Mikel Ugalde eta Kuadrillategi egitasmoa izango dira aurtengo oarsoarrak euskararen sariaren hartzaileak
2010az geroztik Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eman ohi duen Oarsoarrak Euskararen Saria Mikel Ugalde ekintzaile eta euskaltzale errenteriarrari eta Kuadrillategi egitasmoari emango diete aurten.
Eskualdeko euskalgintzako ordezkariek osatutako epaimahaiak, mahai gainean izan dituen proposamenak aztertu ondotik, Mikel Ugaldek hainbat alorretan eta Kuadrillategik gazte koadrilen artean euskarak bere lekua izan dezan egin duten lanari aitortza publikoa egitea hobetsi du.
Mikel Ugalde Ugarte errenteriarra da eta gaztetatik, frankismo garaitik, bere kristau konpromisoak bultzatuta, gizarte eragile izan zen hainbat kolektibotan jardunez. Sindikalismoa, irakaskuntza, kazetaritza eta antzerkigintza izan dira bere lan ardatz soziolinguistikarekin batera. Beti ere, euskararen mesedetan eta ikuspuntu euskaltzale batetik eraginez.
Kuadrillategi egitasmoaren hazia Pasaian erein zen eta Lasarten Kuadrillategi izena hartu ondotik 2002an jarri zen martxan aurrena Pasaian eta handik gutxira Lezon eta Oiartzunen. Orain dela 4 ikasturte Errenterian ere ezarri zen. Talde naturalen, kuadrillen hizkuntza ohiturak euskalduntzea helburu duen aisialdi eskaintza da Kuadrillategi eta DBHko ikasleak ditu hartzaile. Eskualdean gazteen artean jarduera arrakastatsu bihurtu da euskarazko aisia.
Oarsoaldeko lau udalek eta Lau Haizetarak, Prest! euskara taldeak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak, Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak eta Errenteriako Udal Euskaltegiak osatutako epaimahaiak sari emate ekitaldian parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak.
2017ko Oarsoarrak Euskararen Saria abenduaren 1ean jasoko dute Mikel Ugaldek eta Kuadrillategi egitasmoak, iluntzeko 19:00etan, Errenteriako Niessen Kulturgunean egingo den ekitaldian. Ekitaldi irekia izango da, ohi bezala.