Uda honetan zazpi haur sahararrek egingo dute egonaldia Pasaian eta Lezon. Udalek harrera familien elkartasuna eskertu eta herri sahararrak pairatzen duen zapalkuntza salatu dute.
Ekainaren 30ean harrera instituzionala egin diete Pasaiako udaletxean Oporrak Bakean programaren baitan Pasaiara eta Lezora uda igarotzera iritsi diren zazpi haur sahararrei.
Haurrei eta harrera familiei egindako harreran Pasaiako eta Lezoko ordezkari politikoek hartu dute parte, eta baita Bixi-Bixi elkarteak ere, programaren eskualdeko arduradun gisa. Ekitaldia Arizabalo jauregiaren atarian hasi da; bertan, Donibaneko eta Lezoko dantzari txikiek Agurra eskaini diete etorri berriei. Pleno aretoan egindako ekitaldi instituzionalean hainbat ordezkarik hartu dute hitza, tartean Pasaiako alkate Teo Alberro Bilbaok, Lezoko zinegotzi Iker Salaberria Urkizuk, harrera familien izenean Moi Celades Renardek, ongietorri bertsoa eskaini du Xune Azkarate Gartzia sanjuandarrak, eta Saharatik etorritako haurren izenean Tiba pozarren agertu da aurten aurreko urteetan baino haur gehiago heldu direlako Oarsoaldera.
Oporrak bakean
Gaymula, Fatma, Muna, Tiba, Kanan, Hamma eta Bdeiduk Pasaian eta Lezon igaroko dute uda (abuztu amaierara arte), Oporrak Bakean ekimenari esker. Programa horrek urte luzeko ibilbidea du atzean, eta helburu du udako hilabeteetan zehar 10 eta 12 urte bitarteko saharar haur errefuxiatuak denbora baterako harreran hartzea familia euskaldunetan.
Programak alde biko eragin sakona du. Batetik, haur sahararrek haien osasun egoera nabarmen hobetzeko aukera dute, bai azterketa medikuak medio, baina baita elikadura egokiari esker ere, besteak beste. Errefuxiatu kanpalekuak ez diren beste errealitate bat ezagutzen dute, haien bizitokian ezinezkoak liratekeen baldintzetan.
Bestalde, familia euskaldunek saharar herriak pairatzen duen egoeraren berri zuzen-zuzenean izaten dute, eta elkartasuna oinarri duen bigarren familia bat osatzeko aukera ere ematen die programak.
Egoera politiko eta humanitarioa muturrekoa da Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan. Hamarkadak daramatzate milaka sahararrek Aljeriako basamortuan erbesteratuta, nazioarteko laguntza humanitarioaren mende. Azken urteotan, laguntza horien murrizketek elikagaien, uraren eta botiken eskasia areagotu dute; desnutrizioak eta anemia tasak bereziki gogor jotzen dituzte pertsona zaurgarrienak, eta udako hilabeteetan 50 gradutik gorako tenperaturek biziraupena bera zailtzen dute. Aldi berean, Mendebaldeko Saharako gatazkak konponbiderik gabe jarraitzen du, eta herri sahararraren autodeterminazio eskubideak ukatua izaten jarraitzen du.
Testuinguru horretan, Pasaiako alkate Teo Alberrok nabarmendu du Oporrak Bakean programa "ez dela uda pasatzeko aukera hutsa, elkartasunaren eta justiziaren aldeko konpromiso kolektiboaren adierazpena baizik". Bere hitzetan, "haur hauek aste batzuk igaroko dituzte gure artean, baina haien herriak hamarkadak daramatza erbestean. Ezin dugu normaltzat hartu milaka pertsona basamortuko errefuxiatuen kanpalekuetan bizitzera behartuta egotea, ezta nazioarteko komunitatearen eta Espainiako Estatuaren erantzukizuna lausotzea ere".
Alkateak eskerrak eman dizkie bereziki harrera familiei: "Zuen etxeetako ateak irekitzeak askoz gehiago esan nahi du uda batez haur bat hartzea baino. Babesa, maitasuna eta itxaropena eskaintzen dizkiezue, eta haien bizitzan aztarna uzten duzue. Baina ziur nago haiek ere zuen bizitzak betiko aldatzen dituztela. Zuek zarete programa honen bihotza".
Iker Salaberriak ekimenaren oinarri diren Bixi-Bixi elkarteko kideei ere eskerrak eman dizkie: “Euskal Herriaren eta saharar herriaren arteko zubiak sendotzen ditu ekimen honek. Baina zubiak alperrik leudeke zubiaren batetik besterako bidea egiteko prest dagoen bidegilerik ez balego. Bidegile horiek, zubia batera eta bestera igaroaz, zubiaren bi aldeen arteko elkartasuna elikatzen dute. Gurean bidegile ditugu elkartasuna elikatzen duten haurrak eta Bixi-bixi elkartea bera. Eskerrak zuei egiten duzuen bidearengatik”.
Pasaiako eta Lezoko Udaleko ordezkariek eskerrak eman dizkiete haurrei harrera egin dieten familiei, “konpromiso eta elkartasun eredugarria erakutsi dutelako”. Era berean, azpimarratu dute ezin dela onartu saharar herriak hamarkada luzez erbestean eta okupazioaren ondorioak pairatzen jarraitzea, nazioarteko zuzenbidea behin eta berriz urratzen den bitartean. Horregatik, herritarrei dei egin diete herri sahararraren borroka ez ahazteko, haien eskubideen aldeko aldarria zabaltzeko eta elkartasun ekimenetan parte hartzen jarraitzeko. "Isiltasunak ere okupazioa eta sufrimendua betikotzen baititu".