2016ko irailak 29

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2016ko irailaren 29an, osteguna, 19:30etan eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arberas Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa, Irlentz Ortega Ugalde eta Miguel Angel Sanchez Antunez (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Igor Cordero de la Fuente eta Asier Irastorza Alustiza (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Angel Portugal Formoso (EHBILDU udal taldea) hasi ondoren bertaratu da.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Gai zerrendan ez dagoen gai bat aztertu eta bozkatu nahi du alkateak gaurko bileran: Lezoko Irisgarritasun planaren irisgarritasun bertikalaren eranskina onartzearena. Gai zerrendan orain sartzeko urgentziaren arrazoia eman du alkateak: irisgarritasuna hobetzeko lanak egiteko Eusko Jaurlaritzak deitutako dirulaguntza deialdian eskaerak egiteko oso denbora gutxi dagoela eta bertan parte hartzeko irisgarritasun planaren eranskin hau onartua egon behar duela.

Alkateak proposatutako gaia urgentziaz gaurko ohiko osoko bilkura honetan eztabaidatzea ahobatez onartu du udalbatzak.

  1. Egoki irudituz gero 2016ko uztailaren 28ko ohiko eta abuztuaren 29ko ezohiko osoko bilkuretako aktak onartzea

Aktak ahobatez onartu dira inolako zuzenketarik gabe.

  1. Lezoko Irisgarritasun planaren Eranskina. Irisgarritasun bertikala

Miguel Angel Sanchezek proposamena irakurtzen du. Honela dio proposamenak:

GUABIAN enpresak, Lezoko Udalak esleitu ondoren Lezoko Irisgarritasun bertikalaren plana idatzi du.

Plan hau egun indarrean dagoen irisgarritasun planaren eranskin bat da eta bere xedea, indarrean dagoen plangintzan aurreikusten ez den irisgarritasun bertikala lantzea eta berau bermatzeko derrigorrezkoan diren ekintzak proposatzea da.

Batik bat kanpo aldeko igogailuak jartzea proposatzen du eta hauen kokapena zein gutxi gora beherako kostua ere aurreikusten du.

Hori dela eta Udalaren osoko bilkurak ondorendo ERABAKIA hartu du:

BAT: Arestian aipatu Lezoko Irisgarritasun bertikalaren plana onartzea.”

Ainhoa Zabalok eta Mikel Arrutik galdetu dute zein inbertsioetarako eta zenbateko dirulaguntza eskatuko zaion Eusko Jaurlaritzari. Mikel Arruti kexatu da osoko bilkurari aurkeztu zaion dokumentuak, planak, ez dituelako betetzen Lezoko udaleko hizkuntza irizpideak gaztelera hutsean idatzita dagoelako.

Miguel Angel Sanchezek dio kiroldegitik igerilekuetarako igogailuarentzat eskatuko dela dirulaguntza. Dirulaguntza gehienez proiektuaren %50a izango dela eta inoiz ez 300.000 euro baino gehiagokoa.

Jose Angel Sanchezek dio beharrezkoa dela irisgarritasun bertikaleko plana, 2016ko aurrekontuetarako adostutako asmoetako bat zela hau. Eskatu du gaia gaur urgentziaz tratatu denez hurrengo batzorde berriemailean azalpen sakonago bat ematea.

Ainhoa Zabalok dio EH Bildu udal taldeko zinegotziak abstenitu egingo direla, 6.000 biztanleko herri baten udalak kudeaketa arduratsuagoa egin behar duela eta ez alderdien barne arazoengatik ezinean ibiltzea alkatetzan. Horren adibide, dio, honelako erabaki garrantzitsu bat urgentziaz aurkeztea bilkuran bertan.

Bozkatu eta onartu egin da aldeko 7 botoekin ( 6 EAJ-PNV udal taldea eta 1 Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos) eta 6 abstentziorekin (EHBILDU udal taldekoak).

  1. Lezoko Bake Epaile titularra eta ordezkoa izendatzeko diktamena (2016PE090002)

Idazkariak diktamena irakurtzen du. Honela dio:

Udalbatzak 2016/05/26an egindako bilkuran, Lezoko Bake Epaile titularra eta ordezkoa aukeratzeko prozedurari hasiera emateko erabakia hartu zuen, eta hautagaiek bete behar zituzten baldintza nagusiak zehaztu ere.

Deialdia, GAOn argitaratu da 2016/07/14an eta herrian zehar zabaldu da bando baten bidez

Izena emateko epea amaiturik, ezarritako baldintzak betetzen dituzten 10 eskaera jaso dira.

