta eragile guztien partaidetza bermatuz eta hedabideen fokuetatik kanpo.
Guk eta hemen erabaki behar dugu, gure etorkizunarentzat estrategikoak diren azpiegituren etorkizuna nolakoa izatea nahi dugun.
Elkarlana eta inbertsioak, elkarbizitza egokirako
Pasaiako Portua eta bertako jarduera ekonomiko zein enplegua sendotzea estrategikoa da, Portuarentzako bezainbeste gure lurraldearentzako. Horretarako portuaren modernizazioa zein jardueren eraldaketa funtsezkoak dira. Ekonomia urdinarekin lotutako jarduera berriak bultzatu behar dira, Portuaren eta itsas-jardueraren elektrifikazioa sustatu eta ingurumenarekiko eta inguruarekiko atseginagoak izango diren jarduera ekonomiko berriak sustatu.
Horrek guztiak, zalantzarik gabe, herritarren eta portuaren arteko elkarbizitza hobetuko luke. Baina Portuaren eta inguruan bizi diren udalerrietako bizilagunen arteko elkarbizitza, bada bere horretan landu eta posible egin beharreko erronka ere. Portu Agintaritzak hartzen dituen erabakiek eragin zuzena baitute inguruko herrietan eta herritarren bizitzan. Portua ez da soilik jarduera ekonomikoak garatzeko gunea; gure herrien bihotzean dagoen espazio bizia eta partekatua da. Elkarbizitza egokia posible izan dadin funtsezkoak dira kudeaketa-eredu berri bat, erakunde, eragile eta herritarren arteko elkarlana posible egingo dituena eta erakundeek inbertsio estrategikoak gauzatzea Portuaren ingurunean.
Portuaren ekarpena Pasaialdeko udalerriei
Pasaiako Portua Gipuzkoako poligono industrialik garrantzitsuenetarikoa bada ere, ez du ohiko poligono industrialek kokatuta dauden udalerrietan zerga bidez egiten duten ekarpena egiten. Areago, eguneroko bizitzan afekzio garrantzitsuak eragiten ditu. Honek eskualdeko udalerrien garapena eta ongizatea baldintzatzen ditu.
Araban, Bizkaian eta Nafarroan interes bereziko azpiegiturekin hau gerta ez dadin izaera bereziko ondasun higiezinen arau-aldaketa eginda dago, legeak ahalbidetzen baitu. Gipuzkoan moldaketa hori egin gabe dago eta Pasaialdeko udalerrion eskaera honen jakitun da Aldundia.
Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu har ditzala neurriak bidezkoa ez den egoera honi soluzioa emateko. Beste lurraldeetan posible dena Gipuzkoan ere posible izan dadin eta bitartean, konpentsazio mekanismoak bermatu ditzala.