2015eko urtarrilaren 29an

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2015eko urtarrilaren 29an, osteguna arratsaldeko 19:30ean, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Ainhoa Zabalo Loiarte alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Arruti Salaberria, Angel Portugal Formoso, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Garazi Kuesta Unzain, Naroa Tubilla Ziganda, Luis Garrido Corral (BILDU udal taldea), Kepa Garbizu Azkue, Xubero Ubillos Apaolaza eta Enrique Figueroa Laboa (EAJ- PNV udal taldea).

Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra eta Garazi Kuesta Unzain bilera hasi eta gero etorri dira bilerara. Garazi Kuesta gaizerrendako 1go puntua tratatzen hasi baino lehen baino alkateak urgentziaz gai berri bat tratatzeko egindako proposamena bozkatu ondoren sartu da. Ainhoa Intxaurrandieta gai zerrendako 4. gaia tratatzen hasi aurretik sartu da.

Ez dira bileran egon Miren Tarragona Perez (BILDU udal taldea) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos)

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Gai zerrendarekin hasi aurretik Alkateak urgentziaz gai zerrendan ez dagoen mozio bat sartzeko proposatu dio Udalbatzari. Mozioa BILDU udal taldeak aurkezten du eta Hassana Aaliri asiloa ematearen aldekoarena da.

Urgentziaren bozketa egin ondoren, gai zerrendan ez dauden gaiak eztabaidatzeko Toki Araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen Testu bateratuaren 51. artikuluaren arabera beharrezkoa den gehiengo osoaren aldeko botoak lortu ondoren, udalbatzak onartu du urgentzia, aldeko 8 botoekin (5 BILDU eta 3 EAJ-PNV).

Gai zerrendan dauden 4. eta 5. mozioen ondoren tratatzea erabaki dute.

Garazi Kuesta Unzain zinegotzia bilerara sartu da.

1. Egoki irudituz gero, 2014ko azaroaren 27ko osoko bilkurako akta onartzea.

Akta onartu eta sinatu egin da.

2. Kontu ematea alkateak egindako aurrekontu aldaketenak (2014KO010002).

Alkateak egindako aurrekontua aldaketaren berri eman du 2014KO010002, espedientean jasoa. Hain zuzen, Ahozkotasunaren sustapenari dagokiona.

Udalbatza jakinaren gainean geratu da

3. Kontuhartzailearen txostenak.

Udalak egindako kreditu aldaketa espedientean aurrekontu egonkortasunaren, finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua betetzeari buruzko txostena egin du udal kontu hartzaileak eta haren berri eman dio udalaren osoko bilkurari.

Espedientea ondokoa da: 2014-KALD-0000-18-00 (2014KO010002)

Udalbatza jakinaren gainean geratu da.

Ondoren eta gai zerrendaren 4. puntua tratatzen hasi baino lehen Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra zinegotzia bilerara etorri da.

4. Bildu Udal taldeak aurkeztutako mozioa, Erregistro Zibilen pribatizazioaren ingurukoa (2015ALO50002).

Alkateak irakurri du mozioa. Honela dio:

“Erregistro Zibilak gure bizitzaren gertaera garrantzitsuenak jasotzen ditu. Bertan erregistratzen dira norberaren jaiotza, ezkontza, seme-alabak, eta heriotza. Baita hasierako inskripzioa aldatzea eragiten duten bizi gorabeherak jasotzeko espedienteak ere izapidetzen dira hor: aitatasun edo amatasun aitortzea; adopzioa; ezgaitasun-deklarazioa; tutoretzak; izen, abizen edota sexu aldaketak; nazionalitatea eskuratzea; pentsio publikoak edo aseguruak edo osagai pribatuak edo enpresarenak kobratzen jarraitu ahal izateko gure nagusiek hain beharrezkoa duten bizi-agiria ematea. Horregatik, funtzionario publikoak izan dira Erregistro Zibila eraman dutenak betidanik; izan ere, duela zenbait urte Justizia Ministerioko (edo erkide autonomiko Justizia saileko) funtzionarioek bermatzen dituzte jasotako datuak eta, era berean, legalki dagozkion pertsonari haien eskuratze libre eta doakoa.

Bake epaitegiek herritarrei Justizia administrazioa hurbiltzen diete, alderdi diren edozein prozeduraren inguruko informazio orokorra eskaintzen dietelako, eta honez gain, Erregistro Zibileko izapideak betetzen dituztelako. Horrela, herritarrek ez dute horrelako tramiteak egiteko hiriburuetara joan behar, hainbat herritan bake epaitegia dagoelako.

Azken urteetan, gainera, Herri Administrazioak diru inbertsio handia egin du Erregistro Zibilaren jarduna modernizatzeko: zerbitzu honi dagozkion dokumentuak informatizatu eta digitalizatu eta bertan dauden datu guztietarako sarbide eta erabilpen segurua eta kontrolatua izateko programa martxan jarri du. Zehazki, diru publikotik 128 milioi euro baino gehiago inbertitu dira teknologia berri hauetan.

Alderdi Popularraren gobernuak Erregistro Zibila esku pribatuetan utzi nahi du, horren kudeaketa merkataritza erregistratzaileei emanez, bake epaitegien eta gaurko barruti judizialen existentzia zalantzan jarriz. Horrela jasotzen da Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko Legea aldatzeko aurreproiektuetan, eta uztailaren 4ko 8/2014 Errege Dekretu Legean.

2014ko otsailaren 20an, PNV-EAJ, Euskal Herria Bildu eta Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra alderdien babesarekin, Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamena onartu zuen Erregistro Zibila gaur egun dagoen moduan mantentzeko, hiritarrei zerbitzu publikoa eta dohainikakoa eskaintzeko.

Zehazki, pribatizazioak ekarriko ditu:

1. 3.500 langile publikoen lanpostuen galera. Hauek prestatuak izan dira, eta gaitasuna eta espezializazioaren jabe dira Erregistro Zibil arloan.

2. Bake epaitegiak egungo zereginez hustea lehen neurria da, euren desagertzea bilatuz gerokoan. Norabide horretan, Botere Judizialaren Lege Organikoan eta Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko Legean egindako aldaketek aukera ematen diete, ez soilik bake epaitegiak desagertzeko aukera, baizik eta barruti judizial gehienak ere, epaitegiak hiriburuetan soilik kokatuko dituztelarik.

3. Tasak jarriko dira zerbitzua ematearen truke. Egia da 8/2014 Errege Dekretu Legeak esaten duela zerbitzua doakoa izango dela, baina Merkataritza Erregistratzaileak, lanbidera sartzeko erari eta monopolio gisa duten zereginari dagokienez, funtzionario publikoak izan arren, muga-zergen bitartez kobratzen dute egindako zerbitzua; eta etorkizunean, Erregistro Zibilean egin beharreko izapideak ere horien bitartez kobratuko dituzte, hau da, herritarrei nahitaezkoak zaizkien jaiotze bat erregistratu, familia liburua, heriotza, ziurtagiriak, bizi eta egoera agiriak, etab... Gainera, lege berriak erregistratzaileen ahalmenak handitzen ditu eta inskribatu beharreko kontuak ikaragarri puzten (edozein ahalorde, helbide inskripzioak, pentsio-planak, testamentuak ... ), hauek guztiak, jakina, herritarrek ordaindu beharko dituzte. Horrela, hemendik aurrera Erregistro Zibilak merkatal jarduera izango du, eta egite bakoitzak bere salneurria izango du, eta jasotako dirua gutxiengo pribilegiatu horientzat izango da.

4. Datu babesaren segurtasun falta. Merkataritza Erregistroko langileak ez dira funtzionario publikoak baina herritarron datu pertsonaletarako sarbidea izango dute, nahiz eta funtzionario publikook ditugun isilpeko eta sekretuko betebeharrak ez izan.

5. Azken urteetan Erregistro Zibila modernizatzeko egindako inbertsioa esku pribatuetara pasatuko da, kudeaketaren emate horrek baitakartza baliabide material guztion ematea ere. Baliabide materialak ematea diru publikoa xahutzea da: inbertsioak eginak daudelako, baliabide materialak ordainduak, azpiegiturak eginak eta giza baliabideak kontratatuak, formatuak eta gaituak. Hots, diru publikotik 128 milioi euro oparituko zaie Merkataritza erregistratzaileei euren onerako.

6. Erregistro Zibilean gordetzen diren gure historia pertsonalerako, familiarrerako eta herri gisa dauzkagun datuetarako sarbidea murriztea. Gure arbasoen, haien jatorriaren eta bizimoduaren gaineko informazioa aurki baitaiteke bertan.

Hau guztia dela eta, Lezoko udalaren Osoko Bilkurari eskatzen dizkiogu:

• Merkataritza erregistratzaileei Erregistro Zibilaren kudeaketa ematen dion uztailaren 4ko 8/2014ko Errege Dekretu Legearen aurka ager dadin.

• Halaber, adieraz ditzan bake-epaitegiak eta gaurko Erregistro Zibilaren bulegoak izan behar direla erregistro Zibilak kudeatzen dutenak, herritarrei zerbitzu publikoa eta dohainikakoa eskainiz, orain eta betiko.