Hautagaien artean, Eneritz Arruti Osanbela dago, egun eta 2015eko ekainaren 22a ezkero Bake Epaile gisa lanean ari dena eta ez da dago inongo eragozpenik kargua betetzen jarraitu ahal izateko.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2016-19-22an egindako bileran, aho batez behean heldu dena diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Lezoko Bake epaile titular bezala Eneritz Arruti Osanbela izendatzea, eta ordezko gisa Maider Lasaga Telletxea.

BI: Erabaki honen berri EAEko Auzitegi Nagusiari ematea.

Diktamena bozkatu eta ahobatez onartu da.

  1. Etxetxo elkarteak aurkeztutako mozioa: Behartutako lanean aritutako frankismoaren esklaboei aitortza egitearen ingurukoa (2016ALO50013).

Jendartetik Etxetxo elkarteko Jose Luis Agirretxek mozioa azaldu eta udalari eskatu dio haren aldeko aitortza egitea, kultur ondarearen babesean aurrera egitea eta urrian egingo diren ekimenak diruz laguntzea. Honela dio hitzez hitz aurkeztutako mozioak:

Etxetxo, Lezoko memoria historikoaren elkartea 2016ko uztailean sortu zen herriko memoria historikoa lantzen, berreskuratzen eta ezagutarazten laguntzeko talde eragile gisa. Taldeko kideek ibilbide luzea dute lehendik ere memoria historikoaren inguruko lanak argitaratu dituztelako edota horien inguruko lanketak eta ekitaldiak egin eta antolatu dituztelako. Lehenengoz elkarte eratu gisa hasi da taldea Etxetxo izenarekin.

Azken urte eta erdian frankismoaren esklaboen arrastoen peskizan dabil taldea. Zehatzago esateko, gure herrian behartutako lanean aritu ziren frankismoaren esklaboen berri gehiago jakin nahian. Zoritxarrez, gure herriko artxibo edo altxarian ez dago behartutako lanean aritu ziren gizon haien zerrendarik, ez bestelako berririk ere, hiru heriotza-agiri baino ez. Beraz, 1939-1946ko epe horretan gure herrian bi lan erraldoi egiten aritu zirenen berri lekukoen lekukotzei esker dakigu. Bestelako lanetan (hizkera jasotzen, historiako pasarteak ezagutzen, edota aldizkarietarako elkarrizketak egiten) ari ginelarik edo zirelarik, zeharka ezagutu ditugu “trabajadoreek”, hala esaten zien herriak, pairatutako sufrikarioen berri. Lekukoen esanen bidez genekien Jaizkibelgo errepidea eta “Vallespin” lerro gotorra eraikitzen aritu zirela, eta ehunka izan zirela, 900dik gora, urte horietan herriko kanpaleku edo destakamendu militarretatik, baserri bahituetatik edota herriko hainbat etxabeetatik pasatako zigortuak. Gerran preso hartutako edota soldadutza urte haietan egitea tokatu zitzaien “errejimenari atxikimendurik ez zioten” pertsonak ziren; frankismoaren esklaboak, edota herriak esaten zien bezala, “Trabajadoriak”.

Arestian aipatu dugun moduan, Lezon, egun GI-3440 izenaz ezagutzen dugun errepidearen Errotetatik Guadalupeko santutegira bitarteko zatia eraikitzen aritu ziren aipatu trabajadore gehienak, eta beste gainerakoak frankismoak Espainiaren eta Frantziaren arteko mugatzat zuen eremu zabala gotortzeko lerroa “Vallespin” eraikitzen.

Altxamendu faxistaren 80. Urteurrena dela probestuz, segidako ekimen-sorta honen bidez, frankismoaren biktima haiek omendu nahi ditu Etxetxo elkarteak, modu xumean bada ere.

Urriaren 3tik 5era

  • Frankismoaren esklaboei buruzko erakusketa izango da ikusgai Udalaren Kultura eta Euskara Sailaren aretoan

Urriak 6, osteguna:

  • Arratsaldeko 19:00etan, “Trabajadoriak; frankismoaren gatibuak Oarsoaldean” dokumentalaren ikustaldia, eta ondotik mahai-ingurua Gezala aretoan. Mahai-inguruan Fernando Mendiolak, “Esclavos del franquismo” liburuaren egileak eta Oiartzungo Kattin txiki taldeko Mikel Mendizabalek hartuko dute parte, bi lekuko zuzenekin batera: Mikel Salaberria eta Xeberiano Sistiaga.

Urriak 9, igandea:

  • Goizeko 10:00etan herrian egondako trabajadoreen ibilbidea egingo dugu haien aztarnei jarraituz.

  • 10:45ean, Iparragirreko barrakoien aztarnak ikusiko ditugu eta bertan azalpenak emango ditugu. Ondotik, oinez Errotetarantz joango gara, hango barrakoien aztarnak ikustera.

  • Eguerdiko 12:00etan trabajadoreei eskainitako oroitarria inauguratuko dugu Errotetako barrakoietan eta omenaldia egingo zaie haiei eta haien familiakoei.

  • Eguerdiko 13:00etan Andreone aldean bilduko gara denak handik herriko plazara arteko bidea egiteko.

  • 13:45ean, herriko plazan omenaldi ekitaldiei amaiera emango zaie herri otordutxo batekin, dantzarien eta musikaren laguntzaz (Sutargi abesbatza, Tionteron dantza taldea, txalaparta…). Eguraldi txarra egingo balu, ekitaldi hau Karlos Saldise plazan egingo genuke.

Lezoko Unibertsitateko Udalbatzari osoko bilkuran honoko puntuak onar ditzan eskatzen diogu:

  • Behartutako lanaz, Jaizkibelgo errepidea eta Gaintxurizketa aldeko “Vallespin” lerro gotorra eraikitzen aritu ziren gizon haiek pairatutako sufrimendua aitortzea.

  • Francisco Franco General faxistaren aginduz gizon haiei ezarritako bidegabeko zigorra eta eragindako min nahiz kaltea deitoratzea.

  • Frankismoaren esklaboei omen egiteko Etxetxo elkarteak urrian egingo dituen ekimenak bere egitea, haietako bakoitza antolatzen eta ezagutzera ematen laguntzea eta finantzatzea. Horretarako premiazko diru partida bat bidera dadin onartzea Hartara, ekimenari izaera ofiziala emango die.

  • Etorkizunean gauza litezkeen memoria historikoaren berreskurapenerako ekimenei babes osoa ematea.

  • Udalerriaren barrutian dauden 36ko gerraren aztarnak (barrakoiak, bunkerrak, ametralladora-habiak, galeriak eta abar) babesteko ekimenak bideratzeko aukerak aztertzea.”

Mozioa bozkatu eta aho batez onartu da.

Miguel Angel Sanchezek eta Jose Angel Sanchezek mozioa aurkezleei egiten ari diren bolondres lana eskertu diete.

  1. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Zinegotzi delegatuek eta udalaren ordezkariek beraien arloaren berri eman dute:

5.1.- Jose Angel Sanchezek dio oraindik erantzuteko duela Oarsoaldeako Enplegu Planaren inguruan EHBildutik egindako galdera. Bera denez udalak Oarsoaldean duen ordezkaria berari dagokiola informazio hori ematea. Ainhoa Zabalo kezkatuta azaldu da legealdiko urte terdi honetan ez delako udalak dituen gai ugarien inguruko informazio eman eta ardura hori alkatearena dela dio.

5.2.- Miguel Angel Sanchezek dio lorategi eta kalegarbiketa zerbitzuak kontratatzeko baldintza agiriak idazten ari direla. Horrekin batera esan du zabor bilketa sistema aldatuko dela. Azken informazio horren inguruan bai Mikel Arrutik bai Ainhoa Intxaurrandietak galdetu diote ez ahal duen udaleko hondakinen mahaia bildu behar, udara aurretik izandako bileren ondorengoren berri ez dutelako izan. Miguel Angel Sanchezek dio ez dela mahairik bilduko eta erabakia hartua dagoela, bilketa sistema aldatu egingo da.

Ainhoa Intxaurrandietak eskatu du aktan jasotzea EAJ alderdiaren ordezkariekin EHBilduko bai berak eta bai Mikel Arrutik izan dituzten bileren aipamena. Bilera horietako aktarik ez da eta Ainhoa Intxaurrandietak esan duenez bilera horietan EHBilduk gaia negoziatu eta akordioetara iristeko prestutasuna azaldu izan du, beti ere sailkako bilketan gaur egungo bilketa moduak duen emaitzetara iristekotan, hau da, hondakinen %80 sailkatuta biltzera iristen bada. Gaia herri eragile guztiekin adosteko proposamena egin zietela EAJri, eta badirudi, hori egin gabe, alde bakartasunez, EAJk bilketa modua aldatzeko erabakia hartu duela.

