ALTAMIRAGAIN PARKEKO BERRITZE LANAK ABIAN DIRA

Og, 2026-03-12 10:57

Lezoko Udalak Altamiragain parkeko berritze lanak jarri ditu martxan, auzoko espazio publiko garrantzitsu honen egoera hobetzeko eta herritarren erabilera erosoagoa eta irisgarriagoa bermatzeko helburuarekin. Lanak 2025. urtearen amaieran esleitu ziren, eta guztira 234.654,51 euroko inbertsioa egingo du Lezoko Udalak proiektua gauzatzeko.

Altamiragain parkean egokitzapen eta berroneratze lanak egiten hasi da Lezoko Udala, Lau Badia enpresaren bitartez. Lan horiekin, Lezoko Udalak auzo honetako espazio publikoa berritu eta biziberritu nahi du, herritarren topagune eta aisialdirako gune atseginagoa sortuz. Gainera, Lezoko bazterreko eremu degradatuak leheneratzeko proposamenarekin bat egiten du, erdigunetik aldentzen diren eremuen potentziala nabarmendu eta herritarrentzat espazio horiek egokitzeko ahaleginak ingurua eta lezoarren ongizatea bermatzen baititu. Etorkizunean kultur ekintzak bertan egiteko eremu aproposa izanik, Lezoko Udalak etorkizunean Altamiragain parkean ekitaldiak eta ikuskizunak antolatzeko asmoa dauka.

Egun, Lezoko Udala proiektuko lehenengo faseko esku-hartzeak egiten ari da, anfiteatroko hainbat elementu berritu eta egokitzen. Besteak beste, anfiteatroaren eremua konpondu eta esertzeko lekuak egokituko ditu, espazio hori berriro ere jarduerak egiteko eta topagune gisa erabiltzeko egokiak izan daitezen. Era berean, bertan kokatuta dagoen estalpea berritzen ari da eta argiteria berria instalatuko du.

Bigarren fasean, Altamiragain parkeko bideak eta inguruak irisgarriak izan daitezen egokituko ditu. Lurra aldatu, eskubandak jarri eta argiteria berrituko du, besteak beste, bideen erabilera eta segurtasuna hobetzeko. Ingurumenari dagokionez, bioaniztasuna sustatzeko neurriak ere hartuko ditu, landaketa berriak eginez eta fauna txikiarentzat babeslekuak jarriz.

Altamiragain parkeko berritze lan hauek 2022an Altamira auzoan eta inguruko eremuan egindako azterketa batean jasotako beharrizan eta proposamenetan oinarritzen dira. Azterketa horren helburua auzoko espazio publikoen egoera aztertzea eta hobetzeko lehentasunak zehaztea izan zen, eta orain martxan jarritako proiektua lan horren emaitza da.