LEZO EUSKARAGARRI PLANAREN AURKEZPENA: HERRITARREKIN ETA ERAGILEEKIN BATERA EUSKARAREN BULTZADA LEZON

Ar, 2024-12-10 13:59

Abenduaren 4an, Euskararen Eguna ospatzeko antolatutako ekitaldien testuinguruan, Lezo Euskaragarri prozesuaren lehen emaitzak ezagutzera eman zituen Lezoko udalak. Herritarrei egindako agerraldian, Mikel Arruti alkateak eta EMUNeko Mikeldi Zeberio eta Maddi Agirianok planaren aurrerapena, herritarren parte-hartzea eta ekarpenak azaldu zituzten.

Mikel Arruti alkateak prozesua martxan jartzeko arrazoiak azaldu zituen: “Lezo euskaragarri prozesua martxan jarri genuenean aipatu genuen  gaur gaurkoz Lezon ere euskaraz bizi ahal izateko hainbat eragozpen eta oztopo bizi ditigula, eta erdara nagusi dela gure herrian. Aldiz, sortu genuen leloak dioen bezala, Lezo euskaragarria dela uste dugu. Euskara lezoar guztiei  eskuragarri jarri nahi diegu, eta Lezo berriro euskaldun izatea lortzeko ametsa dugu”. Lan horren konplexutasuna azpimarratuta, alkateak beharrezkotzat jo zuen instituzioen eta komunitatearen bultzadak batzea. Lezo Euskaragarri prozesuarekin hori landu nahi izan da: Udalgintzatik eta herrigintzatik egin beharrekoa bateratzea.

Lezo euskaragarri (2)

Ondotik, prozesuan iraun duen artean, apirila-urria hilabeteetan zehar herrian antolatu diren ekintza desberdinak gogorarazi nahi izan zituen alkateak: “gai herriratu nahi genuen, herritarren arteko elkarrizketagai bilakatu nahi genuen. Zer edozer aldatu nahi izanez gero, ezinbestekoa baita horri buruz hitz egitea. Horretarako antolatu ziren hainbat ekiman: Iñaki Iurrebasoren hitzaldia, Bizkarsororen emanaldia, familientzat tailerra, Urtzi Urkizuren liburuaren aurkezpena, kirola eta euskara mahai-ingurua, bideo-solasaldiak…”.

Lezo Euskaragarri prozesuaren helburu nagusia Lezoko herritarrei euskaraz bizitzeko ingurune erosoa sortzea da,. Horrela, EMUNeko kide diren Mikeldi Zeberio eta Maddi Agirianok, eginiko diagnostikoaren eta aurrera begira jaso dituzten esku-hartzeko proposamenen berri eman dute. Zeberiok parte-hartze saion garrantzia azpimarratu zuen: “Herritarrek eta eragileek eskainitako informazioa prozesuaren bizkarrezurra izan da. Azkenik, orain, proposamen eta egitasmoekin aurrera egiteko unea da,” adierazi zuen Zeberiok.

Maddi Agirianok aurrera begira jasotako proposamenak aurkeztu ondotik bertaratuei lehentasunak ezartzeko ariketa bat egiteko aukera eskatu zitzaien. 
Planaren behin betiko dokumentua EMUNeko kideek eta Udalak landuko dute eta, ondoren, publiko egingo da Lezoko webgunean.
Alkateak, ekitaldia amaitzeko, herritarrei eta eragileei eskerrak eman zizkien, eta bereziki, prozesuaren dinamizazioan parte hartu duten taldeei. “Eskerrak prozesu honetan parte hartu duten guztiei, eta batez ere, Kontraste Taldeko kideei: UEMA, Oarsoaldeko Euskara teknikariak, AEK, Talaia eta Errota guraso elkarteak, Ttakun eta Allerru futbol taldea,” nabarmendu zuen alkateak.

 

Arloa edo saila