Soziolinguistika Kluserrak egindako azken azterketaren arabera, %36,5ak erabiltzen du Euskara kalean, eta, bilakaerari erreparatuz, aurreko azterketatik ia puntu bat igo da euskara-erabilera datua
Lezoko Udalak, euskararen egoera nolakoa den jakiteko helburuarekin, herriko hizkuntza-erabilera aztertu du beste urte batez Soziolinguistika Kluserraren eskutik. Euskararen erabilera baloratzeko orduan iritzietan edo datu subjektibo hutsetan ez gelditzeko, datu objektiboetara jo da eta sei alditan gauzatu da jada azterketa bera Lezon. Azkena 2016. urtean egin da, eta, horretarako, kaleetan topatzen den jendeak zein hizkuntza erabiltzen duen aztertu da, adin-tarte ezberdinak kontutan hartuta, adin bakoitzean zein hizkuntza joera dauden aztertzeko.
Euskararen erabilerak garrantzia handia du adin-tarte guztietan, baina berebiziko garrantzia du gazteen kasuan, horiek baitira euskararen etorkizuna. Euskararen kale-erabilera altuagoa da haurren eta gazteen artean. Oro har, haurren %43,5ak eta gazteen %41,6ak egiten du euskaraz kaleetan.
Beraz, azken datuen berri emateko Soziolinguistika Kluserrak atzo Lezoko Udaleko Kultur Aretoan hitzaldia eskaini zuen.
Aditzera eman zutenez, Lezoko kaleetan herritarren %36,5 aritzen da Euskaraz, hau da, kaleetan barrena topatutako 10 kideetatik hiru edo lauk egiten dute euskaraz. Gainerako %63a gaztelaniaz aritzen da, eta %0,5a beste hizkuntza batzuetan. Hala ere, 2011an egin zen azterketaren arabera (EUSTAT), herritarren euskara gaitasuna %56,8koa izanik, espero daitekeen erabilera %25,6koa litzateke eta aldiz, azken kale erabilera datuek gainditu egiten dute kopuru hori.
Euskararen bilakaerari dagokionez, 2000. urtetik hona hiru puntu igo da euskararen erabilera-datua. 16 urteetan zehar egin diren azterketetan gora behera esanguratsuak egon diren arren, azken urtean egon den ia puntu bateko igoerak Euskararen erabilera-datuaren balorazio positiboa dakar.
Amaitzeko, Lezo inguruko beste herrialde batzuekin alderatuz, Hernanin %39,1ak erabiltzen du Euskara kalean, Pasaian %20ak, eta, aipatu moduan, %36,5ak Lezon. Hernaniko eta Lezoko erabilerak parekatuta ikus daitezke, baina, Pasaiarekin alderatuta, adibidez, euskara-erabilera esanguratsuki altuagoa da.