Hiru eta hamar urte arteko 153 haur matrikulatu dira
Datorren astelehenean hasiko da Udan Jostatzera 2013 programa, Lezoko Udalak antolatzen dituen uztaileko udalekuak. Hilabete osoan zehar luzatuko da programa, eta izena eman duten 153 haurrek egitarau oparoarekin gozatzeko aukera izango dute goizero-goizero, 9:30etatik 13:30etara.
Matrikulatu diren haurrak hiru multzotan banatu dituzte: txikien multzoa –2008an, 2009an eta 2010ean jaiotakoak–, ertainena –2006an eta 2007an jaiotakoak– eta handiena -2003an, 2004an eta 2005ean jaiotakoak–. Txikienen eta ertainen kasuan bosna talde izango dira, eta handienak 4 multzotan banatu dituzte.
Egunero izango dute zerekin gozatu, baina zenbait ekintza nabarmentzekotan, igerilekuetara irteerak –txikiak asteartero joango dira, ertainak asteazkenero eta helduak ostegunero– eta ostiraletako txangoak nabarmendu behar dira: besteak beste, Errenteria, Jaizkibel edo Iturraran parkea bisitatuko dituzte. Uztailaren 30ean, berriz, azken egunean, jaialdi berezia ospatuko dute.
Berrikuntzen atalean, komunikazioa indartzeko saiakera aipagarria da. Udaleko webgunean txeratu den micrositean udalekuen informazio eguneratua izango da. Bertan, programazioa, argazkiak edota iradokizunak iragarriko dira.
Amaitzeko, antolatzaileek gurasoei gogorarazi nahi diete haurrak puntual jaso behar direla, 13:30ean Herri Eskolako irteera gunean.