2002.eko Martxoaren 22ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2002ko martxoaren 22an, 19:08 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH) eta Iñaki Labaka Loperena (EH).

Ez dira bertan, etorri ezin izanaren berri aurrez eman gabe, Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Jesus Mª Martiarena Jaka (EAJ), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.

Gai zerrendarekin hasi aurretik alkateak bi gai aipatu ditu. Alde batetik, EAJ eta EAko zinegotziek, atzo Orion gertatutakoaren ondoren, gaurko bilkura atzeratzeko egin duten eskaera. Eta bestetik, urgentziaz beste gai bat tratatzeko proposamena, hain zuzen ere, Barne Batzordeak diktaminatutako "Musika kontserbatorioei eta eskolei buruzko Eufalebaren II. Eranskina onartzea". Bileran diren zinegotzi guztiek onartu dute urgentzia eta gaia gaurko bileran aztertzea. Galde eskaeren aurretik aztertuko da, hau da, 13. gaia bezala eta galde eskeena 14.era pasako da.

Lehenengo gaiari buruz dio atsekabez hartzen dutela Orion atzo gertatuko zinegotzi sozialista baten heriotza, atsekabez hartzen dituzten bezala Euskal Herrian gertatzen diren bortxakeria guztiak. Horrek guztiak indartu egin beharko luke benetako konponbidearen eta bakearen alde beharrezkoa den alderdi politiko guztien konpromisoa.

EAJ eta EAko zinegotziek bilkura atzeratzeko egindako eskaeraren inguruan zera dio, ez duela aipatu konpromiso hori ikusten beste gertaera batzuen aurrean. Zenbait egoeren aurrean isilik geratzea edota bilkuretara ez agertzea leporatu die. Horregatik, iazko uztailean eskaera berdina egin zutenean esandakoa mantentzen du alkateak.

Imanol Esnaolak, Batasuna alderdiaren izenean, alkateak esandakoa berrestu du eta EAJri eskatu dio ausartagoa izateko bakearen bidean eta ez aritzeko trikimailutan argazki mediatikoen bila, Batasuna bakarrik utziz.

Eta besterik gabe, gai zerrenda aztertzeari ekin diote.

1.- Egoki irudituz gero, 2002ko urtarrilaren 11ko ohiko bilkurako akta onartzea.

Imanol Esnaolak eskatu du osatzea 310281 orrialdean jasotzen diren bere hitzak "oinarrizko eskubide guztiak baitira errespetatu beharrekoak eta ez batzuk" esaldiarekin. Aldaketa horrekin akta onartu da.

2.- Alkatearen erabakien kontu ematea.

Alkateak esan du ez dagoela garrantziko adierazpenik.

3.-Torturaren aurkako taldeak aurkeztutako mozioa: Legedi Antiterroristaren ezabaketaren aldeko ekimenaren oinarrizko puntuak.

Mozioak honela dio:

"LEZOko Udalak, egun Euskal Herritarren aurka ematen diren tortura kasuak onartezinak direla deritzogu. Gure hainbat eta hainbat herrikidek jasandako sufrikarioak ez konponbiderik, baina etorkizunean sufrikario hau inork jasan ez dezan posible da. Bide horretan, Udal honek, Estatu espainiarrari datozen 9 puntutan proposaturiko neurriak hartu ditzan eskatzen diogu, eta hau errealitate izan dadin ahalegin guztiak egingo ditugunaren konpromisoa hartzen dugu, horrela soilik lortuko baititugu aurrerantzean atxilotuei dagozkien eskubideen errespetua eta bermea.

1.- Auziperatze Kriminaleko legeriaren 520 bis. Artikuluaren ezabaketa. Honek, pertsonaren atxiloketa eta inkomunikazioa 5 egunetara luzatzea baimentzen baitu.

2.- Auziperatze Kriminaleko legeriaren 527. Artikuluaren ezabaketa, atxilotutako pertsonari dituen eskubideak murrizten baitizkio. Oinarrizkoa dela ulertzen dugu atxilotuaren senitartekoek, bera aurkitzen den lekuaren eta egoeraren berri edukitzeko eskubidea. Era berean, diligentzia judizial eta polizialetan atxilotuak aukeraturiko abokatuaren presentzia ezinbestekotzat ikusten dugu, hala nola, diligentzien ondoreneko uneetan pribatuan hizketaldia edukitzeko eskubidea.

3.- Atxiloketak irauten duen artean, pertsonaren osasun fisikoa nahiz psikikoa bermatu dadin, atxilotuak bere kabuz aukeraturiko sendagileek ikus dezatenaren aukera izan behar luke, hauek, atxilotuaren inguruko azterketak egin ditzaten, beti ere atxilotuaren egoeraren jakitun izateko.

4.- Auziperatze Kriminaleko Erreforma, 1988.eko Maiatzaren 25ean onartu zen, eta bertako Lege Organikoaren 384 bis artikuluan, Entzutegi Nazionalak dituen konpetentziak bertan behera uztea eskatzen dugu. Honela, atxilotuen instrukzioa eta auziperatzea, euren jaioterriko auzitegien esku geratuko litzateke.

