Gaintxurizketako behin betiko oinezkoentzako pasabidearen lizitazioa burutu da

Al, 2026-02-09 13:59

Gaintxurizketatik igarotzen den GI-636 errepidea gurutzatzeko behin betiko pasabidea eraikitzeko proiektuaren idazketa lizitazioa onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aldundiak, Euskal Trenbide Sareak eta Lezoko Udalak duten lankidetza hitzarmenean kokatzen da lizitazioa. 

Azpiegitura horrek behin-behineko pasabidea ordezkatuko du, GI-636 errepidea gurutzatu ahal izateko modu seguru eta iraunkorra bermatuz. Euskotren geltokiaren parean kokatzen da, eta bizilagunen zein 107 industriguneko langileen mugikortasun segurua ahalbidetzea du helburu. 

Pasa den ekainetik dago erabilgarri behin-behineko pasabidea. Orain, proiektuaren bigarren fasea abiatu da, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betiko pasabidearen proiektuaren idazketa lizitazioa onartu du. Lizitazioa Aldundiak, Euskal Trenbide Sareak eta Lezoko Udalak sinatutako lankidetza hitzarmenetik abiatzen da, hiru erakundeen arteko lan koordinatuaren ondorioz. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 52.000 €-koa da eta hiru erakundeek finantzatuko dute, zati berdinetan. 

Azpiegitura berriak, Gaintxurizketako bizilagunek eta langileek GI-636 errepidea modu seguruan gurutzatzeko igarobide finkoa ahalbidetzeaz gain, irisgarritasuna bermatuko du eta auzoan mugikortasuna hobetuko du.

Lezoko Udalak balorazio positiboa egin du pasabidearen eraikuntzarako eman den lehen pausu honetan, “behin-behineko igarobidea ekainean ireki zuen Aldundiak eta ordurako Perrene auzorako bidea eta 107 industrigunerako bideak ere prest ziren. Oinezkoen segurtasuna modu errealean babesten eta hobetzen duen irtenbidea izan da, baina behin betiko azpiegitura eraikitzeko lehen prozedurak abian izatea oso positiboa da”. 

Pasabideak hobekuntza esanguratsua ekarriko du Gaintxurizketako mugikortasunari dagokionez, baina GI-636 errepidean ibilgailu asko ibiltzen dira eta kamioi eta trailerren trafiko handiegia du. Alkateak adierazi duenez, “Gaintxurizketatik bideratzen dira horien guztien ibilbideak eta horrek zuzenean eragiten du zirkulazioan, baina are gehiago bertako bizilagunen eta langileen egunerokoan.Beraz, hobekuntzak egiteko lanean jarraitzeaz gain, oinarrian dagoen errealitatea aztertu eta aldaketak egin behar dira; errepidearen ondorioak arintzeaz gain, ondorio horien kausak gutxitzeko hobekuntzak egin”.

Gaintxurizketako bizilagun eta langileek egindako aldarriak oso garrantzitsuak izan ziren GI-636 errepidearen arrisku eta hilkortasuna agerian uzteko. “Orain, instituzioen arteko elkarlanak eraginkorra izaten jarraitu behar du, gure konpromisoa berresten du eta errepidea gurutzatzeko behin betiko bide segurua ahalik eta azkarren eraikitzea ahalbidetuko du”, azaldu du Mikel Arruti Lezoko alkateak.