2007.eko Urriaren 3ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2007ko urriaren 3an, asteazkena,19:05etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Irati Aranburu Salaberria (Lezoko EAE-ANV udal taldea), Jon Legorburu Arrastua (Lezoko EAE-ANV udal taldea), Silbia Folgueira Fernández (Lezoko EAE-ANV udal taldea), María Pilar Legorburu Echegaray (Lezoko EAE-ANV udal taldea), Urko Lopetegi Campano (Lezoko EAE-ANV udal taldea), Jaione Lekuona Irazusta (Lezoko EAE-ANV udal taldea), Kepa Garbizu Azkue (EAJ-PNV taldea), Jesús María Martiarena Jaca (EAJ-PNV taldea), Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldea) eta Roberto Sánchez Sánchez (Ezker Batua-Berdeak taldea).

Ez dira bileran izan: Iñigo Esnaola Arbiza (Lezoko EAE-ANV udal taldea) eta Aroia Goienetxea Egibar (EAJ-PNV taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Egoki irudituz gero, 2007ko ekainaren 16an eta uztailaren 10eko osoko bilkuretako aktak onartzea.

2007ko ekainaren 16ko aktari ez zaio inongo zuzenketarik egin eta bere onarpena proposatu denean akta onartzearen alde zortzi boto izan dira, (alkatea eta osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena), aurkako bi boto (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak) eta abstentzio bat (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena). EAJ-PNV taldeko bi zinegotziek ez dute akta sinatu.

2007ko uztailaren 10ko aktari ez zaio inongo zuzenketarik egin, nahiz eta Kepa Garbizuk gogoratu duen zirriborroari uztailaren 18an egin zizkion zuzenketak ez direla jaso. Akta onartu egin da alde zortzi boto izan direlako, (alkatearena, osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena), aurkako boto bat (EAJ-PNV taldeko Kepa Garbizu zinegotziarena), eta abstentzio bat (EAJ-PNV taldeko Jesus Mari Martiarena zinegotziarena, bilkuran izan ez zelako). EAJ-PNV taldeko bi zinegotziek ez dute akta sinatu.

2.- Eratu diren talde politiko eta bere bozeramaileen kontu ematea (2007ID320085).

Uztailaren 10ean egindako osoko bilkuran iragarri bezala, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldea eratu izanaren berri ematen zaio bilkurari. Horrela, eratutako zinegotzi udal taldeak lau dira: Lezoko EAE-ANV udal taldea, EAJ-PNV taldea, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldea eta Ezker Batua-Berdeak taldea. Haien bozeramileak hurrenez hurren: Irati Aranburu, Kepa Garbizu, Mikel Antton Arrizabalaga eta Roberto Sanchez.

Ezker Batua-Berdeak taldeko Roberto Sanchez zinegotziak eskatu du erdarazko idatzietan eta aktetan taldearen deitura euskaraz mantentzeko.

3.- Proposamena, batzorde informatzaileen erakuntzarako (2007ID320086 eta 2007ID320095).

Uztailaren 10ean eratutako batzordeen osaketa burutu da udal taldeek egindako proposamenekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak uztailaren 20an, EAJ-PNV taldeak abuztuaren 30ean eta Lezoko EAE-ANV udal taldeak urriaren 3an ordezkoak izendatuz egin dituzten idatziak, Ezker Batuak-Berdeak taldeak, zinegotzi bakarra izanik, ez du hautaketa eta izendapenik egin beharrik) osatu dira batzordeak eta osaketaren kopia banatu zaie zinegotzi guztiei.

4.- Batzordeen maiztasuna onartzeko diktamena.

Alkateak azaldu du, Ogasun batzordeak diktaminatutakoa batzorde guztietarako nahi dutela. Baita ere proposatu du diktamena aldatzea, batzordeak ohiko plenoaren (hilabete bikoitietako lehen asteazkenean) aurreko asteazkenean egin ordez, ohiko plenoa baino bi aste lehenagoko asteazkenez egitea. Horrela, beste batzorde ezohikoren bat behar izanez gero hura deitu eta egiteko denbora izateko, osoko bilkura deitu aurretik.

Azalpen horien ondoren, diktamena bozkatu eta aipatu aldaketekin onartu da aldeko zazpi botorekin (alkatearen eta osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak) eta lau abstentziorekin (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena), ondorengo akordio hauek hartuz

BAT: Batzorde berriemaileen bilkura bi hilabetetik behin egitea onartzea, Ohiko Plenoak egin behar direna baino bi aste lehenagoko asteazkenetan.

BI: Deialdia eta aztergaien zerrenda e-mail bidez igortzea batzordekideei.

5.- 2007ko lanpostuen zerrendaren aldaketari buruzko diktamena (2007PE290002).

 

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak, eman du Pertsonal batzordeko diktamenaren berri. Honela dio diktamenak:

Udalbatzak 2007ko maiatzaren 4an egindako bilkuran onartu zuen Plantilla Organikoa eta Lanpostuen Zerrenda 2007. urterako.

Orain, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Departamentuaren buruzagitza zehazteko asmoz, komenigarritzat jo da aldaketa bat egitea gaur egun Udal honetako Administrazio Orokorreko Teknikariak betetzen duen lanpostua izendatzeko.

Zehatz-mehatz proposatzen da Administrazio Orokorreko Teknikariaren postua berrizendatzea eta "Hirigintza, Obra eta Zerbitzuen Arduraduna" izendatzea, jatorrian zen bezala.

Lanpostu horren funtzioak Udal honek onartu zituen eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, 2002/12/09 datan, aipatu dugun Administrazio Orokorreko Teknikariaren hornidurarako oposizio-lehiaketako oinarriekin batera. Funtzio horietara egokituko lirateke dokumentu administratiboak (aurrekontua exekutatzeko oinarriak, espedienteen jarraipena...).

Horiek horrela, Haritz Salaberria, Irati Aranburu eta Jon Legorbururen botoa alde dela, eta Aroia Goienetxearen abstentzioekin, Barne Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: 2007ko Lanpostuen Zerrenda aldatzea Administrazio Orokorreko Teknikariaren postua berrizendatuz eta "Hirigintza, Obra eta Zerbitzuen Arduraduna" izendatzea, jatorrian zen bezala.

BI: Lanpostu horren funtzioak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, 2002/12/09 datan, Administrazio Orokorreko Teknikariaren hornidurarako oposizio-lehiaketako oinarrietan jasorik daude eta funtzio horietara egokituko dira udal dokumentu, egintza eta tramite administratiboak.

HIRU: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.

LAU: Jendaurreko epean alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke."

Mikel Antton Arrizabalaga ez dago ados diktamenarekin: teknikoa ezin dela izan departamentu arduraduna, arduraduna beste gauza bat dela.

Kepa Garbizuk dio, hautaketa oinarriek ziotela jasotako funtzioak hastapenez egingo zituela. Bera alkate izan den aurreko legealdian, aldiz, iruditu zitzaiela departamentu ezberdinetarako beharrezkoa zen TAG eginkizunak premiazkoagoak zirela eta horregatik Administrazio Orokorreko 120 funtzionalaren arduradun izendatu zutela. Udal aparejadorearekin zer gertatuko den galdetu du eta zein den organigrama hierarkikoa departamentuan, zeinen gainetik, noren azpitik , e.a..

Irati Aranburuk azpimarratu du buru bat beharrezkoa dela Hirigintza departamentuan eta arduradun honen agindupean izango direla departamentuko gainontzekoak, teknikari eta langile.

6.- 2008ko Ordenantza fiskalen hasiera onarpena emateko diktamena (2007KO29002).

Silbia Folgueirak diktamenaren nondik norakoak azaldu ditu. 2008rako proposatu diren zergak eta prezioak KPI-aren igoerarekin proposatzen omen dira, bataz beste. Bi kasutan, ordea, igoera handiagoa proposatu omen da: ura eta zaborren prezioak %10 eta %15aren igoerarekin proposatu dira zerbitzuek duten defizita murriztu nahian. Dena den, eskualdean dauden prezioen bataz bestekoaren azpitik omen daude Lezoko zergak. Gogoratu du hobariak ere arautzen direla ordenantzetan famili ugarientzat, beharrean daudenentzat e.a.. Diktamenak honela dio:

Haziendako delegatuak azaldu ditu 2008. urterako ordenantza fiskalak eratzeko erabilitako irizpideak, ikerketa ekonomikoen eta kontuhartzailetzaren informeetan oinarriturik, eta hura eztabaidatu ondoren, Kontu eta Ogasun Batzordeak Haritz Salaberria, Irati Aranburu eta Silbia Folgueira zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin (EAJ-PNV) ondorengo proposamen hau diktaminatu du udalbatzak osoko bilkuran onartzeko:

BAT: Hasierako onarpena ematea ondorengo Ordenantza Fiskal hauen aldaketari:

  • 2008ko egutegi fiskala
  • 3.Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen zerga
  • 4.- Eraikuntzen zerga
  • 6-2 Ibilgailuen sarrerak eta ibiak
  • 6.3 Jabari publikoaren erabilpen pribatiboa
  • 6-4 Udal lokalak erabiltzearen tasa
  • 6- 5 Kotxeak erretiratzea
  • 7-1 Ura
  • 7.-. Estolderia
  • 7-3 Zaborra
  • 7-4 Herriko Kanposantua
  • 7-5 Auto-taxi Lizentziak
  • 7-6 Jarduera Lizentzia
  • 7-7 Establezimenduak irekitzea
  • 7-8 Hirigintza lizentziak
  • 7-9 Eskaera bitartez emandako dokumentuak
  • 7-11 Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekuak
  • 7-12 Futbol Zelaia
  • 7-13 Ludoteka
  • 7-15 Material Kulturala

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.

Kepa Garbizuk dio diktamena eskasa dela, ez duela inongo azalpenik ematen eta buletinean argitaratu beharreko iragarkiaren antz handiagoa duela erabakiaren oinarri behar den diktamenarena baino. Galdetu du ea zein den KPI-ari buruz egin den aurreikuspena. %3,8arena izan dela erantzun dio Silvia Folgueirak. Kepa Garbizuk dio kontutan hartzeko orain arteko KPI, 2006ko abuztutik 2007ko abuztura bitartekoa, %2,3an dagoela eta agian birkalkulatu egin beharko direla proposatutako prezioak. Herentziaz jasotako eta zuzendu beharreko beste bi kontu ere aipatu ditu Kepa Garbizuk. Bere ustez ordenantzetan jaso egin beharko litzateke oholtzaren erabileraren prezioa eta igo egin beharko litzateke kanposatuan gorpuak alde batetik bestera pasatzeko 7 €tako prezioa. Ura eta zaborrarentzat proposatu den igoera gehiegizkoa iruditzen zaio.

Alkateak dio, herentziaz jasotako huts horiek datorren urteko aldaketan jasotzen ahaleginduko direla, presarik gabe.

Besterik gabe, bozkatu egin da diktamena eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatearen eta osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak) , bi aurkako boto (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak), eta bi abstentziorekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

7.- Korporazio-kideen ordainketak onartzeko diktamena.

Silbia Folgueirak, Haziendako zinegotzi delegatuak, eman du diktamenaren azalpena. Aurreko urteetako ordainsariekiko murrizketa suposatzen omen du. Kostua jaistea omen da proposamenaren arrazoietako bat eta bestea zinegotzien artean benetako lan karga dutenak saritzea. Erabakia bere horretan onartzeak aurreko urteetan kontzeptu hauengatik gastatutakoaren %60a aurreztea suposatuko omen du.

Honela dio Ogasun batzordeak onartutako diktamenak:

Haziendako delegatuak azaldu du Korporazio honen ordainketen proposamena eta, eztabaidatu ondoren, Kontu eta Ogasun Batzordeak erabaki du, Haritz Salaberria, Irati Aranburu eta Silbia Folgueira zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin (EAJ-PNV) ondorengo proposamen honen alde diktaminatzea udalbatzak osoko bilkuran onartzeko:

BAT: Ondorengo ordainketa hauek onartzea 2007ko ekainaren 16tik hasitako eraginarekin:

  • Osoko bilkuran parte hartzeagatik...................... 100 €

Hilerokoak

  • Gobernu batzordeko kideak ............................... 235 €
  • Alkatearen eskuordekoak................................... 200 €
  • Osoko bilkuran parte hartzen duen alderdi politikoagatik 85 €

Asistentziarengatiko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ez dute izango, ez Alkate-Lehendakariak, ezta dedikazio osozko erregimenean beren karguetan ari diren Korporazio-kideek.

BI: Horiek egokitzea aurrekontua exekutatzeko udal arauan.

Kepa Garbizuk Hazienda gaietako zinegotzi delegatuari esan dio diktamenean ez daudela jasoak proposamenaren arrazoiak eta horregatik flojo xamarra dela. Bestalde ez dago ados gobernu batzarkideen ordainsaria bileratan egotera baldintzatua ez izatearekin, berdin kobratuz bileretara azaltzen denak eta ez denak, lan desberdinak berdin ordainduz. Ezta ez dago ados batzorde berriemaileetara etortzeagatik ez ezer ordaintzearekin. Ez dago ados erabakia retroaktibitatearekin aplikatzearekin, aldeko denean aplikatu behar omen da horrela, ez kontrakoa denean. Ez omen da diktamenean garbi zehazten dedikazio partzialarekin liberatua dagoen zinegotziari ere aplikagarri izango zaizkion ordainsari hauek.

Alkateak erantzun dio. Diktamenak garbi esaten omen du nori ez zaion aplikagarri kalte-ordainen sari hau eta horietatik kanpo omen dago dedikazio partzialeko zinegotzia. Kepa Garbizuk egindako beste planteamenduen harira diktamenari aldaketak proposatzen dizkio: Gobernu Batzarretara etortzeagatik ordaintzea, 118 €/batzarreko; eta osoko bilkuretakoaren antzera, 100 € ordaintzea batzorde berriemaileetara etortzeagatik.

Mikel Antton Arrizabalagak dio ez dituela ulertzen proposamenaren arrazoiak: bere ustez udal aurrekontuetan gastu txikia da hau eta edozein gastu-erabakitan xahutzen dira erabaki honekin aurreztea pentsatzen direnak. Proposamenak oposizioko lana laminatu egiten omen du. Horregatik guztiarengatik aurka bozkatuko omen du.

Alkateak proposatutako aldaketekin diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatearena eta osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak) eta lau abstentziorekin (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena) eta ondorengo akordio hauek hartu dira:

BAT: Ondorengo ordainketa hauek onartzea 2007ko ekainaren 16tik hasitako eraginarekin:

  • Osoko bilkuran parte hartzeagatik...................... 100 €
  • Gobernu Batzarretan parte hartzeagatik............ 118 €
  • Batzorde berriemaileetan parte hartzeagatik....... 100 €

Hilerokoak

  • Alkatearen esku-ordekoak.................................. 200 €
  • Osoko bilkuran parte hartzen duen alderdi politikoak 85 €

Asistentziarengatiko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ez dute izango, ez Alkate-Lehendakariak, ezta dedikazio osozko erregimenean beren karguetan ari diren Korporazio-kideek.

BI: Horiek egokitzea aurrekontua exekutatzeko udal arauan.

8.- 2007ko aurrekontuaren aldaketa onartzeko diktamena. Kreditu transferentziak (2007KO020001).

 

Irati Aranburuk eta Silbia Folgueirak argitu dute Ogasun batzordeko diktamena. Hirigintza departamentutik proposatutako aldaketa da eta Arau Subsidiarioen idazketari ekiteko, eta hemendik abendura bitarteko gastuei aurre egiteko, aurrekontuetan gastu partida egon dadin, Olamartako bidea egiteko aurreikusita zegoenetik dirua hartzen da. Honela dio diktamenak:

Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2007ko irailaren 19an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Irati Aranburu eta Silbia Folgueira (EAE-ANV) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin (EAJ-PNV), behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Kreditu aldaketarako espedientea onartzea, gastuen aurrekontu partida batzuen artean kreditu-transferentziarengatik identifikazio zk. 30001/2007, data 2007-09-19, eta zenbatekoa 46.000 €.

Kepa Garbizuk dio diktamena eskasa dela eta ez duela inongo informazio eta daturik ematen. Zinegotzien esplikazioak entzun ondoren dio, beraiek bidea egitearen aldeko direla eta beraz ez daudela ados proposatutako aldaketarekin.

Besterik gabe, bozkatu egin da diktamena eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatearen eta osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak), bi aurkako boto (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak), eta bi abstentziorekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

9.- Nekazaritza eta Basogintza Lurralde Arlokako Plangintzari egindako alegazioetan atzera egiteko diktamena.

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak diktamena azaldu du eta Herriondoko gunea babesteko premia azpimarratu du. Honela dio diktamenak:

Lezoko Udalak 2006ko irailaren 18 osoko bilkuran Nekazaritza eta Basogintza Lurralde Arlokako Plangintzaren aurrean alegazioak aurkeztea onartu zuen.

Alegazio hauek txosten edo agiri baten jasotakoaren arabera onartu ziren, naiz eta agiri hau izenpetu gabe egon, hau da, agiri honetan jasotzen zenak ez zuen babes teknikorik. Horrela ohartarazi zuen udal Idazkariak aipatu osoko bilkuran.

Bestalde, Alegazio hauek epez kanpo aurkeztu ziren (Nekazaritza eta Basogintza Lurralde Arlokako Plangintza hau 2005ko urtarrilaren 10ko Nekazaritza eta Arrantza Sailburuaren Aginduaren bitartez onartu zen eta 2005ko urtarrilaren 27ko euskal erkidego autonomikoko aldizkari ofizialean argitaratu, alegazioak aurkezteko argitalpen honetatik 2 hilabeteko epea ematen zelarik) . Hau ere udal teknikariek ohartarazi zuten, konkretuki Hirigintza Teknikariak ohartarazi zuen Hirigintza Batzordean eta Udal Idazkariak gogora ekarri osoko bilkuran.

ALEGAZIOEN EDUKIA

Udalak onarturiko alegazioen edukia laburbilduz ondorengo bi arrazoi hauetan oinarritzen da:

1.- Nekazaritza eta Basogintza Lurralde Arlokako Plangintzan Altamira-Herriondo bailararen eremuan sailkatzen diren lur kategoriak edo tipologiak ez datoz bat egungo errealitatearekin. Baieztapen hau era berean beste bi egitate hauetan oinarritzen da:

1.1.- Euskal Autonomi Erkidegoko Ingurumen Kartografia Sisteman (GESPLAN) jasotzen den informazioa ez dator bat Nekazaritza eta Basogintza Lurralde Arlokako Plangintzan jasotzen denarekin.

1.2.- Udalerriaren historian, Altamira eta Herriondo guneetan material ezberdinekin betelanak burutu izan dira eta beraz gune horietan benetako lurzoru naturalik ez da existitzen

2.- Altamira-Herriondoko lursailen kategorizazio horrek herriko garapenean kalte larriak eragingo lituzke, hain zuzen ere gune horietan Lezoko udalerriaren hazkundea ematea aurreikusten delako.

ONARTURIKO ALEGAZIOEN AZTERKETA

Nekazaritza eta basogintzako LAParen hasierako onarpeneko dokumentuan Altamira-Herriondo gunea, ondoren azaltzen diren lurzoru tipologiengatik osatuak daudena aipatzen da:

1.- "Egoitza, industria, ekipamendu eta azpiegiturako" lurzoru motak: Altamira-Herriondo guneko lurzoruaren gutxiengo bat osatzen dute.

2.- "Balio estrategiko Handiko nekazaritza eta Abeltzaintzarako" lurzoruak: kategoria honetako lurzoruak Altamira-Herriondoko guneetan gutxiengoa da.

3.- "Trantsiziozko landa Paisaiako Nekazaritza eta Abeltzaintzarako " lurzoruak: Altamira-Herriondo guneetako gehiengoa osatzen dute.

Alegazioetan adierazten diren arrazoiak banan bana aztertuz zera ondorioztatu daiteke

1.- Nekazaritza eta Basogintza Lurralde Arlokako Plangintzan Altamira-Herriondo bailararen eremuan sailkatzen diren lur kategoriak edo tipologiak egungo errealitatearekin bat ez datozela baieztatzea aipatzen diren arrazoietan oinarrituz ez da onargarria, alde batetik, GESPLAN bezalako kartografia sistema batek ezin duelako inondik inora Lurralde Arlokako Plangintzarako egin diren tokiko azterketak dioenaren gainetik egon eta beraz azterketa hauek, IKT enpresak aurrera eramandakoak, jasotzen duten informazioa askoz ere zehatzagoa delako. Gainera GESPLAN bezala ezagutzen dena ez da lurralde antolaketa dokumentu bat, arestian esan bezala kartografi sistema soil bat baizik.

Bestetik aipatzen diren historian egindako betelanak oso toki mugatuan gauzatu dira, hain zuzen ere alegazioetan jasotzen diren aireko argazkietan oinarrituz udal honetako teknikariek egindako neurketen arabera Nekazaritza eta Basogintza Lurralde Arlokako Plangintzak kontuan hartzen ez dituen betelanak 7.000 m²ko azalera okupatuko lukete. Airezko argazki hauetan betelanak egin diren eremuak bi zirkuluetan seinalatzen dira, bata, zirkulu txikiena, Herriondoko edo Altamirako futbol zelaia bezala ezagutzen den eremu da eta bestea, zirkulu handiena, Oiartzungo udalerriaren muga inguruan dagoen betelan bat da. Azken hau Nekazaritza eta Basogintza Lurralde Arlokako Plangintzak kontuan hartzen du eta eremu hori " Etxe-lurra, industriala, ekipamendua eta azpiegitura " kategorian sartzen du, beraz Lezoko Udalerriaren historiaren zati hau arlokako plangintza honetan jasoa dago. Herriondoko futbol zelaiari dagokion eremua Arlokako Plangintza honetan "Nekazaritza-Abelzaintza eremua balio estrategiko altua " kategoriarekin ezagutzen da. Betelan bat eta kategori hau bateraezinak balira ere 7.000 m² azalera duen eremu batetaz ari gara.

Horrela 7.000 m² azalera duen eremu bat errealitatearekin bat ez datorrelako, ez da justifikatzen inondik inora Lezoko Udalak alegazio hauek onartzean Nekazaritza eta Basogintza LAP antolatzeko egiten duen proposamena, bertan plangintza honen lursailen 200.000 m² inguruko azaleran kategoria aldatzea proposatzen baita, hain zuzen ere "Nekazal -abeltzaintza eremua balio estrategiko altua " eta "Nekazaritza-abeltzaintza trantsiziozko Landa paisaia " kategoria duten lurrak ia desagertu egiten baitira Altamira-Herriondo eremutik, gehien gehiena " Etxe-lurra, industriala, ekipamendua eta azpiegitura " kategorian sartzen duelarik.

2.- Altamira-Herriondoko lursailen kategorizazio horrek herriko garapenean kalte larriak eragingo lituzkeela esaten zen udalaren alegazioetan, hain zuzen ere gune horietan Lezoko udalerriaren hazkundea ematea aurreikusten zelako

Lezoko Udalerriaren hazkundea Altamira-Herriondo bailaren gauzatzea proposatzen zen alegazio hauek onartu ziren egun berean haserako onarpena jaso zuen Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuan. Dokumentu honek behin behineko onarpena ere jaso zuen eta Gipuzkoako Foru Aldundira igorri zen behin betiko onarpena eman ziezaion. Haatik Lezoko Udalak 2007ko uztailaren 10an egindako osoko bilkuran Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspen espediente honetan behin betiko onarpenari uko egitea erabaki zuen besteak beste udal hauteskundeen ondorioz eratutako udalbatza berria ez datorrelako bat dokumentu horretan jasotzen den lurralde ereduarekin eta proposatzen den hazkundearekin, batik bat eta batez ere Altamira-Herriondo eremuari zegokiona, hau da udal hazkundea eremu horietan gauzatzea.

Horrela une honetan ezinda inondik ere baieztatu Lezoko Udalerriaren hazkundea Altamira-Herriondo bailaran gauzatuko denik eta beraz arrazoi hau indargabetuta geratuko litzateke.

Adierazitakoagatik udal talde berria ez dator bat onartu ziren alegazio hauekin.

Beraz administrazio prozedura arautzen deun 30/1992 Legearen 91.2 artikuluak xedatzen duena kontuan izanda, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2007ko irailaren 26an egindako batzarraldian Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Lezoko Udalak 2006ko irailaren 18 osoko bilkuran Nekazaritza eta Basogintza Lurralde Arlokako Plangintzaren aurrean aurkeztea onartu zuen alegazioetan atzera egitea.

BI: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari aipatu akordioa jakinaraztea eta aurkezturiko alegazioak Lezoko Udalera itzultzeko eskatzea.

Kepa Garbizuk dio, pentsatzen duela aipatzen den txostena sinatuta egongo dela eta haren kopia eskuratu nahiko lukeela. Bere esanetan betelanen azalerak ez daude ondo txostenean, 7.000 m² ordez 106.639 m² direla.

Alkateak dio horrela izan da ere kantitatea ez dela bereziki garrantzitsua. Herriondoko gunea babestearen aldeko iritzikoa ez da udala bakarrik, baita beste erakundeak ere, ezta ere udal teknikariak bakarrik, baizik baita beste teknikari ugari ere. Bere esanetan ezinezkoa dena da gunea hondatzen uztea, beste aldera begiratzea, kalteak ez zuzentzea eta gero ezer babestekorik ez dagoela esatea.

Mikel Antton Arrizabalagak dio lehen alegazioaren alde egon zela eta horregatik orain abstenitu egingo dela. Gipuzkoak, eta Lezok, duen orografiagatik normala izaten omen da "alto valor agroforestal"eko lurretan eraikitzea. Udalek, Aldundiak eta Jaurlaritzak gune hauei ematen dien babesa oso aldakorra dela eta orain babesten dutena, gero ez omen dute babesten.

Alkateak dio lurralde antolaketa tresnak horretarako daudela. Garapen iraunkorrarekin bat datorren erabakia omen da proposatutakoa.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak), aurkako bi botorekin (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak) eta bi abstentziorekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

10.- S-1 Sektoreko "B2,B3 eta B4" lursailei dagokien xehetasun azterlanaren behin betikoz onartzeko diktamena (2007H0420002).

 

Irati Aranburuk aurkeztu du diktamena. Honela dio Hirigintza batzordeko diktamenak:

Lezoko Udalak 2007ko ekainaren 6ko 07/600 Alkatetza Dekretuaren bidez, S-1 Sektoreko "B2,B3 eta B4" lursailen gaineko Xehetasun Azterlanari haserako onarpena ematea erabaki zuen.

Xehetasun Azterlan honen sustatzaileak Usukoar Promociones, S.L. eta Construcciones Benito Nebreda, S.L. dira.

Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2007ko uztailaren 4an, 131 zenbakidun alean. Prentsa idatzian eta udaletxeko iragarki taula ere argitaratu zen

Zehaztapen Azterlan hau informazio publikoan egon da 20 egunez eta epe horretan alegazio bakarra aurkeztu da, hain zuzen ere Maria Teresa Benito Nebreda, Construcciones Benito Nebreda, S.L.ren izenean.

Arkitekto aholkulariaren txostena kontuan izanik

Halaber, 2/2006 Legeko 98 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2007ko irailaren 26an egindako batzarraldian Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Maria Teresa Benito Nebredak, Construcciones Benito Nebreda, S.L.ren izenean aurkezturiko alegazioa onartzea.

BI: S-1 Sektoreko B2,B3 eta B4 lursailen gaineko xehetasun azterlanari behin betiko onarpena ematea.

HIRU: Xehetasun Azterlanaren sustatzaileei adieraztea, dokumentuaren testu bateratu bat aurkeztu beharko dutela onarturiko alegazioaren edukia kontuan izanik.

LAU: G.A.O.n argitaratzea eta interesatuei jakinaraztea.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko bederatzi botorekin (alkatea, osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak eta osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak) eta bi abstentziorekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

11.- Lezoko Udalak ebatzitako lizentzien etenaldiaren iraungipenari buruzko diktamena.

Irati Aranburuk aurkeztu du diktamena. Honela dio diktamenak:

Lezoko udalak 2006ko irailaren 18ko osoko bilkuran Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspen dokumentuari haserako onarpena emateaz gain zera erabaki zuen:

"LAU: Planeamendu Arautegiko 120. artikuluan xedatutakoaren arabera, plan, Arau, Programa, Zehazpen Azterlan edo horien berrikuntzaren hasierako onarpenak berak soilik determinatuko du lizentziak ematearen etetea planeamenduaren gaia den lurraldeko eremuetarako, haien erabaki berriek indarrean dagoen erregimen urbanistikoa aldatzea suposatzen badute.

Era berean, artikulu horrek xedatzen du ezen, hasieran onarturiko plana informazio publikorako jartzea bideratzen duen akordioak, nahitaez azaldu beharko dituela aipaturiko lizentzia-etete horren eraginpean geratzen diren eta planeamenduaren xedeko lurraldekoak diren eremuak."

Bestalde Lezoko udalak 2007ko uztailaren 10ko osoko bilkuran Lezoko Planeamenduk Arau Subsidiarioen Berrikuspen espedientearen behin betiko onarpenari uko egitea eta Gipuzkoako Foru Aldundiari espedientea Lezoko Udalera itzultzeko eskatzea erabaki zuen.

Horrela Lezoko udalak Arau Subsidiarioen Berrikuspen prozeduran atzera egin duenez ez du inongo zentzurik lizentziak etenda jarraitzea onartuko ez den dokumentu batengatik.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2007ko irailaren 26an egindako batzarraldian Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Lezoko udalak 2006ko irailaren 18ko osoko bilkuran onarturiko lizentzien etenaldia iraungi dela erabakitzea.

BI: Akordio hau Gipuzkoako Aldizkari ofizialean eta prentsa idatzian argitaratzea.

Kepa Garbizuk galdetu du ea Aldundiak erantzun al dion uztailaren 10ean osoko bilkurak arauen onarpenean atzera egiteko hartutako erabakiari. Eta galdetu ere, ea zer gertatuko den orain proposatzen den erabakiarekin Aldundiak ezezkoa esango balio erabaki hari.

Alkateak dio hitz egin duela Lurralde antolaketa zuzendariarekin eta inongo eragozpenik gabe itzuliko omen digutela espedientea hamabost egunetako epean. Egoerak inongo eragozpenik ez sortzeko proposatu den erabakia omen da hau.

Mikel Antton Arrizabalagaren iritziz Aldundiaren ebazpenaren zain egon beharko luke erabaki honek.

Alkateak dio Aldundiak kontu honetan zer esan handirik ez duela eta ez dagoela haien zain zertan egonik.

Jesus Mari Martiarenaren galderari erantzunez Idazkariak dio iritzi berekoa dela bera, udal eskumenen barruan dagoela proposatutako diktamena.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak), aurkako bi botorekin (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak) eta bi abstentziorekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

 

12.- Lezoko Udala eta Construcciones Sukia Eraikuntza, S.A. enpresaren arteko Lezoko Udalaren jabetzako partzelaren gainezko azalera eskubidea adjudikatu eta lagatzeko kontratua bertan behera uzteko diktamena (2007H0120002).

Irati Aranburuk diktamena aurkeztu eta onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Aipatu du ere udalak eskura dituen lokalen (jabetzakoak eta alokatuak) erabilera aztertzen ari direla, hainbat elkarterekin bildu dela horretarako eta azterketa hori burutu bitartean ez dela erabakiko lokal horiei zer erabilera eman. Ondorioz, adostu dela Sukiarekin lokala bere horretan uztea eta diru eskuratzea.

Honela dio diktamenak:

1.- Espedientearen hasiera

Lezoko Udalak 2003ko apirilaren 3ko udalbatza-akordioaren bidez onartu zuen Lezoko Udalaren jabetzako partzelaren gaineko azalera eskubidea adjudikatu eta lagatzeko kontratuaren Klausula Administratiboen Agiria. Agiri horiek 2003ko maiatzaren 14ko plenoaren akordio bidez aldatu ziren. .

Halaber Lezoko Udalak 2003ko ekainaren 9ko plenoaren akordioaren bidez adjudikatu zion behin betiko Construcciones Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresari Lezoko Udalaren jabetzako partzelaren gaineko azalera-eskubidearen lagapena, baldintza agiri horren I eranskinean deskribatu bezala. Lezoko Udalak bere aldetik adjudikatzedunak proposaturiko aldaketak onartu zituen azalera-eskubidearen adjudikazioaren baldintza ekonomikoak hobetzeko.

Lezoko Udalak Construcciones Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresarekin 2003ko ekainaren 12an formalizatu zuen kontratua arautzen duen baldintza agiriko bederatzigarren klausulan xedatzen denez,

"Proiektuko gizarte-ekipamendutara xedatutako lokalak eta etxebizitza tutelatuak bukaturik entregatuko zaizkio Udalari.

Eraikuntza Proiektuan gizarte-ekipamendutara xedatutako lokalak, alegia, eguneko zentroa, gizarte ongizateko bulegoak eta Lezoko Udalari entregatu beharko zaizkion zazpi apartamentu tutelatuak, eguneko zentroaren bainu geriatrikoak eta apartamentuetako sukalde-altzariak barne."

Lezoko udalak 2007ko ekainaren 12ko osoko bilkuran besteak beste zera onartu zuen:

Batetik, Construcciones Sukia, S.A.k egindako balorazioa onartzea Raimundo Mendiburuk 2003 urtean idatzitako exekuzio proiektutik ateratakoa bebarruei legozkiekeen partidak eta neurketak ontzat emanez. Horrela enpresa honek erauzketa egin zuen bebarruei legozkiekeen partidak eta neurketak aintzat hartuz, eta haren balioa 232.269,99 €tan kalkulatu zuten.

Bestetik, bere garaian Construcciones Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresari adjudikatutako Lezoko Udalaren jabetzako partzelaren gaineko azalera eskubidea adjudikatu eta lagatzeko kontratuaren aldaketak onartzea, hauek direlarik:

  • a) Construcciones Sukia, S.A. enpresak Auñamendi kaleko 10 eta 12 zenbakietan kokaturiko eraikinen bebarruetan Lokalen Egokitzapen Proiektua exekutatu beharko du Gazte-lekua, Haurtzaindegia eta Helduentzako Ikasketa Zentroa (EPA) egiteko, J.M Toledo Etxepare arkitektoak idatzi bezala, hasierako Eraikin Proiektuan aurreikusitako ekipamendu sozialetara xedatutako lokalen ordez, alegia, eguneko zentroa, gizarte ongizate bulegoak eta zazpi apartamentu tutelatuak.

2007ko maiatzaren 27an udal hauteskundeak ospatu eta ondorioz udalaren osaketa erabat aldatu da. Korporazio berriak espedientea aztertu ondoren eta herriko hainbat taldeekin hitz egin ondoren zera ondorioztatu du: hain zuzen ere une honetan Lezoko Udalak jabetzan dituen higiezinen kudeaketa berrikusteko ordua iritsi dela eta herrian dauden beharrei erantzun global bat emateko unea aprobetxatu behar dela hausnarketa orokor bat egin ondoren. Beraz Auñamendi kaleko 10 eta 12 zenbakietan kokaturiko eraikinen bebarruetan ezer eraiki baino lehen, hausnarketa orokor horren ondorioak ezagutu arte itxarotea hobesten da. Horrela bebarru hauei legozkiekeen partidak eta neurketak aintzat hartuz, eta haren balioa haserako proiektuaren arabera 232.269,99 €takoa dela kontuan izanik, diru kopuru hau udalaren eskuetan egotea ekonomikoki onuragarriagoa da Lezoko Udalarentzat, herriko beharrei konponbide orokor bat eman artean.

2.- Kontratuaren datuak

- Xedea: Lezoko Udalaren jabetzako partzela baten gaineko azalera eskubidea Adjudikatzea eta Lagatzea.

- Kontratista: Construcciones Sukia Eraikuntzak, S.A.

- Adjudikatzea: 2003ko ekainaren 9a.

- Organoa: Plenoa.

- Onartutako aldaketak: 2004ko otsailaren 18an eta 2007ko ekainaren 12an.

3.- Zuzenbide aplikagarria

Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Testu Bateratuko 111, 112 eta 113, artikuluetatik (Ekainaren 16ko 2/2000 Errege Dekretu Legagilea), kontsiderazio hauek ateratzen dira:

  • 1. Kontratu bat osatu ondoren posible da kontratista eta administrazioaren artean adostasuna badago kontratua bertan behera uztea.
  • 2. Kontratua administrazioa eta kontratistaren adostasunarekin bertan behera uzten bada, parte bakoitzaren eskubideak adostutakoaren araberakoak izango dira.

Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Araudi Orokorreko 109 artikuluak kontratuak bertan behera uzteko prozedura arautzen du. Horrela kontratazio organoak ofizioz erabaki dezake kontratua bertan behera uztea, beti ere kontratistari proposamenaren berri eman eta 10 eguneko aditze epea eman ondoren.

Aipaturiko kontratua arautzen duen baldintza agiriko hogeita zortzigarren klausulak xedatzen du ezen, bertan aurreikusi gabeko orotan, Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Testu Bateratuan xedatutakoari jarraikiko zaio, hura garatzen duen arautegiari eta, halaber, Entitate Lokalen Ondasunen Arautegian xedatutakoari.

Aurrez esandako guztia dela eta, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2007ko irailaren 26an egindako batzarraldian Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Bere garaian Construcciones Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresari adjudikatutako Lezoko Udalaren jabetzako partzelaren gaineko azalera eskubidea adjudikatu eta lagatzeko kontratua bertan behera uztea proposatzea Construcciones Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresari.

BI: Construcciones Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresari 10 eguneko aditze epea ematea

HIRU: Aditze epe honetan Construcciones Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresak kontratua bertan behera uztea ontzat ematen badu edo ez badu erantzuten, kontratua bertan behera geratuko da, ondorioz Construcciones Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresak Auñamendi kaleko 10 eta 12 zenbakietan kokaturiko eraikinen bebarruetan ez du inongo obrarik egin beharko eta Lezoko udalari 232.269,99 €ko diru kopurua emango dio egin gabe geratu diren obren truke.

LAU: Aipatu diru kopuru hau beranduenez aditze epea amaitu eta 2 eguneko epean eman beharko dio Lezoko Udalari.

Kepa Garbizuk galdetu du ea zein epetan egingo duten lokalen azterketa. Galdetu du ere, ea Aiton Borda elkartearekin bildu diren.

Alkateak dio bilerak egin direla, baita Aiton Bordakoekin ere. Bilera horien guztien eta lokalen erabilerari buruzko ondorioak oraindik atera gabe daudela. Auñamendiko obra horiei buruz dio, adjudikazio berri bat egin behar izateak ez lukeela gaia asko atzeratuko eta behar bada esleipen berri batekin dirua aurrezteko aukera dagoela. Esan du ez dela ezer gelditu eta han kokatu behar ziren zerbitzuek badutela non egon: Haurtzaindegia gaur egun dagoen lokalean txukunketa batzuk egin direla, Helduen Hezkuntzakoak Zubitxon alokatutako lokal batean daudela eta Gazte-lekuak gazteen beharren diagnostikoari erantzungo dion ekipamendua izan beharko lukeela.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak), aurkako bi botorekin (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak) eta bi abstentziorekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

 

13.- 42/2007 Administrazioarekiko Auziaren aurrean amore emateko diktamena (2005H0050003).

Irati Aranburuk, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak, Hirigintza batzordearen diktamena azaldu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

"2007ko urtarrilaren 31an izan du sarrera Lezoko Udaleko erregistroan Donostiako 1 zenbakiko Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegiaren Jakinarazpenak, 2006ko urriaren 9ko Tokiko Gobernu Batzordearen Ebazpenaren aurka Tomas Garbizu 22 eta 23ko jabekideen elkargoak tarteraturiko administrazioarekiko 42/2007 zbk. arrunta 29/1998 legeko auzietako helegitearen berri emanaz, hain zuzen ere "Union Latina Ntra. Sra. De la Caridad"en izenean Maria Carmen Otxoa de Aspururi emandako adin-txikikoen zaintza zentro baterako emandako lizentziari buruz.

Lezoko udalak 2007ko otsailaren 7ko 152 Alkatetza Dekretuaren bitartez auzi honetan abokatu bezala udaleko Teknikaria den Aitor Iztueta izendatu zuen.

Halaber Lezoko udalak 2007ko irailaren 19ko 785 Alkatetza Dekreturen bitartez arestian aipatu auzirako abokatu gisa Jaione Karrikirri letratua Izendatzea erabaki zuen Aitor Iztueta Garaikoetxearen ordezkatuz, aipaturiko helegitean edo arazo honi buruz plantea litezkeen besteetan Lezoko Udala ordezkatu eta defenda dezan.

Jaione Karrikirik eginiko txosten juridikoa kontuan izanik eta Administrazioarekiko Auzietarako prozedura arautzen duen Legearen 75 eta 74.2 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2007ko irailaren 26an egindako batzarraldian Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen (EAE) aldeko botoarekin eta Kepa Garbizuren (EAJ) abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Tomas Garbizu 22 eta 23ko jabekideen elkargoak tarteraturiko 42/2007 Administrazioarekiko Auziaren aurrean amore ematea.

BI: Akordio honen berri Donostiako 1 zenbakiko Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegiari eta auzian parte diren gainontzeko interesdunei jakinaraztea."

Irati Aranburuk azpimarratu du bigarren iritzi bat eskatu nahi izan dela gaiak duen konplexutasun eta eragin sozialagatik.

Mikel Antton Arrizabalagari arriskutsua iruditzen zaio udal teknikarien iritzia ez hartzea eta gogoratu du amore emate horrek kalte ordainak suposa diezazkiokeela udalari.

Roberto Sánchezen iritziz baliabide interesantea da baita Lezoko herriarentzat, ez da bakarrik kanpokoentzat, baita Lezok arlo horretan izan ditzakeen beharretarako ere. Bere ustez ez egitea akatsa izango litzateke. Informazio falta dagoela esan du, mamu gisa aurkeztu dela gaia. Altamira auzoak dituen beharrak asetzearen alde azaldu da, proiektu hau oztopatu gabe. Horregatik guztiarengatik diktamenaren aurka bozkatuko omen du.

Kepa Garbizuk argitzea eskatu du proposatzen den erabakia erdarazko idazkeran jasota dagoen modua: allanamiento eta cesión artean alderik dagoen galdetu du. Idazkariak dio erabakian proposatzen dena allanamiento dela, hau da, demandari arrazoia ematea.

Jesus Mari Martiarenak galdetu du ez al dagoen kontraesanik, bilkura honetan bertan hirigintza arduradun izendatu den teknikariaren txostenari jarraitu ordez, nahigo izatean udaletik kanpora beste iritziren bila joan.

Alkateak dio ez dela konfiantza faltaren adierazle, alderantziz, konfiantza baduela udal teknikariengan baina beharrezkoa denean, gaia korapilotsua edo liskartsua delako edo beste arrazoiengatik, hala iruditzen zaienean bigarren iritziaren bila joko dutela. Roberto Sánchezi erantzunez dio proposamena ez dela harrera etxeen kontrakoa. Arrazoi duela informazio falta eta mamuak daudela dioenean, baina benetako auzia lokalen erabileran dagoela, eta haientzat aurreikusi eta auzoarentzat mesedegarriagoak ziren beste erabileretan.

Jendartetik Altamirako Auzo Elkarteko lehendakari gisa, Mikel Mitxelenak hartu du hitza. Esan du, lokal horiekin egin nahi den iruzur urbanistikoa eta espekulazioa dela gaia, eta ez gizarte zerbitzuetarako edo gai sozialetara eramatearen auzia: udalaren hirigintza arauak uzten ez duten erabilera eman nahi zaie lokal komertzial batzuei, gaur egun Donostiako Amara auzoko etxe batean ematen den zerbitzua bertara ekartzeko, horrela auzoak beharrezko dituen beste zenbait zerbitzu oztopatuz eta lokalen espekulazioa handituz. Udaleko gizarte zerbitzuetako txosten bakar bat ere izan gabe baimendu omen da erabilera hori, guztia ere aurreko alkateak, Kepa Garbizuk, herriari bizkar emanda agindu izanaren beste adibide bat besterik ez omen da, eta horrela aktan jasotzea eskatu du. Erabaki proposamenari buruz dio txalotu egiten duela.

Jendartetik ere beste bi parte hartze izan dira. Batek dio ondo informatua dagoela auzoa hor egin nahi denarekin, eta jabeak beti gezurretan ibili direla. Hobe lukeela udalak auzoko berrehun familietaz gehiago arduratzea. Bigarren parte hartzaileak esan du lokal horretan eman nahi den zerbitzua baino lehentasun handiagokoak badaudela auzoan.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatea eta osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak), aurkako hiru botorekin (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotziena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena) eta abstentzio batekin (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena).

14.- Alkatearen D07/00749. dekretuaren berrespena, idazkariaren ordezkapenari buruzkoa (2007ALO30107).

Dekretuaren berrespena bozkatu eta onartu egin da aldeko bederatzi botorekin (alkatea, osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena eta Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena) eta aurkako bi botorekin (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak).

15.- Udalbiltzako auziperatuei babesa adierazteko mozioa.

 

Jon Legorburuk komentatu ditu Lezoko EAE-ANV udal taldeak aurkeztutako mozioa eta bilkura honetan bertan EAJ-PNV taldeak aurkeztutako testu alternatiboa. Azpimarratu du bi testuetan Lezoko zinegotzi izan ziren Imanol Esnaola eta Xabier Alegriari elkartasuna adierazten zaiela, Udalbiltza auzia dela eta.

Honela dio EAE-ANV udal taldeak aurkeztutako mozioak:

Duela zortzi urte, Euskal Herriak nazio erakunde propioen beharra bazuen, gaur, Udalbiltzak bere ahalmena erakutsi duen honetan, baldintza zailetan izanik ere, erakunde nazional propioak eraikitzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela deritzogu.

1998ko irailaren 18an Euskal Herri osoko ehunka hautetsik Euskalduna jauregian finkatu zituzten bost printzipioek, zortzi urte geroago, gaur-gaurkoak izaten jarraitzen dutela uste dugu.

Honela Udalbiltza euskal herritarron nahi eta borondatearen isla dugu, bere buruaren jabe izateko determinazioa duen nazio baten ardazka gaztea.

Orain lau urte Euskal Herriaren aurka hasitako erasoen esparruan, azken hilabete honetan espainiar estatuak, bide errepresiboa jarraitu eta Udalbiltzaren auziari berriz ekitea deliberatu du. Ofentsiba horren baitan kokatzen dugu Udalbiltzako auziperatuen aurkako azken espetxe eskaerak ere.

Udalbiltzaren aurkako zigor eskaera hau, euskal jendartearen eskubideen
aurkako eraso zuzena da. Eraso bortitz eta politiko hutsa , Euskal Herriaren aurka. Euskal Herriak bere erakundeak eratzeko eskubidearen aurkako kolpea, gure herriaren alde eta eraikuntzan lanean aritzea delitu bilakatu baitute.

Zenbat eta bortitzagoa izan erasoa, ordea, orduan eta estrategikoagoa da erakunde egitura propioak eraikitzea, ildo horretan, erasoen aurkako babesik handiena Udalbiltzaren jarduera eraginkorrago bihurtzea dela uste dugu.

Espainiar Gobernutik entzungor egiten zaio euskal jendarteak bere etorkizuna erabakitze nahiaren aldarriari eta pauso praktikoak ere ematen hasi da euskal identitatea odolustu nahian.

Hori guztia kontuan hartuta udal batzar honi honako puntuak proposatzen dizkiogu:

  • 1) Beste behin ere udalbatzarrak berrestea Udalbiltzaren sorreran bere egindako bost ardatzak.
  • 2) Auzi honetan auzipeturiko guztiei eta batez ere Lezoko herritar ditugun eta udal batzar honetako zinegotzi izandako Imanol Esnaola Arbiza eta Xabier Alegria Loinazi gure babes osoa adieraztea.
  • 3) Auzia funtsik gabekoa dela ulertuaz, eraso guztiz politikoa baizik, behin betiko itxi dadila eskatzea.

Azkenik euskal alderdi zein instituzioei, Udalbiltzaren babeserako bitartekoak jar ditzaten, egindako deiarekin bat egiten dugu. Behin betiko, alderdi eta posizio politikoen inguruko borrokak alde batera utzi, eta euskal herriaren defentsan kokatu daitezen.

EAJ-PNV taldeak aurkeztutako testu alternatiboak honela dio:

  1. Udalbiltza Euskal Herriko Udal Hautetsien eta Udalen Erakundea, 1999ko irailaren 18an jaio zen, Euskal Herriaren alde lan egiteko, Euskal Herria bere buruaren jabe geroz eta gehiago izateko, Europa eta mundu geroz eta integratu eta ireki batean; beti ere pertsona guztien Giza Eskubideak errespetatuz eta defendatuz eskubide hauek urratzen dituzten ekintzak gaitzetsiz.
  1. Gizarte anitz eta integratu bat eratzeko konpromezua hartu dugula berresten dugu; gaitzetsiz gure herria benetako kolokan jartzen duten dinamika baztertzaileak eta klandestinizatzaileak.
  1. Horregatik, distentsioa, elkarrizketa, negoziazioa eta akordioaren aldeko apostu sendoa egiten dugu. Uste dugulako hori dela bide bakarra politika-normalizazioa eta elkarbizitzarako, hau da gatazkari irtenbide bat emateko.
  1. Abian den prozesu juridiko-poliziala ideologia askatasunaren kontra dijoala zuzenean, proiektu politikoak defendatu eta zabaltzeko hesiak ipintzen dituelako, aniztasun politikoari uko egiten diolako. Izan ere, legez kanpo uzten bait du erakunde politiko bat bere proiektu politiko edukinarengatik. Berriro diogu, operazio honekin ez baita kontuan hartzen gizabanakoak direla, eta ez erakunde politikoak, delitu egiten dutenak. Beraz, herritarren askatasunaren aurkako beste kasu baten aurrean aurkitzen garela aitortu beharrean gaude.
  1. Auzi honetan auzipeturiko guztiei eta batez ere Lezoko herritar ditugun eta udal batzar honetako zinegotzi izandako Imanol Esnaola eta Xabier Alegria gure babes osoa adieraztea.

Kepa Garbizuk dio EAJ-PNV taldeak aurkeztutako mozioak ba dituela bestearekiko ñabardura batzuk, hala nola, giza eskubideei eta biolentziari dagokienez egiten diren aipamenak.

Alkateak erantzun dio ez dituela ulertzen Udalbiltza kasuan zer lotura duten gai horiek. Horregatik bere taldeak aurkeztutako mozioaren alde egingo duela.

Lehenik EAJ-PNV taldeak aurkeztutako mozioa bozkatu da. Ez da onartu aldeko botoak bi izan direlako (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak), aurkakoak zortzi boto (alkatearena, osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak eta Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena) eta abstentzio bat (Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

Bigarrenik Lezoko EAE-ANV udal taldeak aurkeztutako mozioa bozkatu da. Onartu egin da, alde zazpi boto izan dituelako (alkatearena eta osoko bilkuran dauden Lezoko EAE-ANV udal taldeko sei zinegotzienak), aurkako botoak hiru (osoko bilkuran dauden EAJ-PNV taldeko bi zinegotzienak eta Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena), eta abstentzio bat (Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotziarena).

16.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Jon Legorburuk, kultura, kirol eta euskara inguruko gaien berri eman du: oso balorazio positiboa egin dietela pasa berri diren Santakrutz festei, parte hartze handia egon omen da. 2008koak prestatzeari ekingo omen zaio.

Kirol arloan esan du, igerilekuan zoru berria jarri dela eta kiroldegi eta igerilekuak eramaten dituen "Serviocio" enpresarekin izan dutela lehen hartu emana eta inbertsio plan bat bideratzekotan direla.

Euskara arloan udaleko euskara erabilera plana eta herri mailako euskara plana martxan jarriko direla esan du.

Silbia Folgueirak, dio Hazienda arloan orain arte ordenantza fiskalen aldaketekin eta 2007ko aurrekontuaren aukeraz eta aldaketaz aritu direla. Z&B Consultoresekin ere bilerak izan dituztela auditoria eta plan ekonomikoari buruz. Orain 2008ko aurrekontuarekin hasiko direla.

Gizarte zerbitzuetako arloari buruz dio mendi inguruko lanketarekin jarraitzen dutela eta detektatutako garraio beharrak konpondu nahian. Prebentziorako batzordeak martxan jartzeaz gain, Batzordea bera ere martxan jarri nahi dela eguneko zentroa, 3. adinekoena eta beste gaiak tratatzeko bertan .

Jon Legorburuk dio Hirigintza arloan Arau Subsidiario berriak egiteko martxan hasita daudela eta legealdi honetan onartu nahi dituztela. S-1eko obrak ere aurrera doazela nahiz eta ingurukoen haserreak baretzeko bilera ugari egin behar izan duten. Euskal Herria plazako obrak ere aurrera doazela, diseinu aldaketa batzuekin.

Irati Aranburuk dio lokalen azterketa egiten ari direla, eguneroko baimen eta abarrei erantzuten eta aurreko konpromisoak aztertzen.

Alkateak dio San Markos Mankomunitateko batzarra izan zela, lehendakaritza berria hautatu dela eta hura errausketaren kontrakoa dela. Errausketari plan alternatiboa prestatzen ari direla eta, gaiaren urgentzia ulertuta ere, esaten du ez dagoela ados komunikabideak gaiari ematen ari zaien trataerarekin. Berak eta gobernu taldeak epe bat ematen omen diote junta berriari bere asmoak azaldu eta martxan jartzeko.

Jon Legorburuk dio Añarbeko Juntan ere aldaketak izan direla eta, Lezoko herriak ordezkaritza zuzenik ez duenez bertan, Oiartzungo udaleko ordezkariaren bidez egingo direla eskaerak.

17.- Galde-eskeak.

1.- Mikel Antton Arrizabalagak gogoratu du aurreko bilkuran egindako galdera: ea gobernu taldeak zein asmo dituen hirigintza arloan eta etxebizitza inguruan.

Alkateak esan dio ez dutela pleno honetara ekarri berez bilkura nahiko luzea zelako. Oraindik ez dutela zeharo zehaztua baina pausoak ematen ari direla eta espero duela datozen hilabeteetan azalpen txukun bat egiteko modua izatea.

2.- 1.- Kepa Garbizuk esan du ez zaiola erantzun dekretuak ikusteko norengana joan behar duen galdetuz idatziz egin zuen eskaera. Alkateak esan dio bihar bertan erantzungo zaiola.

2.2.- Olamartako bide proiektuari eta Erabilera anitzetako Pildain zentroaren kontzesio esleipenaren kontra jarrita dauden errekurtsoak erantzungo diren galdetu du. Alkateak esan dio erantzungo direla.

3.- Jendartetik Mikel Mitxelenak eskaera bat egin du, Altamira auzoarekin zer ikusia duen edozein erabaki hartu aurretik Auzo Elkarteari jakinaraztea. Alkateak arrazoia eman dio, oraingoan ez zaielako abisatu. Hemendik aurrera abisatuko zaiela. Pozten dela gaur etorri izanagatik.

Mikel Mitxelenak eskatu du hirigintza arau berrietan Altamirako lokalen erabileren ingurukoak argiago zehazteko. Denan den gaurko egoeraren erantzule aurreko legealdiko gobernu taldea egiten du, bai baitzekiten gaiak auzitegian bukatuko zuela.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:55etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna