2016ko apirilak 4

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2016ko apirilaren 4, 19:30ean eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Noemi Arberas Osés alkate lanetan denaren lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Alfredo de la Puente Pagola, Xubero Ubillos Apaolaza, Enrique Figueroa Laboa eta Irlentz Ortega Ugalde (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Igor Cordero de la Fuente eta Angel Portugal Formoso (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez da bileran izan Garazi Kuesta Unzain (EH BILDU udal taldea)

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

  1. Zinegotzi kargu hartzea (2016ID280002)

Martxoaren 11an Pedro Maria Garbizu Azkue alkateak idatzia aurkeztu zuen udal erregistroan (681) alkate eta zinegotzi kargua utziko zuela esanez.

Joan den martxoaren 17an egindako Ezohiko Osoko Bilkuran, Udalbatzak Pedro Maria Garbizu Azkuek alkate eta zinegotzi karguari uko egin izanaren berri jaso zuen.

Ondorioz hautagai zerrendako hurrengoa zen Jesus Maria Martiarena Jaca zinegotzi izendatzea proposatu zuen.

Hautesle batzorde zentralaren aurrean tramitatu zen eskaera, hari dagokiolako zinegotzi kredentziala ematea. Kredentziala 2016ko martxoaren 30ean jaso da udalean eta Jesus Maria Martiarena Jacak egin ditu, Udaletxeko Idazkaritzan, legez beharturik dagoen bateraezintasun arrazoiei buruzko eta ondasunen inguruko aitorpenak.

Hori guztia egiaztaturik, eta Jesus Maria Martiarena Jaca bilkura honetara agertu delarik, alkate lanetan dagoen Noemi Arberas Osesek galdetuta Jesus Maria Martiarena Jacak hitz eman du zinegotzi karguaren betebeharrak zintzo beteko dituela.

  1. Alkatearen hautaketa.

Osoko bilkurako lehendakaritza daraman Noemi Arberasek bildutakoei adierazi die ezen, aurreko alkateak, Kepa Garbizu Azkuek, bere zinegotzi eta alkate karguei uko eman ondoren eta haren berri martxoaren 17ko osoko bilkuran izan ondoren, alkatea berria izendatzeko Hauteskunde Erregimen Orokorreko 5/85 Lege Organikoko 196. eta 198. Artikuluetan xedatutakoa jarraitu behar dela.

EAJ-PNVren hautesle zerrendako aurretik zituen zinegotziek alkate izateko hautagaiari uko egin ondoren Jesus Maria Martiarena Jaca da Eusko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco (EAJ-PNV) alkatetzarako hautagaia. Hau da, EAJ-PNVeko Noemi Arberasek, Alfredo de la Puentek, Enrique Figueroak eta Irlentz Ortegak uko egin diote alkatetza hautagaitzari.

EHBildu udal taldearen izenean Ainhoa Zabalok esan du EHBilduk gaurko bileran ez duela alkatetzarako alkategairik aurkeztuko eta ez duela bozketan parte hartuko baldin eta EAJ-PNV taldeak ez duen bere hautagaia aldatzen. EHBildu taldearen iritziz proposatutako hautagaiak ez dator bat legealdi honetan EAJ-PNV udal taldeak eta EHBildu udal taldeak elkarrekin eraman duten elkarlanarekin. Besteen artean elkarlanaren ondorioz osoko bilkurako hamabi zinegotziek babestu duten eta orain hautagaia aurka azaldu den hondakinen bilketaren inguruko akordioa. Horregatik EAJ-PNVri beste hautagai bat aurkeztea eskatzen diote.

Xubero Ubillosek dio EAJ-PNVren hautagaia Jesus Maria Martiarena dela. Hori entzunda Ainhoa Zabalok dio ez zaiola koherentea iruditzen EAJ-PNVren aldetik orain arteko lan ildoaren kontrako hautagaia aurkeztea eta horregatik dio EHBilduk ez duela bozketan parte hartuko.

Jose Angel Sanchezek dio PSEk EAJ-PNVrekin duen akordioaren ondorioz ez duela alkatetzarako hautagaitzarik aurkezteko eta Jesus Maria Martiarena alkate izendatzeko aldeko botoa emango duela.

Hautesleei paper zuri bana banatu zaie eta seinalatu zaie, paper horretan idatzi behar direla alkatetarako bozkatu nahi den hautagiaren izena eta abizenak, eta paperak tolesturik entregatu.

Paper guztiak jaso ondoren botoen zenbaketa egin da, mahaiburuak ozenki irakurriz paper bakoitzean alkatetarako proposatutako zinegotziaren izena eta abizenak, eta hau izan da emaitza:

Jesus Maria Martiarena Jaca 7 boto.

Bozketa horren emaitza ikusirik, eta alkatetzarako hautagaiak gehiengo osoaren aldeko botoa jaso duenez,osoko bilkurak Jesus Maria Martiarena izendatu du alkate.

Jesus Maria Martiarenak kargu onartu du eta beteko duela agindu du.

Mikel Arrutik zoriondu egin du alkate berria, dena den esan dio ez zaiela gustatu nola iritzi den alkatetzara eta nahi du jakin zein izango duen lan modua eta galdetu dio ea zer gertatuko den hondakinen bilketaren inguruko akordioarekin.

Alkate izendatu berriak esaten dio deituko dituela bilera batera.

Mikel Arrutik, aurretik Ainhoa Zabalok egin bezala,dio ez zaiola iruditzen koherentea EAJ-PNVren jarrera. Gipuzkoako Buru Batzarraren eskua ikusten du guzti honetan eta akordioaren aurka hain jarrera kontrakoa izan duena izendatzea salagarria eta tristea iruditzen zaio.

Jose Angel Sanchezek zoriondu eta zorterik onena opa dio alkate berriari

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:45ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 1243206tik 1243208ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna