Bi lagunentzako otordu bana zozkatuko dute Oarsoaldeko herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean.
2021eko errenta aitortzeko epearen irekiera dela eta (2022/04/04tik 2022/06/30era), Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek dei egin diete Oarsoaldeko zergadun guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko eta, bidenabar, ogasunarekin harremana euskaraz izatera animatu dituzte herritarrak.
Pasai Donibaneko RKA aholkularitzaren aurrean eginiko agerraldian parte hartu dute RKA aholkularitza enpresako arduradun Maria Badiolak, Errenteriako Udaleko euskara zinegotzi Itziar Ostolazak, Pasaiako euskara zinegotzi Loreto Osak, Oiartzungo euskara zinegotzi Josu Delgadok eta Lezoko ogasun zinegotzi Laura Martinezek.
Errenta aitorpena euskaraz egiteko, Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzeko orduan euskaraz egin dezakezu, baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egiten duzunean ere euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz. Bestalde, errenta aitorpena egiteko gestoria bat erabiltzen bada, errenta aitorpena euskaraz egin eta Ogasunarekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adierazi.
Errenta aitorpena euskaraz egitea urrats bat gehiago da ogasunarekin eta, azken batean, gure helburu izan behar duen administrazio publikoarekin harremana euskaraz izateko bidean. Euskararentzako garrantzitsua da zure aukera, zuri gauza gutxi iruditu arren. Zorionez, urtez urte gero eta gehiago dira errenta euskaraz egiten duten Oarsoaldeko herritarrak eta administrazio publikoekin euskaraz egitea erabakitzen duten herritarrak.
Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, bi lagunentzako otordu goxo bana zozkatuko dute herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean. Zozketan parte hartzeko hiru bide izango dira aukeran: whatsapp bidez zabalduko den drive bateko formularioa betetzea, www.oarsoarrak.eus webeko formularioa betetzea edota leku publikoetan jarriko diren boletoak bete eta entregatzea.
Aurten ere egin beraz errenta aitorpena euskaraz! Agian saria ere eskuratu dezakezu eta!