Urriaren 1ean, larunbata, Aiton Borda zaharren egoitza inauguratu zen bertan egin diren hobekuntza lanen ostean. Besteak beste, kanpoko fatxada, isolamendu termiko eta akustikoa, instalazio elektrikoa, iturgintza, saneamendua eta argiztapena hobetu dira eta erabilera anitzeko gela handiagoa ere sortu da. Egokitzapen lanek helburu izan dute erabiltzaileen ongizate, erosotasun eta irisgarritasuna hobetu eta bermatzea.
Duela urte batzuk, Aiton Borda elkarteko taberna gunea eraberritu zen, baina ez zen Lezoko erretiratuek erabiltzen duten eremua berritu. Hori dela eta, udal gobernuak beharrezkotzat jo zuen elkartea guztiz eraberritzea, erabiltzaileen ongizate, erosotasun eta irisgarritasuna hobetu eta bermatzeko. Horretarako, instalakuntzak hobetu eta gune berriak sortu dira, zabalagoak eta irisgarriagoak; kontutan hartzeko baita Aiton Borda elkarteak erabiltzen duen lokala antzina anbulatorioa izan zela, eta orduz geroztik, ez dela egokitzapen lanik egin erabilera berrietara eta behar berrietara egokitzeko.
Egokitzapen lanen ondotik, elkartearen bi espazioak guztiz eraberritu dira. Beheko espazioak distribuzio berria du, zabalagoa, irekiagoa eta argitsuagoa. Erabilera anitzeko gela diafano eta handiagoa eraiki da, irisgarritasun baldintzak betetzen dituen komun handiagoa eraiki da eta bi bulego sortu dira, bata masajista eta podologoarentzat, eta bestea, Aiton Borda elkarteko zuzendaritzarentzat.
Goiko espazioari dagokionean, zorua guztiz eraberritu da, eta oro har, kanpoko fatxada, isolamendu termiko eta akustikoa, instalazio elektrikoa, iturgintza, saneamendua eta argiztapena erabat berritu dira. Isolamendu termikoa hobetzeko, isolamendua jartzeaz gain, leihoak ere aldatu dira, erabiltzaileek neguan hotzik ez pasatzeko eta energia aurrezteko. Berogailuei dagokionean, isolamendu mailari erreparatuta, kontsumoa nabarmen jaitsiko delako.
Isolamendu akustikoari esker, bizilagunei inolako eragozpenik sortu gabe burutu ahal izango dituzte beren jarduerak Aiton Bordako kideek, eta horrek mesede egingo dio erabiltzaile eta bizilagunen arteko elkarbizitzari.
Azkenik, antolaketa berriarekin, bi espazioak, goikoa eta beheko, bata bestearengandik banatzeko aukera sortu da bien arten ate labainkorra jarriz. Horrela, erabilera ezberdinak une berean burutzeko aukera izango da aurreratzean.