Oarsoaldeko Euskara Batzordeak abiatu duen ekimenarekin bat egin dute 51 establezimenduk
Oarsoaldeko lau udalek, Euskara Batzordearen bitartez, 17 urte daramatzate Merkataritzan eta Ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean. Orain lau urtetik hona, urtero Oarsoaldeko Euskara Batzordeak merkataritza sektore edo gremio bat hautatu ohi du eta harekin ahalegin berezia egiten dute merkataritzan euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko helburuarekin. 2014an fruta eta barazki dendekin ari dira lanean eta 4 ekimen prestatu dituzte sektoreari begira:
- Batetik, barazki eta fruta salduenen panelak euskarazbanatuko dizkiete fruta eta barazki dendei, establezimenduko horman jartzeko. Panel hauek produktuaren irudia eta euskarazko izena daramate bezeroek ikas ditzaten eta euskarazko izenak ezagutzera emateko helburuarekin.
- Panelez gain, fruta eta barazki dendetako produktuen hiztegitxoa eta salneurria jartzeko euskarazko txarteltxoak ere banatuko zaizkie jabeei. Aipatutako euskarriak eskuratu nahi dituzten dendek beraien herriko euskara zerbitzura jo beharko dute.
- Bestetik, udazkenean, sasoian sasoiko barazki eta frutekin egindako errezeten lehiaketa egingo dute. Herri bakoitzeko hiru errezetarik onenek saria izango dute eta saridunek 50€ko erosketa txartela eskuratuko dute, errezeta entregatu zuten establezimenduan erabiltzeko.
- Azkenik abenduan, 2015eko egutegia argitaratuko dute sarituta gertatu diren errezetekin eta hauen irudiekin, parte hartu duten establezimenduetan bezeroen eskura jartzeko.
Hizkuntza paisaiaren garrantzia
Agerraldian lau udalerritako ordezkari politikoak eta merkatari elkarte desberdinetako ordezkariak izan dira: Irati Etxebeste -Oiartzungo Zinegotzia-, Migel Mari Torrea -Pasaiako Zinegotzia-, Irune Balentziaga -Errenteriako Zinegotzia-, Mikel Arruti -Lezoko Zinegotzia-, Imanol Iparragirre -Errenkoalderen ordezkaria- eta Oskar Zapirain -Iturriren ordezkaria-.
Ainhoa Zabalok, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak adierazi duenez, oraingoz eskualdeko 51 establezimenduk agertu dute ekimenean parte hartzeko asmoa. “Establezimendu batera sartzen garenean ikusten den aurreneko gauza produktuari buruzko informazioa da. Hori dela eta, hizkuntza paisaia (errotulua, jendaurreko idatziak, oharrak, establezimenduko elementuak…) euskaraz egotea oso garrantzitsua da, horrek berak bezero euskaldunek euskara erabiltzea erraztuko baitu”.
Oskar Zapirainek, Iturri merkataritza elkarteko ordezkariak agerraldian argi azpimarratu zuen hizkuntza paisaiaren garrantzia, izan ere, “gure bezeroei zerbitzua euskaraz ematea kalitatearen ezaugarri da, bezeroak mimatu egin behar ditugu, gustuko izan behar dute gure establezimendua, eta horretarako, tratu pertsonalizatua ematea da komertzio txikiaren erronka”. Imanol Iparragirre, Errenkoalde merkataritza elkarteko ordezkaria bat dator Oskarrekin; “establezimenduentzat aukera paregabea da beraien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta parte-hartzera animatu nahi ditugu”.
Honen guztiaren berri badute fruta eta barazki dendetako jabeek, euskara zerbitzuak haiekin elkarlanean ari baitira. Hala ere, egitasmoaren berri oraindik ez duen establezimenduren bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du.
Azkeneko urte hauetan zehar, ekintza desberdinen bitartez, besteak beste, doako aholkularitza zerbitzua, establezimenduetan euskararen presentzia handitzen ari dira.