ASTEBURUAN, LEZO MUSIKAZ BLAI

Or, 2026-03-13 11:31

Asteburu honetan Lesoinu 2026ren barruan antolatu diren hainbat ekitaldi izango dira Lezon. Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, bi jarduera nabarmenduko dira.

XL. Lesoinu ziklo musikalak egitarau oparoa du. Otsailaren 27an hasi zen eta jada 3 ekitaldi izan dira Lezon. Asteburu honetan berriro musikaz gozatzeko aukera ezberdinak izango dira herrian, sei ekitaldi antolatu dituzte zehazki. 

Horietako bi Lezoko Udalak eta mugimendu feministak martxoak 8aren inguruan antolatutako egitarauaren baitakoak dira. Batetik, 'Ongi etorri', Ameliren emakumeen arteko lankidetzaren balioa azpimarratzen duen ipuin kontaketa, helduei zuzendutakoa. Hori ostiralean, martxoaren 13an izango da, 19:00etan Gezala Auditoriumean. Bestetik, igandean, 19:00etan ere, 'Trazos de mujer', Dúo Adelaidak, kontzertu honen bidez, historian zehar gutxietsita egon diren emakume konpositoreen lana erakutsi eta balioan jarriko du.

Horiez gain, ostiralean 17:30ean Gezala Auditoriumean Ameli ipuin kontalariekin hitzordua izango dute gaztetxoenek. Larunbatean berriz, 11:00etan Oiartzungo H.M.E-ko Xirolarru Taldeak kalebuelta egingo du herria girotuz. Asteburua musikaz blai amaitzeko, igandean 11:00etan Munttar Txistulari Taldeak girotuko ditu Lezoko kaleak eta 13:00etan Kanbalatxe Tango Hirukotearen kontzertua izango da Gurutze Santuaren Plazan. 

Musikaz gozatzeko aitzakia paregabea izango dute herritarrek asteburuan, eta Lezoko Udalak ekitaldi guztiez gozatzera gonbidatu ditu lezoar guztiak. 

Arloa edo saila