Eraikuntza enpresa batek legez kanpoko betelana egin zuen, eta Udalak zonaldea berreskuratzeko lanak egitera behartu du
Garagorrienea lur-eremua berreskuratzeko lanak hasi dira. Legez kanpoko betelana egin zuen enpresak botatako materialak atera beharko ditu baimendutako zabortegi batetara eramateko. Hain zuzen, 2.000 m3 atera beharko ditu, harria eta lurra. Materialaren parte bat eremuan bertan uztea adostu du Udalarekin, eta bukaerako erliebea egokitzeko erabiliko da.
Lur mugimendu horiek amaituta, landaketak egin beharko ditu zonaldean eraikuntza enpresak. Guztira, 258 zuhaitz eta zuhaizka landatuko dira eta eremu guztian belar hazia botako da. Espezie hauek landatuko dira: haritza, lizarra, ametza, gaztainondoa, urkia, astigarra, gorostia, zumalakarra, hurritza, zumea.
Gainera, berreskuratzeak zonaldean dauden landare inbaditzaileak kentzera behartzen du enpresa. Lanak amaitu ondoren, hurrengo bost urteetan jarraipena egingo da landare mota horiek kontrolatzeko.
Berreskurapen proiektuak 216.000 €ko kostua dute. Horretaz gain, enpresak 45.000 €ko fidantza jarri beharko du lanak ongi egiten direla ziurtatzeko.
Gertaera, kronologikoki
2007ko martxoa. Eusko Jaurlaritzak betelana egiteko baimen baldintzatua eman zion enpresari. Betelana hasi baino lehen azpiegitura batzuk egin behar zituen, eta horretarako Lezoko Udalaren baimena behar zuen.
2008ko otsaila. Behemendi Landa Garaperako elkarteak txostena bidaltzen dio Lezoko Udalari. Bertan, betelana beharrezko baimenik gabe egiten hasi direla salatzen da. Gainera, botatzen diren materialak –eraikuntza materialak– debekatuta daude.
2008ko martxoa. Udalak enpresari betelana gelditzeko agindua ematen dio, eta ordura arte eremuan botatako materiala jasotzeko eta lursaila bere jatorrizko egoeran uzteko agintzen dio.
2008ko iraila. Udalak betelana baimentzeko beharrezko lizentzia ukatzea adosten du.
2009 eta 2010. Udaletxean Behemendiren salaketa gehiago jasotzen dira, betelana martxan dagoela eta ez dela Udalaren agindua bete. Udalak hainbat bilera egiten ditu enpresarekin, egoera zein den azalduz eta Udalaren nahia eremua berreskuratzea dela esanez.
2011ko otsaila. Udalaren agindua betetzen ez dutenez, Udalak 9.700 eurotako isuna jartzen dio enpresari, eta berriz ere agintzen zaio eremua leheneratu behar duela.
2011ko abuztua. Aurkezten dute eremua leheneratzeko proiektua, baina Udala ez dago ados bertan planteatzen denarekin, eremuan berreskuratzeko beste betelan bat egitea proposatzen dutelako.
2013ko ekaina.Hainbat bilera eta proiektuaren bertsio desberdinen aurkeztu ondoren, enpresak aurkeztutako berreskuratze proiektua gauzatzeko baimena ematen du Udalak.
2014 otsaila. Berreskuratze lanak hasten dira.