Miguel Angel Sanchezek dio herritar askok nahi dutela bilketa sistema aldatu eta nahiz eta EAJk nahiago izan denok elkarrekin erabakitzea, ezin dutela helburua portzentajeetara baldintzatu. Bere ustez jendeak sailkatzeko ohitura hartu du eta ondo egingo du beste bilketa eredu batekin.

Eztabaida luzatu egiten da. Ainhoa Intxaurrandietak gogoratu die EAJ zinegotzi batzuei nola prentsan EHBilduko zinegotziekin batera bilketa mixtoaren alde azaldu ziren. Eta alkate berriarekin, orduko akordioa desehustu, eta paso egiten dutela leporatu die. Jose Angel Sanchezei ere galdetu dio ea prentsan galdeketaren alde esandako hitzak mantentzen dituen.

Jose Angel Sanchezek dio PSE bostgarren edukiontziaren alde azaldu dela beti. Esan du ez zitzaiola batere gustatu legealdi honetan, aurreko alkatearekin EAJ eta EHBilduk sistema mixtoaren lortutako akordio-argazki aurretik inongo azalpenik jaso ez izana. Gaur egun, adostasun faltan, galdeketarena iruditzen zaio irtenbide aproposena. Ez dago Pasaiak egindako aldaketarekin ados, bilketa sistemak gaurko sailkatze emaitzak lortu beharko lituzke eta horretarako beharrezko diren kontrol neurriak hartu, adibidez, frakzioen bilketaren maiztasunarekin jokatuz.

5.3.- Beste gai batekin jarraituz, Alfredo de la Puentek dio datorren astean bilduko dela Musika Eskolako zuzendariarekin kurtsoko lehen eskola kontseilua prestatzeko.

5.4.- Noemi Arberasek dio bai herri mailan bai eskualde mailan berdintasunaren inguruko protokolo bat prestatzen ari direla Sortzen enpresaren aholkularitzarekin eta Ertzantza eta Osakidetzaren parte hartzearekin.

5.5.- Irlentz Ortegak dio kiroldegian eta igerilekuan konponketa txiki batzuk egingo direla. Horietarako eta beste batzuetarako Aldundiako 2017-2010 dirulaguntza deialdiari eskaerak aurkeztu direla dio, skate parkea egiteko eta kirol instalazioak igerilekuetara eramateko eta igerileku txikia egokitzeko.

  1. Galde-eskeak.

Zinegotzi ezberdinek galderak egin dituzte:

6.1.- Mikel Arrutik galdetu du ea udalaren komunikazio aholkularitza eramaten duen enpresa aldatu den eta hala balitz zergatik eta nola aldatu den.

Alkateak dio aurreko kontratua ezin zela luzatu eta urte bukaerarteko kontratua egin dela Axoma Komunikazioak enpresarekin. Gero bi urtetarako lehiaketa egingo dela dio.

6.2.- Ainhoa Zabalok uztailaren 28ko osoko bilkuran egindako galderak gogoratu ditu: ea udal aurrekontuetan partehartze prozesuetarako jarritako 10.000 €tako partida eta Gaintxurizketa inguruan 100.000 €tako inbertsioa nola erabaki edo zein izango den pentsatu duten. Alkateak eta Miguel Angel Sanchezek erantzuten dute ez dagoela partehartze prozesurik aurreikusita eta Gaintxurizketaren inbertsioetarako Zatikako Lurralde Planaren zain daudela.

6.3.- Ainhoa Zabalok galdetu du zertan den herri argiteria berritzeko plangintza. Eta zer ondorio atera dituzten egiten ari ziren azterketatik. Miguel Angel Sanchezek dio plangintza bukatzen ari direla,

6.4.- Mikel Arrutik galdetu du ospatu berri diren Santakrutz festen ze balorazio egiten duen gobernu taldeak. Alkateak esan du ondo joan direla azpimarratzeko gorabehera handirik gabe. Enrique Figueroa kexatu da herrian zehar jarri diren pankarta ugariengatik.

Mikel Arrutik dio festa programa barruko Arrantzaleen eguneko inguruko pankarta jarri izan dela azken urteetan udaletxean eta aurten horrela egiteko eskaera aurkeztu zela udalean uztaila hasieran. Udalaren erantzunik ez zen jaso festak hasteko bi egun falta zirenen arte, prentsa bidez udalean jarriko zen berdintasunaren inguruko pankartaren aipamena zela eta arrantzaleen eguneko antolaketakoak udalean egindako galdeketen ondoren. Eskaerak eta elkarteak zaintzea eskatu du Mikel Arrutik.

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 21:05ean eman dio bukaera bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1243295etik 1243299ra eta1243420 zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta sendespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna