HAZILAN: 4. deialdia zabalik

Al, 2017-03-13 12:50

HAZILAN egitasmoaren barruan 4. deialdia ireki berri da, prestakuntza eta enpresetan praktikak eskaintzen dituen ekimena. Izena emateko epea, gaurtik martxoaren 21 arte.

Martxoan zehar gazte talde berri batek konpetentzia pertsonal eta profesionalak lantzeko aukera izango du, lan munduan txertatzeko aukerak areagotuz

20 eta 44 urte bitarteko adina duzu? Lanbide-heziketa edo unibertsitate ikasketak dituzu? Lana lortzeko zailtasunak dituzu?
edo
Enpresa bat zara eta lanpostu zehatz batzuek betetzeko pertsonen profil jakin bat behar duzu? Buruan dituzun proiektuak gauzatu nahi dituzu?


Hala bada, jarraitu irakurtzen.

Urte hasieran, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez HAZILAN egitasmoaren 3.edizioa abian jarri zuten, konpetentzia pertsonal eta profesionalak lantzeko egitasmoa, ikuspegi guztiz praktikoa duena eta enpresen beharretara egokitzen dena. Azken edizio hau bukatu berri dute eta dagoeneko, martxoan zehar, 4.deialdia irekiko du garapen agentziak.

Egitasmoaren helburua langabezian aurkitzen diren gazte kualifikatuak lan mundura hurbiltzen laguntzea da, beren lan aktibazio eta  lan txertaketa bultzatuaz, hori guztia prestakuntza saioak eta enpresekin harreman zuzenak sustatuz.

HAZILAN egitasmoaren deialdi berri hau, 20 eta 44 urte bitarteko pertsonei zuzendurik dago, edozein espezialitateko Goi Mailako Lanbide-Heziketa edota Unibertsitateko ikasketak dituztenak, eta baita giza baliabide kualifikatuak behar dituzten edo egitasmo berriak garatu nahi dituzten enpresei ere.

Aukeratuak diren pertsonek 80 ordutako formakuntza praktiko bat jasoko dute gaitasun pertsonal zein profesionaletan, ondoren beraien ibilbidea jarraituko dutelarik eskura jarriko zaizkien baliabide ezberdinen bidez; negozio bat martxan jartzen lagunduaz, enpresa batean praktikaldi bat beteaz, enpresa erreal batean proiektu zehatz bat garatuaz, prestakuntza zehatz bat burutuaz edo norberaren auto-hautagaitza prozesua planifikatuz teknikarien laguntza pertsonalizatuarekin.

Jexux Leonet, Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziaren Lehendakariaren hitzetan, “Hazilanek, gaitasunen eskuratzea lan arloan eskarmentu zehatza eskuratzea edo enpresek garatu nahi dituzten egitasmoak burutzea uztartzen ditu”.

Informazioa eta izen-ematea

Oarsoaldeak interesa duten pertsonentzat saio informatiboak antolatuko ditu, bertan programaren xehetasunak azaldu eta sor daitezken zalantzak argituko direlarik. Saio hauek martxoaren 15etik aurrera egingo dira Oarsoaldeak Pasaian dituen bulegoetan, Euskadi Etorbidean, Merkatuaren Eraikinean. Parte hartzeko interesa duten pertsonek, aldez aurretik Oarsoaldea garapen agentziara deitu beharko dute.

Izena emateko epea, gaurtik martxoaren 21 arte (martxoak 21 barne) izango da, ondoren inskribatutako guztiekin aukeraketa prozesu bat egingo delarik elkarrizketa baten bidez.

 

Arloa edo saila