1998.eko Urriaren 6ekoa

Agiri mota

Lezon, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko urriaren seian, 19:00 orduetan bildu da, Udaletxeko biltzar areto nagusian UDALBATZA OSOA bere EZOHIKO BILKURA egiteko, lehen deialdian, Mikel Arrizabalaga Pikabea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jesus Mª Martiarena Jaka eta Pello Garbizu Azkue.

Jose Luis Ruiz Navarrok ezin etorri izanaren abisua bidali du. Mirari Rekalde Gonzalez, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris ez dira bilkuran izan.

Xabier Loiola Aristi aritu da idazkari gisa eta Patxi Apalategi Mendizabal itzultzaile gisa.

Alkateak esan du, Senideak erakundeak eskatuta egin dela osoko bilkurarako deia.

1.- LEZOKO SENIDEAK AURKEZTUTAKO MOZIOA.

Euskal preso politikoek eta beren familiartekoek jasaten ari diren injustizi egoera gogorazi du alkateak.Gogorazi du nola, haien semeak estatuko kartzeletan barrena banaturik zeuden bitartean, (Herrera de la Mancha, Puerto de Santa María, Soria, Ceuta, Cadiz, ...), herritik urrun, Pello Cuestaren aita hil zela duela zortzi urte, Joanito Treceten aita duela bi urte, eta aurten bertan hil dela Rosa Balda, Emiliano Viañaren ama. Gogorazi du ezen, heriotza horiek, haien semeek zigorraren ¾ beterik zutela gertatu zirela eta, beraz, indarrean dagoen legediaren arabera, libre izan behar zirela.

Euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzea luzaezinekoa iruditzen zaio, beren zigorraren ¾ bete dutenak libre geratzea eta gaisotasun sendaezina dutenak ere bai. Azken helburua amnistia dela esan du.

Alkatearen baimenaz Agustina Pontestak hartu du hitza Senideak erakundearen mozioa irakurtzeko. Mozioak honela dio hitzez hitz:

"Lezoko herritarra den Emiliano Viaña Balda presoak hamaika urte egin ditu espainiako espetxeetan. Hamaika urte horietarik zortzi Ceutako espetxean bete ditu eta joan den urtarrilaz geroztik Cadiz-ko espetxean dago.

Legediak dioenari jarraiki preso orok besteak beste espetxe zigorra etxetik gertuen duen espetxean betetzeko eskubidea du eta zigorraren hiru laurdenak betetzean aske gelditu beharko luke. Emiliano Viaña Baldaren kasuan, beste euskal preso politiko askoren kasuan bezala, funtsezko bi eskubide hauek ez dira bete. Orain arteko gartzela zigorra Euskal Herritik kanpo dauden espetxeetan bete baitu eta zigorraren hiru laurdenak bete dituen arren oraindik espetxean jarraitzen baitu.

Lezoar honen kasua ezaguna egin zen orain zenbait hilabete eritetxean ebakuntza egin ziotenean ohari grilluz loturik izan baitzuten eta bere osasun egoerari zegokion tratua ukatu baitzioten bai eritetxean bai espetxean.

Oraingoan berriro ere bere kasua ezagun bihurtu da, amaren gaixotasun larria eta heriotzagatik presoa Langraizko espetxera ekarri baitute. Bitan herrian bertan izan da ama ikusi eta honi hilerrian azken agurra emateko.

Une gogor hauetan Lezoko Senideok behar beharrezkoa ikusten dugu Emiliano Viaña atzera berriro Euskal Herritik 1.000 kilometrotara dagoen espetxe batera bidalia izan beharrean bertan utz dezaten ahaleginak egitea.

Izan ere, legea betearaztea besterik ez litzateke izango Euskal Herriko espetxe batean egotea eta bestalde hamaika urtez bere senideek bizi behar izan dutena behin betiko amaitzea ekarriko luke. Ez dugu ahantzi behar honelako bisitak beti gogorrak baldin badira Emiliano Viañaren kasuan zenbait senideren egoerak are gogorragoa egiten duela, aitaren adinak edo hiloben gaztetasunak, hain zuzen.

Beraz, hori guzia kontuan izanik Lezoko udal batzari honakoa eskatzen diogu:

  • Bere eskura dauden ahalegin guztiak egitea Emiliano Viaña, legeak aitortzen dizkion eskubideetan babestuz, aske utz dezaten ahal bezain laster.
  • Halaber, askatzeko prozesua burutu bitartean Cadizera eraman ez dezaten eta horren ordez, Euskal Herriko espetxe batean egon dadin, ahal delarik Martutenekoan, ahal duen guzia egitea.
  • Komunikabideei eta Lezoko herriari Emiliano Viaña Baldaren kasuaren berri eman eta harturiko erabakiak jakinaraztea.
  • Viaña Balda sendiari doluminak agertzea Lezoko Udal Batzaren izenean Rosa Baldaren heriotzagatik."

Alkateak jasoaraztea nahi du ezen, Eusko Alkartasuna eta Herri Batasunako ordezkariek eta Jesus Mª Martiarena zinegotziak mozioa izenpetu dutela.

Bertan diren zinegotzietarik inor ez da mintzatu eta alkateak bertan diren herritarrei eman die hitz egiteko aukera. Guztiek azpimarratu dute formazio politiko desberdinek mozioari eman dioten sostengua.

Alkateak seinalatu du, badagoela formazio politiko bat gaur huts egin duena eta bai Lezon eta bai Euskal Herrian huts egiten ari dena, eta hori arazo gerta daitekeela etorkizunean.

Bozketa eginik, bertan diren zinegotzi guztien aldeko botoez onartu da mozioa, udalbatza osatzen duten hamahiruetatik zortzi.

AKTAREN AMAIERA.

Eta beste aztergairik ez dagoenez, 19:15 orduetan lehendakaritzak amaitutzat eman du batzarraldia. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.

Eguna