5.- "Habeas Corpus" delakoaren ezarpena eta erabilera. Modu honetan epailea bene-benetan arduratuko litzateke atxilotuaren egoeraz.

Habeas Corpus-a zuzentzen duen L.O. 6/1984 legearen 2. artikuluaren bigarren paragrafoaren ezabapena. Artikulu horrek, atxilotuaren inkomunikazioa agindu duen epaile beraren eskutan uzten baitu Habeas Corpus-aren erabilera.

6.- Poliziek aurrera eramandako diligentzia ororen deuseztapena, baldin eta atxilotutako pertsonaren osasun psikikoa nahiz fisikoki kaltetua izan bada. Zentzu honetan, ezinbestekoa jotzen dugu, torturak salatu dituen pertsonaren inguruko ikerketak, atxiloketa aginduari eta instrukzioari atxikitzea.

7.- Epaile eta agintari judizialen aldetik sakoneko ikerkuntza ahalbideratzea tortura testigantzaren aurrean. Ipintzen den une beretik argitu dadila salaketa egiazkoa denentz, honetarako, sendagileen froga eta neurriak erabiliaz. Oinarrizkoa da, bai behintzat ikerkuntzak dirauen artean, salaturiko zaindarien behin-behineko kargu uztea ziurtatzea.

8.- Egoitza polizialak bideo kameraz hornitzea, atxilotuari ematen zaion tratuaren berri izateko, atxiloketaren nondik norakoa jarraitu ahal izateko, atxilotuaren intimitatea bermatuaz, egiten diren diligentzien ezagutza edukitzeko...

9.- Tortura kasuak eragiteagatik zigortuak izan diren funtzionarioen aldeko indultuen desagerpena. Gaur egunean, hauetariko gehienek zigortuak izan diren kargu berberean jarraitzen dute edota goragoko postuak eskaini dizkiete sari gisara. Gobernuak nahiz Erregetzak adostutako praktika honekin torturaren erabilpenerako bideak ireki besterik ez dira egiten.

10.- Erabaki honen berri herriari eta komunikabideen bidez, Euskal Herri guztiari ematea.

Euskal Herrian, 2002ko urtarrilaren 10ean

Torturaren Aurkako Taldea"

Imanol Esnaolak dio talde politikoen lege asmo berria dela eta, agian hau izango dela azken plenoa horrelako mozioak tratatu ahal izateko lege horrek antzerako salaketak ezin egin izatea suposatuko baitu.

Egungo egoeraz kexatzen da: hildakoak, torturak, sufrimendua,... eta salatzen du egoera horretan EAJko zinegotziak gaur ez egotea bilkura honetan. Ez du onartzen talde horrek eta IU, PSE eta PPk aurreko astean legebiltzarrean esandakoa, hau da, ez zutela tortura salatuko hildakoak mahai gainean dauden bitartean.

Mozioa aho batez onartu da.

4.- Udalbitzak, 2002ko Aberri Egunari buruz aurkeztutako mozioa.

Mozioak honela dio:

"2002ko Aberri Eguna

Euskal Herria eraikitzen

Gaur, martxoak 31, igandea, Aberri Eguna da. 1.931tik, egun hau gure Herriaren eguna izan da, eta, beste herri askotan egiten den antzera, gure nazioaren berrespen baketsu eta kolektiboa ospatuko dugu gaur. Egun honekin, euskaldun guztiak batzea dugu helburu, geure nortasunaren adierazpen askea eginaz eta geure herriaren biziraupen borondatea alaiki aldarrikatuz.

Euskal Herria nazioa da eta nazio bati dagozkion eskubide politikoak ditu. Eskubide horiek aldarrikatzera dator gaurkoan Udalbiltza.

Herri bezala, nazio bezala irautea eta garatzea dugu helburu, ez baitira makalak, XXI mende honetan, etorkizunari begira, ditugun erronkak. Izan ere hor dugu aurrez aurre, munduan zehar, ekonomi eta kultur alorreko globalizazioaren fenomenoa. Globalizazio honek errotik astintzen ditu gure gisako herri baten ekonomia, kultura, hizkuntza eta gizartea bera ere. Eta uniformizazio fenomeno horri erantzuteko beharrezkoa da herri honek bere baliabide politiko, instituzional, ekonomiko edo kulturalak zehaztu eta bideratzea. Horretxegatik gatoz, hain zuzen ere, Aberri Eguna ospa dezaten gonbitea luzatzera hiritar guztiei.

Horretan ari gara, Euskal Herriaren nazio kontzientzia demokratikoan sakonduz, herri bezala aurrera egiteko lanabesak martxan jartzen. Aipatu erronka horiei ekiterakoan Euskal Herriak bidean aurkitzen dituen zailtasunak ez dira nolanahikoak, eta horiek gainditu eta ezabatzea da gure helburua, euskal herritar guztion arteko eztabaida demokratikoari bide emanez, gure arteko harremanak sakonduz eta herri honen etorkizun politiko, kultural, ekonomiko nahiz hizkuntza alorrekoari bermea eskainiz, inongo indarkeria edo inposaketa jarrerarik gabeko giroan.

Horregatik, ozenki adierazi nahi dugu euskal herritar guztien borondate librearen gainean soilik eraiki daitekeela Euskal Herria nazio moduan, inolako aurrebaldintza eta mugarik gabeko eztabaida demokratiko eta politikoaren bitartez. Herritar eta ideia anitzez osaturiko herri honetan dauden proiektu politiko guztiak leku izango duten eskenatoki demokratiko eta baketsuaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu gure gain.

Hausnarketa hauen inguruan burutu dugu aurtengo Aberri Egunaren deialdia, alegia, udal izaeran oinarritzen den euskal instituzio nazional honek eraikuntza demokratikoari begira hartutako ardurak berresteko asmoz. Ospakizun eguna da, baina baita konpromisozkoa ere, euskal gizartearen etorkizuna bakean, justizian eta askatasunean eraiki nahi dugulako. Euskal Herriaren eguneroko eraikuntzan orain artean egindako bideari jarraitzeko borondatea agertzen baitugu, gaurko zitaren bidez.

Aurtengo Aberri Egunak, bada, euskal gizartearen aniztasun sozial eta politikoa oinarritzat hartzen duen nazio eraikuntza libre eta demokratikoari zabaltzen dio leihoa, alderik alde, inposaketa eta zapalketa orori aurre eginez, irekitasuna ikurtzat harturik. Gatazka politikoa eta honen ondorio larrientzat behin betiko soluziobidea mahi gainean jarriz, alegia, burujabetza eta lurraldetasun eskubideak ezagutuak izango dituen Euskal Herriaren onarpena.

Beraz, herrigintza guztion eginbeharra da, eta guztiok behar gaitu, inor baztertu gabe.

Udalbiltzak hala uste du eta hauxe dio: etorkizuna euskal hiritarren eskuetan dago, herri honen eraikuntza nazional eta demokratikoaren eskuetan. Horregatik, dei egiten diegu hiritar guztiei, Aberri Eguna guztion artean alaiki ospa dezagun.

Euskal Herrian, 2002ko martxoaren 31ean".

Alkateak dio mozio hau 2000. urtean Udalbiltzak onartutako bera dela, orduan alderdi guztien partaidetzarekin.

Mozioa aho batez onartu da.

5.- Juli del Solek, Lezoko Batasunako zinegotzien izenean, Foru Aldundiak Udal honi eta bertako Gizarte Zerbitzuari proposatu dion hitzarmenarekin desadostasuna adierazteko eta erabaki hau Foru Aldundiari helarazteko aurkeztutako mozioa.

Mozioak honela dio:

"Diputazioa egiten ari den hitzarmen proposamena

Gizarte Zerbitzuak aurrera eramateko Diputazioa udaletara proposatzen ari den hitzarmena ez dugu sinatuko ondorengo arrazoi hauengatik:

  1. Eskumenei dagokienez esan, hauen banaketa bere kabuz baliatzeko gai direnen eta ez direnen artean egiten dutenez, berriro ere zerbitzu berdinean bi erakundeek parte hartzen dutela, honek nahasketa sortzen duelarik. Adibide bezala aipatu, etxez etxeko laguntza zerbitzua Udalen eskumena izanik zerbitzu hau gai ez den pertsona bati eskaintzen bazaio pertsona horren kostua Diputazioaren gain izango dela, aldiz Egoitza Diputazioaren eskumena izanik bertan dauden pertsona balidoen kostua Udalen gain izango da.
  2. 2001eko urriaren 30a baino lehen gizarte mapa bat egingo dela adierazten da, bertan, udalean, eskualdean eta lurraldean aurrera eraman beharreko zerbitzuen helburu kuantitatibo eta kualitatiboak, hala nola erabiltzaileek zerbitzuarengandik egin beharreko ekarpen ekonomikoa azaldu behar dute. Gizarte mapa honi buruz ez dakigu ezer, egiten ari badira ere herriekin kontatu gabe egin ari dira. Bestalde, hirugarren adinaren kasuan, gerontologia-planean azaltzen dena ezarriko dela aipatzen da. Hau ere Diputazioak egindakoa da udalekin kontatu gabe. Beraz, zerbitzu guztiak Diputazioaren irizpideen arabera aurrera eraman behar dira. Honen aurrean planteatzen den galdera hau da: zer ari dira kontuan hartzen, herrietako beharrak edo Diputazioarenak?
  3. Zerbitzu ezberdinak jasotzen dituzten pertsonek egin beharreko ekarpen ekonomikoa ere lehen adierazitako mapa horretan zehaztuko da eta Gipuzkoa osorako berdina izango da. Hori, udal autonomiaren aurka doa, udalek beraien eskumenen barruan sartzen diren zerbitzuetarako beraien ordenantza propioak egin eta ekarpen motak ezartzeko eskubide osoa baitute. Udalek ordenantza hauek herriko errealitatearen arabera egin ohi izan dituzte, baina ematen duenez, hemendik aurrera Diputazioa izango da egin behar hori zehaztuko duena, herri bakoitzeko errealitatea kontuan hartu gabe, eta berriro ere bere irizpideak defendatuz.
  4. Pertsona bat gai den edo ez den zehazteko egiten ari den sakontzen balorazioan ikuspegi medikuak soilik edukitzen dituzte kontuan eta inolaz ere ez ikuspegi sozialak. Dirudienez, eta egindako balorazioen emaitzak ikusita, balorazio hau egiteko Diputazioak eman duen irizpidea ahalik eta pertsona gehien bere kabuz baliatzeko gai direla ateratzea da, horrela zerbitzu honen kostua udalen gain joan dadin, nabarmena baita Diputazioa bere gastu soziala igo ez dadin egiten ari den saiakera.
  5. Udaletako gizarte zerbitzuek egiten duten lanaren zati handi bat Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpetentziakoak diren prestazio edo zerbitzuen kudeaketa izanik, ez da inon argitzen erakunde hauek lan hori subentzionatuko dutenik.
  6. Udaletako gizarte zerbitzuen funtziorik garrantzitsuena informazioa, balorazioa eta orientazioa da. Hala ere, zerbitzu hauetatik kasuren bat Diputaziora bideratzen bada haren eskumenekoa dela esanez, Diputazioak aukera du ados ez dagoela esateko. Horren aurrean ondorengo galdera hauek sortzen zaizkigu: non geratzen da udaletatik egiten den lanaren sinesgarritasuna? Zergatik dauka Diputazioak beto eskubidea? Zer gertatzen da eskaera egin duen pertsonari eman beharreko zerbitzuarekin? Nork eskaini behar dio zerbitzu hau?
  7. Diputazioaren konpetentziakoak diren nahiz Udalen konpetentziakoak diren zerbitzuen prezioak Diputazioak finkatu ditu. Prezio horiek, kasu askotan, ez datoz bat zerbitzu horren kostearekin. Gehienetan koste horiek ezarritako prezioak baino altuagoak baitira. Hitzarmena sinatzeko Diputazioa udaletara bideratzen ari den datu ekonomikoetan udalak jarri beharrekoa nahiz Diputazioak jarri beharrekoa prezio hauen araberakoak dira. Beraz, udalak jarri beharreko diru kopurua datu horietan azaltzen dena baino altuagoa da. Bere konpetentziakoak diren zerbitzuetan zergatik ez du Diputazioak koste erreala ordaintzen? Zergatik ari da bere gastu soziala ez igotzeko hainbesteko saiakerak egiten gastu hori udalen gain utziz?
  8. Konpetentzi banaketa honen ondorioz udalek askoz ere konpetentzi gehiago izango ditugu, baina hauek diruz lagunduta ez datozenez, udalok ezin izango diegu gastu hauei aurre egin eta horrek epe laburrera zerbitzuen kalitatea txarragoa edota kasu batzutan, zerbitzu batzuen desagerpena ekar lezake.
  9. Hitzarmena sinatu edo ez sinatu, erakunde bakoitzak bere konpetentziak aurrera eraman beharra dauka, legez araututa baitaude.
  10. Konpetentzi banaketa honen ondorioz udaletan sortzen den gastuaren igoera arintzeko bi urtetan Diputazioak hala nolako ordainketak egingo ditu. Aurten igoera horren %100 ordainduko du eta hurrengo urtean %50. Aldiz, gastu gutxiago suposatuko dien udalei dirua kendu egingo die, aurten %50 eta hurrengo urtean %25. Horrek suposatzen du, Diputazioak udal batzuen kontura beste batzuk finantzatu nahi dituela. Baina hau, partxeo soil bat besterik ez da, 2003. urtetik aurrera udalek egin beharko baitie aurre kostu osoari. Epe iragankor hau, udalek gizarte zerbitzuetan diru gehiago jarri beharko dutela mentalizatzen eta ohitzen joateko besterik ez da. Ez du kontuan izan nahi ez dela mentalizazio edo ohitura kontua, baliabide kontua baizik, zerbitzu horiek aurrera eramateko baliabide ekonomikoak behar baitira. Gizarte zerbitzuek aurrera egingo dutela ziurtatu beharrean Diputazioak egin duena bere burua salbatzera joatea izan da, bere gastu soziala kontrolatzea nahiago izan du, horretarako zerbitzu batzuk desagertu behar badute ere, hauen desagerpena udalen arduran uzten baitute.
  11. Beraz, hitzarmen hau ez dugu sinatuko, azken batean Diputazioa bere irizpideak inposatzen ari delako, informazioa ezkutatzen ari delako, Gizarte Zerbitzuak aurrera eramateko baliabide egokirik jartzen ez duelako, udalei egitea tokatzen zaien gauza bakarra Diputazioak esaten duen eran zerbitzuak eskaini eta hauek ordaintzea delako, eta udalei erabakiak hartzeko eskubidea kentzen zaielako.

Lezo, 2002ko otsailaren 28a".

Inma Muñozek dio udalak ez duela proposatutako hitzarmena onartuko onartzen ez duten eskumenen banaketa egiten duen dekretu batetik datorrelako; ez dituelako argitzen oinarrizko zerbitzuen finantzazioak; ez zaielako udalei inongo parte hartzerik bermatzen mapa hori osatzeko. Udalena bada eskumena, nola erabaki udalik gabe? Galdetu du. Bere ustez udalen bitartekoak erabiliz zerbitzuak handitu nahi ditu aldundiak, eta proposatutako eredua ezinezkoa da bere iritziz.

Alkateak dio aldundiko dekretuak urtebeteko bizitza baduela. Halere urtebete horretan bakarrik 16 udalek sinatu dutela hitzarmena. Hori porrota da, udalen ez onartze adierazgarri garbia; bere ustez dekretuak kinka larrian jartzen ditu oinarrizko zerbitzuak ez baditu jartzen udalen esku haiei aurre egiteko baliabiderik. Guzti horrek zerbitzuen prekarizazioa eta herrien arteko desoreka suposatuko omen du. Guzti horregatik bere jarrera alda dezala eskatu dio aldundiari.

Mozioa aho batez onartu da.

6.- Hasierako onarpena Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako zenbait elementuren Aldaketari, 1-Sektorea eta 3-Sektorea eremuetan.

Gai honi buruz 2002-3-11ean Hirigintzako Batzordeak honako hau diktaminatu zuen:

"Lezoko alkateak, 2001eko urriaren 2an emandako 165. dekretuaren bidez onartu zuen Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako zenbait elementuren Aldaketako Aurrerapen dokumentua, hain zuzen ere, 1-Sektorea eta 3-Sektorea eremuetan. Dokumentua Juan Mª Querejeta eta Guillermo Otaegi arkitektoek eta Edorta Alonso abokatuak idatzia da.

Aldi berean, informazio publikorako hogeita hamar eguneko epea irekitzea erabaki zen eta epe hori amaitu ondoren, 2 iradokizun-idazki jaso dira orotara udalean.

Iradokizun horiei erantzuna idazketa-taldeak eman die. Batetik, Mª Isabel Diago Ayarzak aurkeztutakoa estimatzea proposatu dute. Dena den, aurrekoa zein Pablo Lasa Galparsorok aurkeztutakoa iradokizun teknikoak ez direnez, idazketa-taldeak irizten dio Udalbatzari dagokiola iradokizun horiek baiestea edo ezestea eta planeamenduko irizpideak eta irtenbide orokorrak baiestea.

Talde horrek berak 2002ko urtarrilaren 24an aurkeztu zuen espedientea tramitatzeko oinarrizko dokumentua izango dena.

Hirigintzako Batzorde informatiboak, Batasunako ordezkari Aitor Sarasolaren botoa alde dela eta EAJko ordezkari Pello Garbizu, EAko ordezkari Iñake Urrestarazu eta PSEko ordezkari Mikel Antxon Arrizabalagaren abstentzioekin, diktamen hau egin eta Udalbatzaren osoko bilkuraren onarpenera jartzen ditu akordio hauek:

BAT: Hasierako onarpena ematea 1-Sektorea eta 3-Sektorea eremuetan Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako zenbait elementuren Aldaketari.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta egunkarietan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.

Halere, Korporazioak egoki irizten diona onartuko du".

Bozketara jarri aurretik alkateak argitu du Mª Isabel Diago Ayarzak aurkeztutako iradokizuna onartuz orain onartzera aurkeztu den dokumentua moldatu dela. Aldiz Pablo Lasa Galparsorok aurkeztutakoa ez da aintzat hartu idazketa taldeak emandako arrazoiengatik. Txostena erabaki honekin batera banatuko zaie iradokizuna aurkeztu dutenei.

Diktamena aho batez onartu da, alkateak eta bilkuran diren sei zinegotziek alde bozkatu baitute. Diktamenak, beraz, korporazioa osatzen duten kideen gehiengoaren aldeko botoa jaso du, TOALaren 47.3, i) artikuluak eskatu bezala.

7.- Hasierako onarpena Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako zenbait elementuren Aldaketari 1 ZJU, 5 ZJU, 7 ZJU, 6 SO, 10 SO, 4 Poligonoa, Andreseneko Tolarieta, Goiko Plaza eta Zubitxo kalea eremuetan.

Gai honi buruz 2002-3-11ean Hirigintzako Batzordeak honako hau diktaminatu zuen:

"Lezoko alkateak 2001eko maiatzaren 25ean emandako 94. dekretuaren bidez erabaki zuen Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako zenbait elementuren Aldaketako Aurrerapen dokumentua onartzea, hain zuzen ere, 1ZJU, 2ZJU, 5ZJU, 7ZJU, 6SO, 4 Poligonoa, Andreseneko Tolarieta, Goiko Plaza eta Zubitxo kalea eremuetan. Dokumentua Raimundo Mendiburu Abad eta Pilar Calvo Gil arkitektuek idatzia da.

Aldi berean, informazio publikorako hogeita hamar eguneko epea irekitzea erabaki zen eta epe hori amaitu ondoren, iradokizunekin 9 idatzi jaso dira orotara Udalean.

Eta, 1ZJU, 5ZJU, 7ZJU, 6SO, 10SG, 4 Poligonoa, Andreseneko Tolarieta, Goiko Plaza eta Zubitxo kalea eremuetan Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako zenbait elementuren Aldaketako Aurrerapen dokumentuari aurkeztutako iradokizunei buruz egin den informe teknikoa aztertu ondoren.

Hirigintzako Batzorde informatiboak, Batasunako ordezkari Aitor Sarasolaren botoa alde dela eta EAJko ordezkari Pello Garbizu, EAko ordezkari Iñake Urrestarazu eta PSEko ordezkari Mikel Antxon Arrizabalagaren abstentzioekin, diktamen hau egin eta Udalbatzaren osoko bilkuraren onarpenera jartzen ditu akordio hauek:

BAT: Onartzea 1ZJU, 5ZJU, 7ZJU, 6SO, 10SO, 4 Poligonoa, Andreseneko Tolarieta, Goiko Plaza eta Zubitxo kalea eremuetan Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako zenbait elementuren Aldaketako Aurrerapen dokumentuari aurkeztutako iradokizunei buruz egin den informe teknikoa eta haiei dagozkien hirigintza-hitzarmenak.

BI: Hasierako onarpena ematea Lezoko Planeamenduko Arau Subsidiarioetako zenbait elementuren Aldaketari, 1ZJU, 5ZJU, 7ZJU, 6SO, 10SO, 4 Poligonoa, Andreseneko Tolarieta, Goiko Plaza eta Zubitxo kalea eremuetan.

HIRU: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta egunkarietan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.

Halere, Korporazioak egoki irizten diona onartuko du".

Bozketara jarri aurretik alkateak argitu du erabakia hartuz gero iradokizunak aurkeztu dituztenei jakinaraziko zaiela eta erabakiarekin batera informe teknikoa bidaliko dela.

Era berean komentatu du badirela aldaketa batzuk dokumentuan eta hitzarmenetan eta diktamenarekin batera zuzenketa horiek onartzea eskatu du. Aldaketa hauek dira: dokumentuan ez da egingo aprobetxamenduaren %10 uzteko aipamen zehatzik; hitzarmen urbanistikoetan, dokumentuen idazketagatik, ordaindu behar izaten diren ordainsariak, dokumentuaren behin betiko onarpenaren ondoren ordaindu beharko direla jarri behar du dokumentuan eta, azkenik, 11 ZJU eremuko hitzarmenak 6. orrialdean, gastuen konpentsazioa eta ordainsarien ordainketa aipatu behar ditu beste hitzarmenetan bezala.

Alkateak argitu du 2 ZJU eremua ez dagoela hasierako dokumentu honetan, nahiz eta aurrerakin-dokumentuan egon, jabeekin adostasunera iritsi ez direlako.

Diktamena eta dokumentuari proposatutako zuzenketak aho batez onartu dira, alkateak eta bilkuran diren sei zinegotziek alde bozkatu baitute. Diktamenak, beraz, korporazioa osatzen duten kideen gehiengoaren aldeko botoa jaso du, TOALaren 47.3, i) artikuluak eskatu bezala.

8.- 6 ZJU eta 5 SOeko Hirigintza Hitzarmena onartzea.

Gai honi buruz 2002-3-11ean Hirigintzako Batzordeak honako hau diktaminatu zuen:

"Hirigintzako Batzorde informatiboak, Batasunako ordezkari Aitor Sarasolaren botoa alde dela eta EAJko ordezkari Pello Garbizu, EAko ordezkari Iñake Urrestarazu eta PSEko ordezkari Mikel Antxon Arrizabalagaren abstentzioekin, diktamen hau egin eta Udalbatzaren osoko bilkuraren onarpenera jartzen ditu akordio hauek:

BAT: Onartzea 6ZJU eta 5SOko Hirigintza Hitzarmena.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari ofizialean eta egunkarietan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.

Halere, Korporazioak egoki irizten diona onartuko du".

Hitzarmen hau urtarrileko bilkuran onartutako arau aldaketarekin lotua dagoela gogoratu du alkateak. Hitzarmena jende aurrean edukitzea beharrezkoa ez dela ere argitu du, hala baitiote eskuratu dituen txostenek eta, ondorioz, diktamenetik bigarren akordio proposamena kentzea proposatu du.

Diktamena aho batez onartu da, alkateak proposatutako aldaketarekin, alkateak eta bilkuran diren sei zinegotziek alde bozkatu baitute. Diktamenak, beraz, korporazioa osatzen duten kideen gehiengoaren aldeko botoa jaso du, TOALaren 47.3, i) artikuluak eskatu bezala.

9.-Diktamena, zenbait ordenantza fiskalen aldaketari hasierako onarpena emateko.

Gai honi buruz 2002-3-5ean Alkateak egindako proposamenak honako hau esaten du:

"Eusko Jaurlaritzaren Lehendakariordetzatik idatzia jaso dugu Udal honetako zerga eta beste diru sarreren gestio eta bilketari buruzko Ordenantzaren inguruan eta 2002 ekitaldiko ordenantza fiskalen inguruan. Hori dela eta, eta sail ezberdinetatik jasotako dokumentazioa aztertu ondoren osoko bilkurari erabaki hau hartzea proposatzen diot:

  1. Zergen Kudeaketa eta Bilketaren eta Zuzenbide Publikoko beste Sarrera Lokalen Ordenantza Orokorraren 14. Artikulua ezabatzea.
  2. Eraiketa, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren Ordenantza Fiskal Arautzaileko tarifen eranskina aldatu eta haren ordez I eranskina jartzea (proposamenarekin batera doa).
  3. Jabari publikoaren erabilpen pribatiboari buruzko 3-3 ordenantza aldatzea. "Oinarrizko prezioa, probetxamendu-eguna" jarri ordez, "Oinarrizko prezioa, aprobetxamendu eguna, metro koadro bakoitzeko" jarri behar du.
  4. Hirigintza lizentziei buruzko 4-8 ordenantza aldatzea.
  • Egitate zergagarriaren atalean, "Aurrekontua<=30 euro eta Aurrekontua>30 euro" jarri ordez "Aurrekontua<=30.000 euro eta Aurrekontua>30.000 euro" jarri behar du.
  • Salbuespenen atalean hirugarren kasu hau sartu: Obra jakinarazpenaren bidez tramitatutako lizentziak.
  1. 13. Ordenantza fiskalean, argitaratutako isunen taularen ordez, II eranskinekoa jarri (proposamenarekin batera doa).

Diktamena aho batez onartu da, alkateak eta bilkuran diren sei zinegotziek alde bozkatu baitute. Diktamenak, beraz, korporazioa osatzen duten kideen gehiengoaren aldeko botoa jaso du, TOALaren 47.3, i) artikuluak eskatu bezala.

Hartutako erabakia hasierako onarpenarena da eta jendaurrean egongo den hogeita hamar eguneko epean alegaziorik aurkeztu ezean behin betiko onartutzat hartuko da.

10.- 2002 urterako onartutako plantilla organikoren aldaketa, eta administrazio orokorreko teknikari plaza bat sortzeko proposamena.

Barne Batzordeak 2002eko martxoaren 14an eginiko batzarraldian honako hau diktaminatu zuen:

"Diktamena. 2002 urterako onartutako plantilla organikoren aldaketa, eta administrazio orokorreko teknikari plaza bat sortzea."

Udal Batzaren Osoko Bilkurak, 2001eko azaroaren 30ean onartu zituen 2002ko Plantilla Organikoa eta Lanpostuen Zerrenda.

Egun Udalean, batez ere Hirigintza eta Zerbitzu arloan dauden beharrei aurre egiteko, egokia ikusten da Administrazio Orokorreko Teknikari plaza sortzea. Sortu nahi den plazaren ezaugarriak hauek dira:

Eskala: Administrazio Orokorra.

Azpi-eskala: Teknikoa.

Klasea: Goi Mailako Teknikaria.

Barne Batzordeak 2002eko martxoaren 14an eginiko batzarraldian izan zen diktaminatua proposamena, Aitor Sarasola Salaberriak eta Mikel Mitxelena Izak alde botatu zutelarik eta Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Pello Garbizu Azkue abstenitu.

Horiek guztiak horrela Osoko Bilkurari honako erabaki hau hartzea proposatzen diot:

BAT: Udalbatzaren Osoko Bilkurak 2001ko azaroaren 30an 2002 urterako onartutako plantilla organikoa aldatzea, Administrazio Orokorreko Teknikari plaza bat sortuz.

Plazaren ezaugarriak hauek dira:

Izena: Administrazio Orokorreko Teknikaria.

Eskala: Administrazio Orokorra.

Azpi-eskala: Teknikoa.

Klasea: Goi Mailako Teknikaria".

Diktamena aho batez onartu da, alkateak eta bilkuran diren sei zinegotziek alde bozkatu baitute. Diktamenak, beraz, korporazioa osatzen duten kideen gehiengoaren aldeko botoa jaso du, TOALaren 47.3, i) artikuluak eskatu bezala.

11.- Proposamena, behin-betiko onarpena Lezoko Udalaren Erabilera plana (II. plangintza-aldia) dokumentuari.

2002-03-18an Alkateak egindako proposamenak honela dio:

"GAIA: Behin-betiko onarpena Lezoko Udalaren Erabilera Plana (II. plangintza-aldia) dokumentuari.

Lezoko Udalbatzak 2001eko apirilaren 6an egindako Osoko Bilkuran erabaki zuen Lezoko Udalaren Euskararen Erabilera Plana (II. plangintza-aldia) dokumentuari behin?behineko onarpena ematea eta jendaurrean hilabetez jartzea iradokizunak edo alegazioak aurkez zitezen udaletxeko iragarki oholean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuz.

Iragarkia 2001eko uztailaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 130. alean, argitaratu zen eta dokumentua jendaurrean egondako hilabeteko epearen barruan ez da iradokizunik edo alegaziorik jaso Udalean.

Hori guztia kontuan hartuta, Osoko Bilkurari honako ERABAKIA hartzea proposatzen diot:

BAT: Behin-betiko onarpena ematea Lezoko Udalaren Euskararen Erabilera Plana (II. plangintza-aldia) dokumentuari".

Proposamena aho batez onartu da.

12.- Inma Muñoz Martinez zinegotziaren liberazioa eta ordainketa onartzeko proposamena.

2002-03-18an Alkateak egindako proposamenak honela dio:

"Alkatetza honek Udalbatzarrari proposatzen dio, ondorengo akordio hau har dezala Inma Muñoz Martinez zinegotziaren liberazioari eta ordainketari dagokionez:

BAT: Inma Muñoz Martinez zinegotziaren lanegun erdiko liberazioa eta urtean jasoko duen ordainketa gordina onartzea (EUFALEBAKO 15. nibelaren %50) hamalau hilerokotan banaturik.

BI: Ordainketa horiek urtero eguneratuko dira, langileen hitzarmenaren arabera".

Idazkariak ohartarazi du gastua ezin dela onartu espedientean ez dagoelako edozein gastu egin aurretik behar izaten den kontu-hartzailearen txostena udal aurrekontuko diru-izendapenik badagoen argitzeko.

Halere, proposamena onartua izan da aldeko sei botorekin (alkatea eta Batasuneko bost zinegotzi) eta Inma Muñozen abstentzioarekin.

Alkateak argitu du hartutako erabakiak 2002ko apirilaren 1etik izango duela eragina.

13.- Musika kontserbatorioei eta eskolei buruzko Arcepaferen II. Eranskina onartzea.

Barne Batzordeak 2002eko martxoaren 14an eginiko batzarraldian honako hau diktaminatu zuen:

"EUDELek eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuek 2001eko urriaren 29an sinatu zuten Musika Kontserbatorio eta Eskolei buruzko ARCEPAFEren II. eranskina. Eranskin horrek 1998ko maiatzaren 27ko akordioa ¾ Lezoko Udalak 1998ko urriaren 14an onartu zuena¾ aldatzen du.

Akordioak 2001eko irailera du atzera eragina, baldin eta aurrez Udalak onartu egiten badu.

Tomas Garbizu Musika Eskolako irakasleek eta Udal honetako ordezkari sindikalek behin eta berriz eskatu dute hitzarmen hori aplikatzea. Barne Batzordeak 2002eko martxoaren 14an eginiko batzarraldian diktaminatu zuen akordioa, Aitor Sarasola Salaberriak eta Mikel Mitxelena Izak alde botatu zutelarik eta Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Pello Garbizu Azkue abstenitu.

Horiek guztiak horrela Osoko Bilkurari honako erabaki hau hartzea proposatzen diot:

BAT: Onartzea EUDELek eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuek 2001eko urriaren 29an sinatu zuten Musika Kontserbatorio eta Eskolei buruzko ARCEPAFEren II. eranskina.

BI: Hitzarmena Tomas Garbizu Musika Eskolako irakasleei atzera eraginez aplikatzea, hain zuzen ere, 2001eko irailaren 1etik aurrera".

Mikel Mitxelenak dio erabakia eragin ekonomiko txikikoa dela. EUDELi gogoratu behar zaiola musika eskolen atzetik udalak daudela eta hauek finantzazio gehiago behar dutela.

Zentzu berean Imanol Esnaolak dio administrazioak hartu behar duela bere gain hartu beharrekoa, eta ez udalen eta gurasoen bizkar utzi. EUDELek heldu behar dio gaiari eta behar bezala defendatu Eusko Jaurlaritzaren aurrean, haur eskolekin egin duen bezala.

Idazkariak ohartarazi du gastua ezin dela onartu espedientean ez dagoelako edozein gastu egin aurretik behar izaten den kontu-hartzailearen txostena udal aurrekontuko diru-izendapenik badagoen argitzeko.

Diktamena aho batez onartu da, alkateak eta bilkuran diren sei zinegotziek alde bozkatu baitute. Diktamenak, beraz, korporazioa osatzen duten kideen gehiengoaren aldeko botoa jaso du, TOALaren 47.3, i) artikuluak eskatu bezala.

14.- Galde eskeak.

Ez da galde eskerik izan.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:50 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.292.etik 310.306.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna