Oarsoaldeko lau udalek 13 urte daramatzate, era batera edo bestera, lan-munduan euskararen presentzia handitzeko egitasmoak gauzatzen.Gaur egin duten agerraldian ezagutzera eman dute lan-munduko eragileak sentiberatzeko ekimen berria; EUSKARAZ, S.A.
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak, ordea, ederki daki egun lan-mundua euskalduntzeko darabiltzan neurri eta kopuruak oso motz direla oraindik egoerari buelta ematen hasteko. Horregatik, gaiari bultzada berria ematea beharrezko deritzo, alor sozioekonomikoan euskara normalizatzeak ekarriko baitu neurri handi batean gainerako alorretan ere euskara normalizatzea.
Horiek horrela, gaur egin duten agerraldi batean ezagutzera eman dute lan-munduko eragileak sentiberatzeko ekimen berria; EUSKARAZ, S.A. Prentsaurreko honetan Izaskun Gomezek (pasaiako alkateak), Garazi Lopez de Etxezarretak (Errenteriako zinegotziak) eta Nagore Garcia de Vicuñak (Strogoff komunikazio enpresaren ordezkariak) parte-hartu dute baina eragile mordoxka bat bildu dira gaurko agerraldian:
EUSKARAZ, S.A.
Guztiok ditugu maila pertsonalean egin nahi ditugun eginkizun batzuk, lanekoez gain. Euskara izaten da, askotan, horietako bat. Euskara ikastea, euskaraz hitz egitea, euskara partekatzea, euskaraz konposatzea, euskaraz idaztea eta euskaraz bizitzea bizi osoko konpromiso eder bat da jende askorentzat, eta tinko eusten diote horri, oztopoak oztopo, beti erraza izan ez arren.
Hori da, agian, haien enpresarik preziatuena. Beren hizkuntzarekin idatzi gabeko kontratu bat duten pertsonen kasuan, ez dago zalantzarik: haien enpresa Euskara S.A. da.
Egunero proiektu baliotsu bat, gure hizkuntza, alegia, aurrera ateratzeko gogor lan egiten dutenei. Sozietate honen parte diren guztiei, merkataritzatik haratago doalako eta bere zuzendaritza milaka herritar anonimok osatzen dutelako.
Horixe da aste honetan hasiko den kanpainaren muina eta, lehen fase batean, autobus geltokietan, autobusetako pantailetan eta irratian zabalduko dena, eta datorren urtean beste hainbat ekimen eta euskarri erabiliz jarraipena izango duena.
Eman diezaiogun lana euskarari.
Gure enpresa da.