• Kontutan izanda aipatutako EDLa indarrean sartuko dela 2015eko uztailaren 15ean eta 2014ko otsailean Eusko Legebiltzarrak onartutako ebazpenarekin bat eginda, udal honek eska diezaion Eusko Jaurlaritzari Erregistro Zibila kudeatzeko eta betearazteko eskumenak jasotzeko negoziazioak azkar ditzan.”

Mozioa, aho batez onartu da aldeko 10 botoekin (7 BILDU udal taldea eta 3 EAJ-PNV udal taldea)

5. EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozioa, “Mate” operazio polizialaren baitan egindako atxiloketen ingurukoa (2015ALO50001).

Kepa Garbizu zinegotziak irakurri du mozioa. Honela dio:

1. Urtarrilaren 12koa bezalako operazio polizial eta judizialek iraganera garamatzate. E.T.A.k indarkeria utzi eta hiru urtetara, ulertezina egiten zaigu salbuespen egoerako jokabideak mantentzea, "dena E.T.A. da" oinarritzat hartuta. Udal honek, berretsi egiten du oso larria dela 04/08 Sumarioa bezalako epaiketekin aurrera egitea. Argi gelditu da Iotu egin nahi izan direla egun berean hastekoa zen epaiketa eta oinarri politikoa daukan goizeko polizia jarduera.

2. Ez ditugu ezagutzen atxilotuei egozten zaizkien akusazioak. Zentzu horretan, exijitzen dugu zalantzarik gabeko froga errealetan oinarritzea salaketak, eta hartutako neurriak zuzenbideak dioenarekin bat etortzea.

3. Euskal gizarteak bizikidetzan oinarritutako etorkizuna eraiki nahi du. Hori lortzeko, ezinbestekoa da urtarrilaren 12koa bezalako gertakariak alboratzea. Izan are, berreskuratu egiten ditu euskaldunok atzean utzita genituela uste genituen pasarteak. Ildo horretan, eskatu egiten diogu Espainiako Gobernuari, egungo legalitatea oinarri hartuta eta salbuespenekoa atzean utzita, eman ditzala aurrerapausoak bizikidetzaren alde.

4. Ekintza-erreakzio dinamika denboran luzatzeak, azken urteotan Euskadin ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzeak, alegia, gizartearen aurreikuspen eta itxaropena zapuztea bakarrik ekarriko du. Euskal gizarteak iragana atzean utzi nahi du behingoz.”

Mozioa aho batez onartu da aldeko 10 botoekin (7 BILDU udal taldea eta 3 EAJ-PNV udal taldea)

Ondoren bilera hasieran gaurko bileran tratatzea onartu den urgentziazko mozioa aztertu da.

6. Hassana Aalia asiloa ematearen aldeko adierazpena

Mikel Arruti zinegotziak irakurri du mozioa. Honela dio:

“Alkateak BILDU udal taldearen izenenean, bere eztabaidarako eta onespenerako hurrengo adierazpena aurkezten dio Lezoko Udalaren Osoko Bilkurari, Hassanna Aaliari babes politikoa ukatzearen inguruan (eta Estatu espainiarra uzteko 15 eguneko epeari buruz).

Hassanna Aalia 1988an El Aaiunen jaio zen, Mendebaldeko Saharan.

2010ean Gdeim Izik kanpamentuko protesta baketsuan parte hartzen du aktiboki. Gertaera honengatik epaitua izan zen eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten.
2011ko urrian ikasketa-beka bati esker Bilbora bidaiatzen du. El Aaiunera itzultzeko bi hilabete falta zirenean bere izena agertzen da Gdeim Izikeko gertaerengatik Auzitegi Militar batek epaituko dituen pertsonen zerrendan; hark Bilbon geratzea erabakitzen du eta gobernu espainiarrari babes politikoa eskatzea, bere herrira itzuliz gero autoritate marokoarrek kartzelatuko luketelako.
2013ko otsailaren 17an Rabateko Auzitegi Militarrak 25 zibil sahararren kontra sententzia ematen du; Hassanna Aaliari biziarteko kartzela-zigorra zigorra ezartzen dio (errebeldian aitortuta).

Hainbat nazioarteko legelari ospetsuek epaiketa erabat deuseztzat jotzen dute: ez zegoen ez lekuko fidagarririk ez probarik, horrela Nazioarteko Zuzenbideari (Genevako Hitzarmena) bizkarra emanez.

Harrezkero estatu espainiarrean zehar dabil, kartzelatutako bere lagunek sufritzen duten babesgabetasun egoera jakinarazten eta erregimen marokoarrak egunero Herri Sahararra menderatze aldera eragiten duen bidegabekeria salatzen.

2015eko urtarrilaren 19an Hassannari bere babes-eskaerari uko egiten zaiola jakinarazten diote eta lurralde espainiarra uzteko 15 eguneko epea ematen diotela.
Guzti hau dela eta, egoeraren larritasunaren aurrean, Bilkura honek honako ERABAKIAK hartu ditu:

1. Hassanna Aaliari sostengua eta elkartasuna adieraztea.
2. Espainian dagokion autoritateari eta Barne Ministroari gai honetan parte hartzea: espainiar estatuaren lurraldea uzteko agindua bertan behera utziz eta Hassanna Aliaren asilo eskaera berriro aztertuz.
3. Marokoko Gobernua Mendebaldeko Saharan eragiten ari den Giza Eskubideen bortxaketa areagotzen ari denean gure kezka azaltzea. Errepresio egoera honi amaiera ematea eta Saharako preso politiko guztiak aske uztea eskatzen dugu.
4. Mendebaldeko Saharan NBEk adostutako Autodeterminazio Erreferenduma ospatzea eskatzea; hau baita konflikto luze hau lurraldearentzat modu iraunkor, baketsu eta egonkorrean konpontzeko era bakarra.
5. Akordio hauek ondoko erakundeetara bidaltzea:
a. Espainiako Errege-etxera.
Palacio de la Zarzuela. Carretera del Pardo s/n. 28071 Madrid

b. Espainiako Gobernu buruari.
La Moncloa. Avda. Puerta de Hierro, s/n. 28071 Madrid

c. Kanpo Harremanetarako Espiniar Ministroari.
Plaza de la Provincia, 1. 28012 Madrid

d. Espainiako Barne Ministroari
Paseo de la Castellana, 5. 28046 – Madrid

e. Nazio Batuen aurreko Espainiako misio iraunkorrari.
245 East 47th Street, 36th Floor. New York, NY 10017

f. ACNURren ordezkaritza Espainian:
Avda. General Perón 32-2º izda. 28020 Madrid

g. Europako Parlamentuko Presidenteai.
Martin Schulz. Rue Wiertz 60. B-1047 Bruselas

h. Europar Kontseiluko Presidenteari.
Donald Tusk. Rue de la Loi 175. B-1048 Bruselas

i. Marokok Espainian duen enbaxadara.
c/ Serrano, 179. 28002 Madrid.

Mozioa aho batez onartu da aldeko 10 botoekin (7 BILDU udal taldea eta 3 EAJ-PNV udal taldea)

7. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Mikel Arrutik dio Altzate Igerilekuko obrak bukatu eta gaur ireki dela berriz: estalki finko berria du, lehen baino isolatuagoa dago orain eta energia gastuak murriztuko direla uste da.

Alkateak dio:

- Berdintasun planarekin aurrera doazela, martxan jartzeko aholkularitza kontratatu da, udal teknikoekin jarraipen bilerak aurreikusi dira eta talde eragilea (alkatea, Gizarte Zerbitzuetako Arduraduna eta berdintasun aholkularitzak osatua) ere hasi da lanean.

- Altamirako errotondan zebrabideak ikusgarriagoak egiteko obrak hasi direla dio.

- Iturrin Industrialdeako argiztapen lanak bukatzear daudela.

-Kimaketa bereziak egingo direla Renfe eta industria poligonoetan.

- 2014an, prozesu partehartzaile baten bidez, hainbat inbertsio egitea erabaki zen. Horietako bat zen PYSBE auzoan lanak egitea. Alkateak lan horiek (irisgarritasuna hobetu, iturria konpondu) aurrera doazela dio.

- Herriko hiru zebrabideetan obrak egin dira irisgarritasuna hobetzeko.

8. Galde-eskeak.

Kepa Garbizu zinegotziak (EAJ-PNV) Mikel Arrutiri eskatu dio 2013.urteko Santakrutzetako gastuen justifikanteen kopia bat. Mikel Arrutik esan dio ezin izan zaizkiola aurretik erakutsi Kontu Epaitegikoak zituelako.

Kepa Garbizuk galdetu du ea nola dagoen Udalak Urzainkiko herrian duen aterpearen ustiaketaren hitzarmena eta haren tarifak, 2014ko maiatzaren 11ko Ogasun Batzordean agindu zitzaiola informazio hori.

Xubero Ubillosek galdetu du zertan den aurreko osoko bilkura baten aztertutako Apaiziartzako afera.

Alkateak erantzun dio egoerak ez duela hobera egin eta auzitegietan salaketa ugari ari direla aurkezten batak eta besteak.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:20ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 1105717tik 1105723ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna